Ordu eta erdi egoera iraultzeko. Agintaldiaren lehen erdiko analisia egin eta hautesleei Frantziaren egoeraren eta presidentearen ekintzen berri emateko. François Hollande Frantziako presidentea TF1 telebistan izan da. Hiru kazetariren galderei erantzun ez ezik, lau herritarri zuzenean azalpenak eman dizkie. «Ez naiz kasualitatez bihurtu errepublikako presidente. Banekien garai zailak etorriko zirela».
Garai latzetan da presidentea. Agintaldiaren erdia igarota, hondoa jo du inkestetan, beste behin. YouGov etxeak egin du azkena: soilik herritarren %12k babesten dute. Sozialista eta ekologisten artean galdu du orain babes handiena.
Ekonomia da agintaldiko lasta,Hollanderen amesgaiztoa. Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, aurten %0,3 haziko da, eta %0,7 hurrengo urtean. Defizita ere %4,4ra igoko da, aurreikuspenak gaindituz. Baina langabezia tasak egin dio kalte handiena. Lanpostuak sortzeko promesarekin sartu zen Eliseoan, baina ez du hitza bete. Langabeziak ez du hobera egin, eta, gainera, lanpostu gehiago galdu dira haren agintaldian. Gainditua du %10eko langa.
Okerrak egin izana aitortu du Hollandek; esaterako, 2013an langabezia jaitsiko zela aurreikusi zuela. «Askorentzat itxaropena zen». Langabezia tasa jaitsi ezean, ez da aurkeztuko 2017ko hauteskundeetara. Enplegua areagotzeko ezinbestekotzat jo du ekonomia haztea. Horretarako, Europari presio egingo dio, hazkunde politikak har ditzan. «Asko maite dut Europa, eta, horregatik, aldatu egingo dut». Bestalde, hasitako erreformekin jarraituko du. «Geratzen diren bi urteetan, bururaino eramango ditut».
Besteak beste, lanik ez duten adineko pertsonentzako plan berezi bat iragarri du, diruz lagundutako kontratuekin gizarte segurantzari ordain diezaioten,erretiroa hartu ahal izateko. Bestalde, gazteek enpresak sor ditzaten erraztasunak emango ditu.
PS barruko lehia
Presidenteak eragiten dituen zalantzen azpian, Manuel Valls lehen ministroaren irudia indartu da. Haren babesa ere apala da, eta okerrera doa YouGov etxearen datuen arabera (%22), baina askok nahiago lukete Vallsek presidente kargua hartuko balu legealdia bukatu arte. RTL irratiaren inkestak dioenez, herritarren %71k nahi dute Hollandek dimisioa eman eta Vallsek haren lekukoa hartzea.
Hollande-Valls bikotea garai garratzetan da. Frantziako hedabideek diotenez, zirrikitu gaindiezin bat ireki da bien artean. Dirudienez, Hollandek bere lehen ministroaren erreforma planak eta alderdiaren sektore liberalaren asmoak geldiarazi ditu. Hori gutxi balitz bezala, Hollanderen gainbeherak 2017ko bozetarako hautagaiari buruzko eztabaida piztu du. Jendaurrean ere irudikatu dute haien arteko lehia. «Presidente izan gabe ere arrakastatsua izan zaitezke», esan zion presidenteak Vallsi ekitaldi batean, orain bi aste. Vallsek orain arte presidentea defendatu du jendaurrean, baina ahal duen oro haren politiketatik urruntzen saiatzen da.
Frantziako Alderdi Sozialista birsortzeko ekimena hartu du lehen ministroak. Le Nouvel Observateur aldizkariari eginiko elkarrizketan «ezkerra berriro asmatzea» proposatu zuen. Alderdiaren izena aldatzea ere iradoki du. Haren ustez, sozialista hitza ez da egokia «ezker pragmatiko bat» izendatzeko. «Ezkerra hil egingo da gobernatzeari uko egiten badio. Sinboloak eta ezker zaharkitu baten planteamenduak alboratu behar dira».
Moldatzeko ahalegin horiek alderdia zatitu dute. Aspaldiko eztabaida da: ekonomia suspertzeko eskaintza (enpresak) ala eskaria (familiak) lagundu? Lehenengoaren alde egin du Hollanderen gobernuak, eta 41.000 milioi euroko laguntza eman die zergak murriztuz. Alderdiko sektore liberala politika horietan urrunago joateko prest dago: kontratu bakarra, lan kostuen murrizketa, asteroko 35 orduak berriz planteatzea, zentroko indarrekin bat egitea eta estatuaren ongizatea erreformatzea.
Ondorioz, gero eta gehiago dira PSko diputatu kritikoak. Azkenbozketan, urriaren 21ean, 39kmuzin egin zioten 2015eko aurrekontuak babesteari —21.000 milioi euroko murrizketa jasotzen zuen—. Martine Aubry Lilleko alkatea eta PSko buruzagi ohia ere kritikoei batu zaie.
Barne borroketan murgilduta eta herrialdea krisiak eragindako atakatik atera ezinik, Hollandek emaitza kaskarrak lortuko lituzke presidente kargurako bozak orain egingo balituzte. IFOP etxeak egindako zundaketaren arabera, presidentea ez litzateke bigarren itzulira igaroko. FN Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiak irabaziko luke lehen itzulia, eta gertu luke UMP.
Bakardadetik ihesi
Hollande Frantziako presidenteak berretsi du langabezia jaitsi ezean ez dela aurkeztuko 2017ko bozetara.Agintaldiaren erdia igaro du, inkestek itota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu