Carlos Holmes Trujillo (Cartago, Kolonbia, 1951) CD Zentro Demokratikoa alderdirako Alvaro Uribe presidente ohiak aukeratu dituen bost hautagaien artean dago, datorren urteko bozetarako. Haren iritzia termometro fidagarria da neurtzeko Kolonbiako oposizioaren pultsua. Haren alderdia izan da Auzitegi Konstituzionalak fast-track edo prozesu azkarraren baldintzak berrikusteko erabakiaren arduraduna. Kezka handia sortu die erabaki horrek Juan Manuel Santos presidenteari eta gerrillariei, akordioaren inplementazioa zaildu dezakeelako. Begirada presidentetzarako kanpainan jarrita, bake prozesua desegokia dela uste du, eta gerrillarien egutegiaren atzerapena kritikatu du. Behin arma guztiak itzulita, abuztuaren 1erako 7.000 gerrillariek trantsizio eremuetatik atera beharko dute, eta irailaren 1erako armamentuz betetako zulo guztiak suntsitu.
Zein interpretazio egiten duzu Auzitegi Konstituzionalak fast-track-a berriz aztertzeko hartutako erabakiaz?
Ez du esanahi erabakigarririk,ez baitu baliorik gabe uzten fast-track-a, hau da,ez du zalantzan jartzen akordioaren konstituzionaltasuna; Juan Manuel Santos presidentearen eta Timochenko gerrillariaren arteko akordio faltsua babesten du, oinarrizko edukiak babesten ditu. Hainbat puntu moldatzeko aldaketak sartzea lortu dugu, baina presidenteak beti berrikusi ahal izango ditu, sinatutakoaren kontra doazela argudiatuz.
Zein izango da zure alderdiaren estrategia hemendik aurrera?
Oso argia da. Herrialdeak duen egoera larriari aurre egiteko bide bakarra da 2018ko hauteskundeak irabaztea eta bake akordioaren alde kaltegarrienak aldatzea.
Akordioa sinatuta ere, atzera egin daitekeela uste duzu?
Bai, noski. Akordioa egin zen bezala, desegin ere egin daiteke. Babesten gaituzten herritarren ahotsa daukagu: herritar gehienek bozkatu zuten joan den urriaren 2ko erreferendumean kontra [botoen %0,21en aldea izan zen soilik baiezkoaren eta ezezkoaren artean, eta %62 abstenitu ziren].
Kanpainaren lehentasuna bake prozesuaren kontra egitea izango duzu?
Kolonbiarentzat lehentasuna orain ekonomia haztea da, aurrera egitea.
Eta hori ez da posible Santosen inguruko hautagai batekin?
Santosen gobernuak herrialdea hondamendira darama, eta gobernu kontinuista batek bide beretik jarraituko du. Norabidea aldatu behar da, Alvaro Uriberen bi mandatuetan (2002tik 2010era) izan genuen instituzionalizazioaren bidetik
FARCen egutegia atzeratu izana kritikatu duzu.
Ohartarazi genuena gertatzen ari da: gerrillariak ez direla betetzen ari agindutakoa. FARC gobernuari etenik gabe ari zaio mehatxu egiten. Hori da gertatzen ari dena prozesuari esker.
Zer proposatzen duzue zuek?
Kolonbiak nahi duen aldaketa. Uste dugu albiste ona dela FARC indar kriminal gisara desagertzea eta Nazio Batuen Erakundeari arma guztiak ematea, baina onartezina da narkotrafikoa delitu politikoarekin lotuta egotea.
Akordioaren zein puntu aldatuko zenituzkete?
Konstituziotik kanpo utzi behar da akordioa. Orain barruan dago, eta Santosek ziurtatu du, gainera, datozen hiru gobernuetan horrela izatea. Horrek segurtasun juridikoa arrisku bizian jartzen du, Kolonbiako legeen kontrakoa da.
Zer gehiagok kezkatzen zaitu?
Jabetza pribatuari erasoak, legez kanpoko laborantzarako lur eremuak handitzeak, FARCen dauden adingabeen egoerak... Gauza gehiegi dira, herritarrek kontzientzia hartu behar dute arriskuez, eta 2018an norabide aldaketaren alde bozkatu.
Carlos Holmes Trujillo. Zentro Demokratikoko hautagaia
«Bake prozesua egin zen bezala desegin daiteke»
Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-EPren arteko akordioari «faltsua» deritzo Holmes Trujillok, eta herrialdearen norabidea aldatzeko 2018ko bozak irabazi nahi ditu, «akordioaren alde kaltegarrienak ezabatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu