Lehen independentzia erreferenduma egin zutenean, hiru orrikoa besterik ez zen izan; bigarrenerako, dokumentua bi orrialdera txikitu zuten; eta orain, deskolonizazio prozesuko hirugarren galdeketaren aurretik, txostenaren orrialde kopurua 104ra igo dute. Eboluzio horrek agerian utzi du Kaledonia Berriko herritarrek Frantzian jarraitzearen edo handik ateratzearen arteko hautua inoiz baino informazio gehiagorekin egingo dutela gaur, esku artean duten dokumentuak etorkizuneko balizko bi paisaiak bere osotasunean aurkeztu baitizkie. Patrice Faure Kaledonia Berriko goi komisarioak azaldu zuenez, testuak «lan bakan bat irudikatzen du» eta «[Frantziako] estatuko zerbitzu guztiak mobilizatu ditu, Parisen eta Kaledonia Berrian, hori egiteko eta ondorio guztiak aurreikusteko». Hori bai, txostenak bitan ohartarazten du edukia ez dela «[Frantziako] gobernuaren jarrera politikoa», eta horretan saiatu egin direla bi aukeren «ondorio juridikoak, ekonomikoak eta politikoak aurkezten, modu ahalik eta neutroenean».
Txostena Frantziako Gobernuak osatu zuen, iragan maiatz amaiera eta ekain hasiera artean egindako bilkuraren ondoren. Bilera horretan parte hartu zuen Ozeaniako uhartediko independentistez eta loialistez osaturiko ordezkaritza batek, eta aurrean izan zuen Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroa. Dokumentuaren edukiaz gain, bilkurako protagonista ere izan ziren Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko desadostasunak; UC Kaledoniar Batasuna Frantziako hiriburuan izan baitzen, baina UNI Independentziarako Batasun Nazionala, ez.
Faurek horien iritziak entzun ostean atera zuen argitara ondorioei buruzko txostena, eta erreakzioak denetarikoak izan ziren: independentistentzat, «eztabaidarako toki handi bat» utzi du; loialistentzat, berriz, edukia «oso trinkoa» da. Honako hauek dira, dokumentuaren arabera, Frantziatik ateratzearen edo han geratzearen ondorioetako batzuk:
BAIEZKOAREN GARAIPENA
Gaurko erreferendumean baiezkoak irabaziko balu, Kaledonia Berria hemezortzi hilabeteko trantsizio epean sartuko litzateke, bere estatus berria definitze aldera. Logikoki, «estatu berri bat sortuko da», eta, hortaz, «nazioarteko itunak negoziatzeko aukera» izango luke gainontzeko herrialdeekin; besteak beste, nahi izanez gero, Frantziarekin —independentistek azaldua dute «elkarlan» harremana nahi dutela—. Aldiz, Ozeaniako uharte multzoa NBE Nazio Batuen Erakundetik aterako litzateke, eta horretan berriz sartu nahiko balu, eskari bat aurkeztu beharko luke; onartua izateko, NBEko estatuen bi herenen babesa beharko luke.
Lurraldetasunari buruzko beste elementu garrantzitsu batez ere aritzen da txostena: «alde bakarreko zatiketa» ez da aukera bat izango; hau da, Kaledonia Berriko eremu batek Frantziaren parte izaten jarraitzea, Noumeako Akordioko 5. artikuluak hori debekatzen baitu. Parisek, hortaz, «errespetatu egingo du» itun horretan harturiko konpromisoa, eta «ez du onartuko» zatiketarik.
Horrekin batera, nazionalitatearen auziaz ere erabaki beharko lukete; dokumentuaren arabera, Kaledonia Berriari eta Frantziari legokieke negoziatzea horren inguruan, eta zehaztea herritartasun kaledoniarra, frantsesa ala biak izango dituzten herritarrek—eta zer baldintzatan—.
Hori bai, Frantziako Kode Zibileko 32-3. artikuluaren arabera, zenbait herritarrek ez balute kaledoniar nazionalitaterik lortuko balizko estatu berria sortzean, frantsesa mantendu ahalko lukete; betiere, independentzia gauzatzerako Kaledonia Berrian biziko balira. Bi kasuetan, herritarrek galdu egingo lituzkete Europako Batasuneko kide izatearen elementuetako batzuk; tartean, Schengen eremuko eta estatu kideetako zirkulazio askea, laguntza ekonomikoak, baita europarlamenturako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea ere.
Ekonomiaren kasuan, estatu berriak erabaki beharko luke zer moneta erabili nahiko lukeen; horretaz, dokumentuak zenbait aukera zerrendatzen ditu: batetik, «moneta autonomo bat» sortzea; bestetik, egungoa mantentzea, CFP frankoa; eta azkenik, CFA frankoaren «mota bereko moneta bat hartzea» —Afrika Mendebaldeko Eremu Monetarioan erabiltzen dute, baina 2027an ordezkatuko dute beste batekin—.
Moneta autonomo hori sortuz gero, zorraren auzia kudeatu beharko lukete bi aldeek; gainera, txostenaren arabera, hautu horrek «ondorioak izango ditu neo-kaledoniarren ondasunetan, prezioen inflazioan eta ekonomiaren lehiakortasunean». Halere, erabakia edozein dela ere, dokumentua ohartarazpen batekin dator: «Monetaren funtzionamendu onak oinarri izango du hori erabiltzen dutenek emango dioten konfiantza».
Horrekin lotuta, merkataritzaren auziak ere zeresana emango luke, dokumentuak dioen modura, Kaledonia Berria «oso gutxi integratuta» baitago eskualdeko merkataritzan; kasurako, soilik esportazioen %1,7 doazela Ozeaniako herrialdeetara. Nikelaren kasua ere izan liteke gatazkatsua, ekonomia horren menpe baitago —iazko munduko ekoizpenaren %8 Kaledonia Berrikoa izan zen—, eta metropoliaren diru laguntzak baititu oinarri: «Estatuaren maileguak eta bermeak segurtatzeko baldintzak definitu beharko dira, baita gibel egitea nolako izango den ere».
Independentziaren aldekoen garaipenak Frantziako Estatuarenak diren eskumenen gaia ere mahaigaineratuko luke. Segurtasuna da horietako bat: trantsizio epeak iraun bitartean, Frantziako poliziek eta jendarmeek Kaledonia Berrian jarraituko lukete—1.100 agente inguru dira—, baita armadako soldaduek eta erreserbistek ere —2.000 inguru dira—; azken horien kasuan, bada aukerarik segurtasun eta defentsa lankidetza akordioak sinatzeko, eta, hortaz, han jarraitzeko, halakoak gertatu izan baitira; