Ipar Irlanda. Ostiral Santuko Akordioak 25 urte

BAKE ITUNA EGUNERATU BEHARRA

Indarrean sartu eta 25 urtera, Ostiral Santuko Akordioa da, oraindik ere, Ipar Irlandako politikarako oinarririk egokiena. Urteotako esperientziak eta blokeoak, ordea, agerian utzi dute hitzarmenak aldaketak behar dituela, erakundeak hobetzeko eta gizartearen bilakaeretara egokitzeko.

BAKE ITUNA EGUNERATU BEHARRA.
ander perez zala
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bata, Derryko militante katolikoa; bestea, Antrimeko zalapartari protestantea. Lehena IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioetako bat izan zen; bigarrena, UDA Ulsterren Aldeko Elkartearen sortzaileetako bat. Elkarri gorroto handia izan zioten, hamarkada luzez; gerora, elkar ezagutu, gobernuan urtebetez elkarrekin lan egin, eta inork espero ez zuen laguntasun sakon bat sortu zuten. The Chuckle Brothers (Chuckle Anaiak) esan ohi da haietaz aritzeko, Barry David Elliott eta Paul Harman Elliott komedia antzezleek osatu zuten bikote arrakastatsuari erreferentzia eginez.

Ikusi gehiago:'Erdibidekoak', bake garaiko istoriorik arrakastatsuena

Martin McGuinnessen eta Ian Paisleyren arteko harremana da, ziurrenik, Ipar Irlandako bake garaiak ekarri dituen aldaketen eta onuren adibiderik esanguratsuena. Paisley 2014an hil zen; McGuinness, hiru urte geroago, 2017an. Haiekin batera belaunaldi bat joan zen, garai gatazkatsu bat, baita adostasunerako eta konpromisorako nahia ere; ezin baita ahaztu zalapartari protestanteak ez zuela onartu Ostiral Santuko Akordioa (1998), baina gerora, besteak beste, bake garaia eta botere partekatuko sistema egonkortzea helburu zuen Saint Andrewskoa (2006) negoziatu zuela. Hain justu, McGuinnessekin.

Mende laurden beteko du bihar 1998ko hitzarmenak. Egun, Ipar Irlandako unionisten eta nazionalisten arteko gatazkak eta liskarrak, oro har, politikoak, sozialak eta ekonomikoak dira; ez, ordea, armatuak eta indarkeriarekin zerikusia dutenak. Hori izan da Ostiral Santuko Akordioaren arrakastarik handiena.

Itun baten bilana egitean, ezinbestean argiak eta itzalak, ondorio baikor eta ezkorrak aztertu ohi dira. Ipar Irlandan, eduki gehiena indarrean sartu da, eta denak agertu dira pozik horregatik; hori izan zen 2018an nabarmendutako ideietako bat, hitzarmenak 20 urte bete zituenean. Urte hartan, beste afera bat ere ekarri zuten hizpidera, txanponaren beste aldea: gizartearen eraldaketa ez dela gertatu, batez ere jarrera politikoen aldetik. Eta hori nabarmen islatu da 2018-2023 bitarteko politikan ere, bi urteurren horien arteko aldian blokeo politikoa izan baita protagonistetako bat.

Hau da, 25 urteren ondoren, alderdi eta komunitate guztiak ados jarri dira ideia honen inguruan: erakundeek hobeto funtzionatu beharko luketela. Hori dago egun eztabaidaren erdi-erdian. Kopuruei erreparatuz gero, 1998tik hona, Ipar Irlandako herritarrek urteen %40 inguru pasatu dituzte botere partekaturiko gobernurik gabe; lehen etenaldia 2002-2007 aldikoa izan zen —orain arteko luzeena—, eta bestea —edo beste biak—, berriki.

Kasualitatea ala ez, McGuinnessek (Sinn Fein) abiatu zuen formalki bigarren blokeo garaia, 2017ko urtarrilean lehen ministrorde kargua uztea erabaki zuenean, DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren ustelkeria kasu batengatik. Hiru urte egon ziren lantalde hori gabe, 2020ko urtarrilera arte; eta, iazko otsailetik, egoera berean daude, Paul Givanek (DUP) lehen ministro karguan dimisioa eman zuenetik, Ipar Irlandarako Protokoloagatik kexu.

Hau da, 2017ko urtarriletik hona, lau urte pasatxo egin dituzte gobernurik gabe, aspaldidaniko desegonkortasun politikorik handienean murgilduta. Horrek, ezinbestean, eta Ostiral Santuko Akordioak 25 urte beteko dituen honetan, handitu egin ditu bake ituna eguneratzeko deiak; bai alderdien partetik, bai politikari izandakoen partetik, baita akademikoen partetik ere. Baina, beti, uste edo oinarri bera dutela: orain ere 1998ko ituna dela Ipar Irlandako bakerako oinarririk egokiena eta bideragarriena.

