Yorgen Acostak begirada errepidean iltzatua du, eta burua zenbakiz betea. Convencion herritik Tarrara (80 kilometro) dagoen komunitateko bidesariaren presidentea da, eta ardura horretan pasatzen du denbora handiena. Berandu ailegatu da San Pablo Nekazarien Etxera, beste mugimendu batzuetako buruekin duen batzarrera. Gaur hogeibat atzerritar ditu zain, bakea egiaztatzeko misio bat dela medio. Euren presentzia baliatu nahian, zutitu egin da, eta harrotasunez aurkeztu du auzolanaren bitartez egindako bidesarien sistema.
Sistema indarrean dago Catatumbon 2011tik, hotz bolada batek eskualdea 25 egunez bakartuta utzi zuenetik. Errepideak kolapsatuta, elikagaiak garraiatu ezinik eta medikuak sartzeko aukerarik gabe, batzarrean bildu eta bidesarien ideia asmatu zuten bizilagunek. Auzolanaren bitartez dirua jasotzeko sistema da, komunitatean onarpen zabala duena, baina armadak zein estatuak errezeloz begiratzen diote.
Zer dira bidesari komunitarioak?
Estatuaren utzikeriari aurre egiteko sortu dugun sistema da, dirua biltzeko eta birbanatzeko. Ordainlekuak gune estrategikoetan kokatu ditugu, eta, biltzen dugun diruarekin, errepideak eta euste hormak eraikitzen ditugu, zubiak konpondu eta estolda sistema berria sortu. Salneurri ezberdinak ditugu, eta ordaintzeko aukerarik ez duenak ez du ordaintzen.
Lan handia eskatzen du horrek
Bai, eta, lanak kostu bat duenez, ordaintzeko apustua egin dugu. Hiru kontulari kontratatu ditugu, hirurak emakumeak, eta makinetako gidari operadore bat. Obrak egiten ditugunean, langile gehiago kontratatzen ditugu. Diruaren erdia soldatetan inbertitzen dugu [500 euro hilero], eta beste erdia makinerian. Bi hilabetean behin, balantzea aurkezten dugu batzarrean. Gure bizi baldintzak hobetu ditugu. Lehen zortzi ordutan egiten zen bidea orain bi ordu eta erdian egiten da.
Zuek egiten duzuen lana estatuak egin beharko luke. Zergatik ahaztu dute Catatumbo?
Gatazka armatuak biziki zigortu du eskualdea: gerrilla, paramilitarrak, narkoak... Gainera, Venezuelako mugatik gertu gaude. Gizartea txirotzearekin batera, gutaz ahaztea izan da zigortzeko erabili duten estrategia. Gobernuak ez du nahi komunitateak euren iraunkortasunaren burujabetza izatea, eta, horregatik, ez dute gure ekinbidea gustuko. Gerrillariak garela diote, eta bidesariak ELN finantzatzeko erabiltzen ditugula leporatzen digute.
Hala al da?
Ez, inolaz ere. Guk ez dugu inongo harremanik matxinatuekin. Komunitatearentzat lan egiten dugu soilik.
Bake akordioak aurreikusten zuen, esaterako, inbertsioak eta hobekuntzak egitea zigortuak izan diren hainbat eskualdetan. Zertan gelditu da asmoa?
Bakea multinazionalek lurra hartzeko aitzakia besterik ez da. Zentral hidroelektriko bat eraiki eta gure herria urez estali nahi dute, gu kanporatuz. Lau erreiko errepidea egingo dute, ikatza eta mineral preziatuak bertatik ateratzeko. Guretzat ordainezinak diren bidesariak ezarriko dituzte, gainera. Daukagun bidea hobetu behar dugu, juka eta babarrunak garraiatzeko.
Legez kanpoko talde armatuak daudenez, Catatumbo guztia militarizatu dute. Beldurtuta bizitzera behartzen gaituzte. Armadak bidesariak apurtzen ditu eta mehatxatu egiten gaitu. Jendea desagerrarazten dute, eta esaten digute kontu garbitzeak edo gona kontuak direla. Argi daukagu oztopo bat garelako erailtzen gaituztela.
Hauteskunde garaia da. Aldaketarik espero duzue?
Bai. Alderdi alternatiboek bat egin dute. Ezingo dituzte bidesariak legeztatu, baina haiek aitortzea eta blindatzea espero dugu. Estatuak ez baditu bidesariak onartzen, guk ez dugu estatua aintzatetsiko.
Yorgen Acosta. Catatumboko komunitateko bidesarien presidentea
«Bakea multinazionalek lurra hartzeko aitzakia da»
Herritarrek beraiek sortu dituzte aberastasuna eta azpiegiturak, Kolonbiako Gobernuaren utzikeriari aurre egiteko. Talde armatu guztiei aurre egin behar izaten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu