Kolonbiako bake prozesua

BAKE ITXAROPENA ERNATZEN

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek irailaren 26an sinatuko dute bake akordioa, eta herritarrek babestu edo baztertu egingo dute urriaren 2ko galdeketan. Akordioak babes zabala lortu du, bai biktimen artean, bai herritarren artean, bakea inoiz baino gertuago ikusten dutelako.

Zenbait biktimak gorputzak landatu zituzten Bogotan, Behartutako Desagertzeen Nazioarteko Egunean, abuztuaren 30ean. LEONARDO MUÑOZ / EFE.
Bogota
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Abuztuaren 29a beste edozein egunen modura esnatu zen Kolonbian. Zeru grisa eta auto ilara amorragarriak Bogotan; bero itsaskorra Cartagenan eta Karibe itsasoko kostaldean; eta udaberri amaigabea Medellinen. Eguna, ordea, historikoa izan zen hiri horietan eta gainerako guztietan, Calitik eta Barranquillaraino, Putumayoko oihanetik Pazifikoko kostalderaino. Abuztuaren 29a gerrarik gabeko lehen eguna izan zen herrialdean, Estatuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko mende erdi baino gehiagoko gatazka armatuaren ondoren.

Bi aldeek 2012ko irailaren 4an hasi zituzten elkarrizketak, Habanan. Herrialdeko armadak eta Amerikako gerrilla indartsu eta zaharrenak alde biko eta behin betiko su etena hasi dute udan. Irailaren 26an, astelehena, sinatuko dituzte bake akordioak, Cartagenan. Hainbat gobernuburu eta nazioarteko erakundetako ordezkariak izango dira ekitaldian.

Bake akordioak sinatu eta bost egunera, FARCeko kideak herrialdean zehar zabaldutako behin-behineko 23 eremuetara eta zortzi kanpamentuetara joango dira. 180 egunera, arma guztiak entregatu beharko dituzte.

«Lortutako akordioa, ziurrenik, ez da perfektua; baina herritarrei esan nahi diet, informazioa eman diegun zintzotasun berarekin, ziur nagoela lor genezakeen akordiorik onena dela», esan zuen Humberto Lacallek, abuztuaren 24ko hitzaldi historikoan. Gobernuaren negoziazio taldeko burua izan da Lacalle.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, egun berean, bake prozesu guztian egin duen moduan, bake prozesuaren alde baliatu duen argudio nagusietako bat nabarmendu zuen: biktimek izan behar dutela akordioaren muina. Ia herritar guztiei eragiten dien drama da. Gatazka armatuak 250.000 hildako baino gehiago, 100.000 desagertu eta 6,9 milioi lekualdatu eragin ditu. Hori guztia 48 milioi biztanleko herrialde batean. Kolonbia da pertsonen kontrako mina gehien duen munduko bigarren herrialdea, Afganistanen atzetik, eta bortizkeria gehien duten hamar herrialdeetako bat, Amnesty Internationalen arabera.

Biktimen ahotsa

Redepaz erakundeko presidentea eta zuzendaria da Luis Escobar. 1993an gerraren kontra sortutako erakundea da, eta Kolonbiako 400 herritan baino gehiagotan lan egiten du. Escobarren iritziz, biktimak dira «bakearen eraikitzaile handiak»: «Bake prozesuan jokatu duten rola funtsezkoa izan da: baketzearen eta barkamenaren garrantzia aitortu dute, eta esan dute prest daudela haien borreroak besarkatzeko».

Biktima horietako bat da Martha Luz Amorocho. FARCek 20 urteko semea hil zion, eta beste bat koma sakonean utzi, Bogotako El Nogal negozio klubaren kontrako atentatuan, 2003an. «Ezerk, inork, ez dit nire semeen besarkadarik bueltatuko. Inoiz ez naute gogobeteko, baina gizarte osoak ulertu behar du erreparazioa sinbolikoa izango dela. 50 urte baino gehiago daramatzagu elkar hiltzen, eta sinaduratxo batek ez du dena bat-batean konponduko, baina garbi daukat inork ez duela nahi historia errepikatzea, inork ez duela nahi gure seme-alabak gerrara joatea».

Santosen gobernuak zortzi milioi biktimetatik milioi erdi eskasi eman die ordaina. Datua Alejandra Mahechak eman du. 21 urte ditu. Gazteak ordezkatzen eta babesten ditu Biktimen Mahai Nazionalean. Kritikoa da bake akordioen mamiarekin eta akordioa lortzeko prozedurarekin: uste du bereziki eliteei mesede egiten diela eta pobreenak bazterrean uzten dituela, eta ez dutela gazteen iritzia aintzat hartu. «Gatazka armatuak bereziki haurrei eta gazteei egin die kalte: biktimen %32 haurrak eta nerabeak dira, %20k 18 eta 28 urte artean dituzte».

Mahechak lekualdatuen drama sufritu zuen. Jaioterritik, Neivatik —Huila departamenduko hiriburua—, ihes egin zuen. FARCeko kideek aihotz kolpe bat eman zioten haren aitari aurpegian, familia beldurtzeko eta FARCi zergak ordaintzen jarraitzeko. Akordioak hainbat puntutan hankamotz geratu direla dio: droga trafikoaren egiturazko arazoa, genero berdintasuna, lurra edukitzeko eskubidea, landa guneen eta hirien arteko aldea txikitzea... Hala eta guztiz ere, Mahechak uste du Kolonbian gerra bukatzeko egin den «saialdi indartsuena» dela.

Gatazka 1962an hasi zen, eta biktimak eragin ditu alde guztietan. Horrek arazoak sortu ditu gatazka armatuak kaltetuak identifikatzeko eta izendatzeko orduan. «Negoziazioetan borroka gehien egin behar izan dugun gaietako bat egiaren aitortzarena izan da», azaldu du Enrique Santiago abokatu espainiarrak. FARCen lege aholkularia izan da Habanako elkarrizketetan. «Hasieran gobernuak gerrillariak bakarrik epaitu nahi zituen, Estatuaren agenteak eta gatazkan parte hartu duten zibilak kanpoan utziz».

Ez dago datu zehatzik. Kalkuluak bai. Kalkuluen arabera, FARCek 8.000 gerrillari ditu, eta gerrillariak halako bi, armarik gabe, baina gerrilla babesten. Askok oihaneko bizimodua baino ez dute ezagutzen, gerra giroan.

FARCen Konferentzia

FARCek Hamargarren Konferentzia egingo du ostiralera arte. Lehena izango da gerra estrategiei buruzko eztabaidarik gabe. Bizitza zibilerako eta politikorako urratsa nola egin eztabaidatuko dute. Galdera nagusia da ea nolakoa izango den aldaketa hori. Akordioek bost ordezkari bermatu dizkiote, bai Kongresuan, bai Senatuan, 2018ko hauteskundeetan. Baita ordura arte bi ganberetan ordezkaritza izatea ere, baina boto eskubiderik gabe.

Batzuek uste dute Union Patrioticaren kasua errepika daitekeela: 1980ko eta 1990eko hamarkadan FARCeko, ELNko (Nazioa Askatzeko Armada) eta beste zenbait talde armatutako kidek gerrillak utzi zituzten, ezkerreko alderdi politiko bat sortzeko, Union Patriotica. Bertako milaka kide hil zituzten. Paramilitarrei leporatu dizkiete hilketa horiek.

«Gaur arte Kolonbiako Konstituzioan ez zegoen paramilitarismoa propio debekatzen duen aipamenik», Enrique Santiagoren esanetan. «Hori akordioen bidez lortu da, baina gobernuak segurtasun berme horiek berehala jarri behar ditu indarrean. Ez litzateke bake akordio bat behar estatu demokratiko batek indarraren erabilera monopolizatu duela bere gain hartzeko».

Abokatuarentzat, Habanan hitzartutakoak ez dira sistema sozialista bat indarrean jartzeko oinarriak, «baina herrialdea modernizatuko dute eta erauzi egingo dituzte aurrez aurreko demokratikorako dauden muga nabarmenak, iraultza armatura bultzatu zuten mugak hain zuzen».

Bogotako kaleetan zabaldu den txutxu-mutxu baten arabera, kolonbiarrak kalera ateratzen dira futbol selekzioaren garaipenak ospatzera, baina ez bake akordioen aldeko edo kontrako manifestazioak egitera. Hainbat arrazoi egon daitezke teoria hori azaltzeko: prozesua luzeegia eta zalantza askokoa dela —berez, bake ituna martxoaren 23an sinatu behar zuten—; herritarren ezaxola urteetan batez ere landa eremuetan egin den gerra batekiko; eta politikariekiko konfiantza falta orokorra.

Zatiketa

Horren guztiaren eta akordioko gai batzuek eragin duten polemikaren ondorioz, benetan ozen entzuten diren ahots bakarrak konbentzituenak dira, urriaren 2ko galdeketan baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoenak. Presidenteak jaitsi egin du galdeketa onartu ahal izateko gutxieneko parte hartzearen langa, %13ra. Bost milioi kolonbiarrek bozkatu beharko lukete. Zaila da, prozesuaren aldekoez eta kontrakoez aparte, beste bideren baten aldeko ahotsen bat entzutea.

Presidentearen aldekoek goraipatu egiten dute haren tema akordioa lortzeko. Nabarmendu egiten dituzte bakeak eragingo dituen inbertsio aukerak eta turismoaren gorakada. Ezezkoaren aldeko gehienak Alvaro Uribe presidente ohiaren Centro Demokratiko alderdi kontserbadorearen ingurukoak dira. Salatu dute Santosek herrialdea eskura emango diola «castrismo-chavismoari». Baita gerrillako buruak ez direla kartzelara joango, eta estatuaren laguntzak kobratuko dituztela —190 euroko hileko oinarrizko errentaren %90, bi urtean—, diru asko gordeta omen badaukate ere, droga trafikoarekin, legez kanpoko meatzaritzarekin eta estortsioarekin lortuta.

Inkestek alde batera edo bestera egiten dute dantza, egilearen arabera. Badago batez besteko bat: boto eskubidea duten herritarren erdiek parte hartuko dute eta baiezkoak irabaziko du, botoen %60rekin —kontrakoek %30 lortuko lukete—. Dena den, bozketa ez da loteslea. Presidentearen tresna bat da, bake prozesuari balioa emateko herritarren aurrean. Galdera honako hau izango da: «Gatazka bukatzeko eta bake egonkor eta iraunkor bat eraikitzeko azken akordioaren alde al zaude?». Denborak esango du ea bake hori benetan «egonkorra eta iraunkorra» izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.