Adostasunarekin zer egin

Ostiral Santuko Akordioaren mekanismo batzuk aldi berean onuragarriak eta suntsitzaileak izan dira Ipar Irlandarentzat; finean, alderdi bakar batek desegin dezakeelako gobernabidearen egitura. Urteok, gainera, erakutsi dute alderdiek helburu politikoak betetzeko baliatu dituztela erakundeak, edo, behintzat, kexa modura. Halere, badirudi sistema politikoaren elementurik garrantzitsuena ukiezina dela, oraingoz bada ere; alegia, unionistek eta nazionalistek boterea partekatu behar dutela —eta horietako batek ezezkoa ematen badu, besteak ezin duela bakarrik gobernatu—.

Liverpoolgo Unibertsitateko Ikasketa Irlandarren Institutuaren iazko inkesta batek Ipar Irlandako herritarren haserrea azaleratu zuen: gehien-gehienek —%81 inguru— uste dute «Asanblearen eta gobernuaren azterketa independente bat» egin behar dela «arretaz aztertzeko nola funtzionatu dezaketen hobeto».



Alan Whysallek antzeko iritzia du. Erresuma Batuko Ipar Irlandarako Ministerioko funtzionarioa izan zen, eta urte luzez bake prozesuaren inguruan egin zuen lan. Londresko University Collegeko Constitution Unit taldeko ohorezko ikertzailea da egun, eta Northern Ireland's Political Future. Challenges After The Assembly Elections: A Discussion Paper (Ipar Irlandaren etorkizun politikoa. Asanblearako bozen osteko erronkak: eztabaidarako artikulua) dokumentuan argudiatu du Ostiral Santuko Akordioak «berrikuntza prozesu zabal bat» behar duela. «Helburu handietan zentratu behar da: gizarte zatiketa gainditzea, aldaketa instituzionalak egitea eta arreta jartzea gobernabide ona lortze aldera».

Ikertzailearen arabera, gobernu autonomikoak «nabarmenki huts egin du» bere helburua betetzeko orduan, batez ere egungo erronka ekonomikoen, sozialen eta zerbitzu publikoekin zerikusia duten aferetan. Horixe ekarri behar luke, hain justu, bake ituna «berpizteak»: «Gobernu eraginkorra»; betiere, Ipar Irlandan ohikoa den komunitate arteko adostasunaren bitartez.

DUPen betoa nahikoa luzatu denez, Ipar Irlandan ez dute jarduneko gobernurik ere; funtzionarioak dira arduradunak, alderdiak ados jartzen diren arte, edo alderdi unionistak betoa kentzen duen arte. Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak joan den otsailean adostu zuten Windsor Esparru Hitzarmenak —Ipar Irlandarako Protokoloaren eguneraketa moduko bat— DUP behartu lezake erakundeetara itzultzera —interes eta lehentasun politikoengatik batez ere—, nahiz eta alderdiak itun horren mekanismo garrantzitsu baten kontra bozkatu zuen Erresuma Batuko Komunen Ganberan.

Gako batzuk

Dena den, alderdi unionista erakundeetara itzultzeak ez du bermatuko Ipar Irlandako gobernabideak irautea, batez ere bake akordioa ez bada eguneratzen. Hori egiteko ahotsak ugaritzen ari diren honetan, Whysallek zenbait gako ematen zituen bere dokumentuan: Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek lankidetza estua izatea, Ostiral Santuko Akordioarekin gertatu bezala; afera lehentasun politiko bilakatzea Londresentzat; Ipar Irlandako alderdiei entzunak izateko espazioa ematea; gizarte zibilaren parte hartzea sustatzea; eta nazioartearen babesa.

Iazko Asanblearako hauteskundeetan arrakasta handia izan zuen Aliantza Alderdiak —lehen aldiz parlamentuko hirugarren alderdia da erdibideko indar bat—, eta indar hori baliatu du eztabaidara ideia bat eramateko: gobernua, eta lehen ministro eta lehen ministrorde karguak aukeratzeko arauak aldatu behar direla, gobernabidea bermatu eta gizartearen aldaketetara egokitzeko.

Datozen hilabeteek eta urteek erakutsiko dute botere partekatuko sistemak zer etorkizun izango duen. Halere, Ipar Irlandan, agerian geratu da gobernurik gabeko epea geroz eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa dela herritarren haserrea, eta orduan eta txikiagoa dela Ostiral Santuko Akordioaren eta erakundeen zilegitasuna.

Lucid Talk etxeak iragan urtarrilean egindako inkesta baten arabera, unionisten herenek baino ez lukete bozkatuko bake itunaren alde. Eta, oro har, herritarren %64k bozkatuko lukete hitzarmen horren alde, 1998an baino zazpi puntu gutxiago. Horiek dira ohartarazpenak.

Ikusi gehiago:«Mehatxu terrorista», nabarmen gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.