Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta gerrilla taldeek bake akordioa sinatu dute. Atzoko akordioaren ondorioz, su-etena berehala sartu da indarrean, eta borrokan aritu diren taldeei amnistia ezarri diete. Behin betiko bakea lortzen saiatuko dira orain.
Hitzarmena sinatzen lehenak Joseph Kabila presidentea eta Laurent Nkunda Herriaren Defentsarako Kongresu Nazionaleko (CNDP) burua izan dira. Kongoko Errepublika Demokratikoko mendebaldean borrokan aritu diren beste hainbat gerrilla taldek ere sinatu dute agiria. Berez akordioa herenegun izenpetzekotan ziren, baina azken momentuan Nkundaren eta Mai Mai taldeko gerrillariek eskatutako aldaketa batzuek atzeratu egin zuten sinatzea. Arazoak sortu dituen puntuetako bat Nkundaren etorkizuna izan da. Erbestera bidali edo armadan integratuko zutela uste zuten hasieran. Gobernuak, ordea, CNDPk Ipar Kivun egindako gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Nkunda.
NAZIOARTEKO PRESIOA. Bakerako, Segurtasunerako eta Garapenerako Biltzarra hilaren 6an hasi zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hirian, Ipar Kivu probintziako hiriburuan. Ipar Kivu da borroka gehien izan dituen probintzia.
Bake akordioa lortzeko elkarrizketak Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek bultzatu dituzte. Hiruretako ordezkariak akordioa sinatzeko momentuan lekuko izan dira.
Bai NBE, eta baita AEBak eta EB ere Kabilaren gobernua eta Nkundaren gerrillariak presionatzen aritu dira. Lehenbailehen akordioa sinatzea zen xedea, Kongoko Errepublika Demokratikoan bakea behin betiko ezartzen saiatzeko. Kongoko gerra zibila 1998. urtean hasi eta 2003. urtean amaitu bazen ere, bost urte hauetan borrokak etengabeak izan dira.
Borrokarik gogorrenak iazko abuztuan hasi ziren. 500.000tik gora zibilek Kongoko Errepublika Demokratikoko beste probintzietara eta Ruandara desplazatu behar izan zuten.
Herenegun IRC Nazioarteko Erreskate Batzordeak kaleratutako txostenaren arabera, 1998tik 5,4 milioi pertsona hil dira Kongoko Errepublika Demokratikoan. Hilabetean 45.000 hildako izan dira batez beste.
Bake akordioa sinatu, eta su-etena ezarri dute Kongoko Errepublika Demokratikoan
Ipar Kivuko gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Gobernuak gerrillarien buru Nkunda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu