Dolors Bassa. Generalitateko Lan kontseilari ohia

«Baimen bat atseden bat da: ez da askatasuna»

ERCko diputatu ohiak kartzelatik irteteko baimena jaso berri du, espetxeratua izan eta bi urtera. Egindakoaz harro dago, hala ere, eta aitortu du behar izanez gero berriz ere egingo lukeela.

LLUIS CATALA.
Carma Porta
Bartzelona
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Espetxean da Dolors Bassa, Generalitateko Lan eta Gizarte Gaietarako eta Familiako kontseilaria izandakoa. Duela gutxi bete dira bi urte espetxeratu zutenetik, eta, orain, irteteko baimenak onartu berri dizkiote. Elkarrizketa, ordea, espetxe barruan eta zaintzapean egin behar izan du.

Epaia jakin osteko lehen kolpea igarota, nola egiten diozu aurre zigorrari?

Zaila da hamabi urteko espetxealdia onartzea norbera errugabe denean. Baina aurrera egiten dugu nola hala, eta aske irteteko gogoz nago. Duela hilabete batzuk baino hobeto nago; egunerokoa gogorra da, baina argia ikusten hasia naiz tunel ilun honen amaieran. 100.2 artikulua ezarriko digutela jakiteak arnasa ematen du, aire fresko apur bat dakar, baina ez da aske egotea. Baimen bat atseden bat da, ez da askatasuna.

Aktualitate politikoa ez da atsegina; independentisten arteko banaketa nabarmena da, eta elkarrizketarako eskaintzak ez dirudi oso sendoa.

Pausoz pauso joan behar dugu. Azken urratsei esker, apur bat aurrera egin dugu, duela hilabete batzuk geneukan testuinguruarekin alderatuta; PSOEk mugitu egin behar zuen, eta elkarrizketa mahaia onartu du. Orain, errepresioaren bidea utzi behar dute,eta bete-betean hasi negoziazioen bide politikoan.

Bada zalantzan jartzen duenik aurreko gobernuak erreferenduma antolatzeko agertutako konpromisoa, eta baita Kataluniako errepublika aldarrikatu izana ere.

Benetan? Etor daitezela hona niri hori esatera! Zergatik gaude kartzelan mandatu demokratikoa errespetatu eta herritarrei bozkatzea ahalbidetzeagatik ez bada? Zer da egin genezakeen eta egin ez genuen hori? Nork erakutsi du konpromiso handiago, espetxean eta erbestean gaudenok edo etxeko besaulkitik txiokatzen ari direnek? Zer egin behar genuen? Ez dago irtenbide magikorik.

Duela gutxi izan zara Kataluniako Parlamentuan, 155.ari buruzko batzordean, eta oso kritiko hitz egin zenuen geroztik gertatutakoari buruz.

Oso kritiko hitz egin nuen 155. artikulua ezarri izanak eragindako ondorioei buruz; herritar guztiek jasan behar izan zituzten ondorio horiek, izan independentistak edo ez, eta, Parlamentuan azaldu nuen moduan, ondoriorik larrienak ahulenengan izan zituen, langabeengan edota gizarte laguntzen zain zeudenengan.

Posible ikusten duzu orain independentisten batasuna?

Datozen hauteskundeak aukera ona izango dira estrategia bateratu bat ezartzeko, ez bakarrik independentismoak berriz irabaz dezan, baita jauzi kualitatibo bat egin eta are gehiago indartu dadin. Deskonfiantza politikoa gainditu beharra dago. Helburu bera partekatzen dugu, baina jende askok uste zuen ez genuela aurrera egingo, eta konfiantza falta hori erakundeetan ere bazegoen. Gizartea nekatuta dago, eta konfiantza berreskuratu beharrean gaude.

Elkarrizketa edo liskarra? Binomio horretan gaude orain.

Elkarrizketa. Beti. Elkarrizketarekin eta judizializaziorik gabe bakarrik egin genezake aurrera,eta bakarrik horrela konpon genezake gatazka politiko hau. Inoiz ez naiz izan «zenbat eta okerrago, hobeto» pentsatzen duten horietako bat. Beti hitz egin behar da, alor guztietan. Ez dago beste aukerarik; sindikalista gisara hitzarmen asko negoziatu behar izan nituen, eta adostasunak lortzean datza gakoak, lehentasunak aurkitzean, inork ezer onartezina onartu behar izan ez dezan. Espainiak ez daki zer nahi duen; guk, berriz, bai. Elkarrizketa mahairako Kataluniak aukeratu dituen ordezkariek argi uzten dituzte ikuspegi desberdinak, eta horrek indarra erakusten du: alderdiek eta gobernuak egunerokotik harago joan behar dute.

Kartzelako bizimodua zure kideenengandik oso desberdina da? Nolakoa da elkarbizitza?

Espetxealdia berbera da denentzat; eskubide eta betebehar berberak ditugu. Komunitate hau ez da osasuntsua, ez fisikoki eta ezta emozionalki ere. Baina emakumeentzat irain gehigarri bat ere badago, presoen %8 soilik garelako, eta, beraz, gutxiago dira guretzat prestatuta dauden espetxeak. Gu moduluetan gaude, denak elkarrekin. Ez dituzte kontuan hartzen bakoitzaren berezitasunak, ez ahalmenak, ez eta egindako delituak ere... Elkarbizitza ona da; elkarri laguntzen diogu. Nire kasuan, enpatia handia agertu dute, eta, oro har, bidegabetzat daukate. Errespetatua eta maitatua sentitzen naiz.

Errepresioak indarrean segitzen du, akordioak egon arren. Uste duzu erabaki egokia izan dela Pedro Sanchezi Espainiako presidentetza ahalbidetzea?

Esquerrak Republicanak egin behar zuena egin zuen, ausardiaz jokatu zuen abagune zail batean, eta harro nago erabaki hortaz. Beti esan izan dugu elkarrizketa nahi genuela, eta orain lortu dugu. Esertzera behartu ditugu. Espainiako egungo gobernua, PSOEri izan geniezaiokeen eszeptizismo guztia aintzat hartuta, aukera bat izan daiteke alor judizialera inoiz igaro behar ez zuen gatazka bat berriro politikara bideratzeko.

Egindakoa berriro egingo zenuke?

Ez genuen deliturik egin. Nola izan daiteke delitua manifestatzea eta herritarrei ahotsa ematea? Gaur dakidana jakinda ere gauza bera egingo nuke, baina beste era batera. Dena oso azkar gertatu zen, eta ez genuen izan hausnarketarako tarterik. Hala ere, ez genuen espero Espainiak horrela erantzungo zuenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.