Bakea, herriaren bitartez

Kolonbiako gobernuaren eta ELNren arteko bake elkarrizketetan adostutakoa «indar sozialaren bidez» beteko dela pentsatzen du Lurrik Gabekoen Mugimenduko kide batek

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea  (ezkerrean)  eta Pablo Beltran ELNko Elkarrizketen Delegazioko buru (eskuinean) elkarri eskua ematen
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea —ezkerrean— eta Pablo Beltran ELNko Elkarrizketen Delegazioko burua —eskuinean—, elkarri eskua ematen. MAURICIO DUENAS CASTANEDA / EFE
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

2022ko abuztuan hartu zuen Gustavo Petrok Kolonbiako Gobernuaren presidente kargua, hauteskundeak irabazi eta gero. Orduan adierazi zuenez, bere plan nagusia Kolonbian «erabateko bakea» lortzea zen, eta, horretarako, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin, EMC Estatu Nagusi Zentralarekin —FARCeko disidenteak— eta narkotrafikatzaile eta talde paramilitarrekin biltzen hasi zen. Gaur egun, ELNrekin eta EMCrekin ari da negoziatzen, beste taldeek ez baitute negoziatu nahi. MST Lurrik Gabekoen Mugimenduaren ENFF Florestan Fernandez Eskola Nazionaleko irakasle Andres Vazquezen arabera, ELNk «apustua» egin du. Gerrilla horren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioaz aritu da Donostian. Bere segurtasunagatik, ez du argazkirik nahi, ezta haren benetako izena aipatzea ere.

Adierazi du negoziazio horietan ELNren ustez «rol garrantzitsua» izango duela gizarteak, eta indar sozialak «betearaziko» duela negoziazioan adostutakoa. «Oso zail» ikusten du erabakitakoa betetzea indar sozialik gabe, nahiz eta Petrok «borondate ona izan». Gainera, uste du «bake prozesu batek mobilizaziorako eta organizazio sozialerako forma bat» sortu behar duela, «aski indartsua aldaketak eta erreformak egin daitezen behartzeko edo presioa egiteko». Iruditzen zaio ezkerreko gobernuak hurrengo hauteskundeetan irabazteko aukera izango duela baldin eta mobilizaziorako eta organizazio sozialerako forma hori eskuratuz gero. Irakaslearen iritziz, mugimendu horrek berekin ekar lezake gobernuak bere kabuz, ELNk bere kabuz edota biek batera lortu ez dituzten aldaketak behartzeko.

Petroren gobernuaz galdetuta, ENFFko langileak dio ez duela funtzionatzen. Pentsatzen du «aldaketaren gobernuak» bete dezakeen baino gehiago promestu zuela, beste gobernuek bezala, eta «nahastu» egin zela erreformak bilatzeko moduan. Izan ere, Petrok ituna egin zuen alderdi tradizionalekin eta «burgesiarekin», baina irakaslearen ustez ez dute hitzemandakoa bete, eta Petrok ez du lortu erreformak aurrera ateratzea. «Gazteek emandako 2 milioi botoetan» oinarritu behar da erreformak egiteko Kolonbian: «Kongresuak ez baditu gazteak eta gizartea erakartzen, burgesiak eta gringoek erreforma esanguratsuak debekatuko dituzte». 

ENFFko langilearentzat, herrialdeko indarkeria guztiak «zaku berean» sartzea izan da Petroren beste akatsetako bat; hau da, «ELN, armak hartu dituen altxamendua; EMC, zeinak kokainaren trafikatzen duen; eta Golkoko Klana, Sinaloako Kartela eta Araguako Trena narkotrafikatzaile taldeak, zeinak zaku berean sartu dituen». ELNk talde politikotzat dauka bere burua, eta konponbideak politikoa izan behar duela uste du.

«Kongresuak ez baditu gazteak eta gizartea erakartzen, burgesiak eta gringoek erreforma esanguratsuak debekatuko dituzte»

ENFFko langileak azaldu du herrialdearen berdintasunik ezaren ondorio dela ELN, eta Petrok «erabateko bakea» deitutakoa lortzeko berdintasuna lortu behar dela lehenengo. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan botere ekonomikoek nekazariak «sarraskitu» zituztela eta zazpi milioi nekazari desplazatu zirela azaldu du. Ondorioz, irakasleak dio boteredunek hamar milioi hektarea bereganatu zituztela, eta horrek areagotu egin zuela desberdinkeria. Latinoamerikako herrialde guztietan desberdinkeria soziala dagoela gaineratu du, baina Kolonbiak indarkeria erabili duela lurrak eta aberastasuna eskuratzeko, eta horren adibide da Latinoamerika guztian nekazaritza erreformak egin dituztela Kolonbian izan ezik.

Bestalde, elkarrizketatuak esan du bake prozesuko guztia «hitzartuta» dagoela, eta bileretan bide orria betetzen ari direla, «nahiz eta gobernuak gauza batzuk aldatu nahi dituen». Horretarako, uste du Luis Diaz futbolariaren aitaren bahiketa baliatu nahi izan zuela gobernuak. Haren iritziz, bahiketa horrek ez zuen «hautsi» bake prozesuan adostutakoa. Izan ere, su etena adostu zuten bi aldeek, baina ez liskarrak bukatzea; bestela, ELNk ezingo zuen jarraitu «zergak» kobratzen —ELNren diru iturrien %95, elkarrizketatuaren arabera—.

Bosgarren zikloa

Abenduaren 4an hasi eta 17an bukatu zen bi aldeen arteko bosgarren bilera saila, Mexiko Hirian. ENFFko langileak salatu du ezen bake negoziazio horiek, FARCeko disidenteekin egindakoekin alderatuz, «hermetismo» handia izan dutela, bukatu arte ez baita jakin zertaz aritu diren hizketan. Mexiko Hirian bildu aurretik negoziazioak egoera «kritikoan» zeudela esan zuen ELNk, baina ENFFkoak uste du negoziazioetan zegoen «krisia eta gobernuarekin zegoen geldialdia» gainditzea lortu dela Mexikon hitzartutakoarekin. Azken negoziazio saio horien ondorio nagusia da ELN Nazioa Askatzeko Armadak bertan behera utziko dituela helburu ekonomikoa duten bahiketak.

Menia luzatzea «onuragarria» iruditzen zaio elkarrizketatuari parte hartzeak arrakasta izan dezan, eta parte hartzea «errazten» du, zeina prozesuaren «bihotza» den. Gainera, gobernuak konpromisoa hartu du preso politikoei egindako «urraketak» konpontzeko, eta laguntza humanitario urgentea behar duten zortzi eremuei «lehentasuna» emango zaie, irakaslearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.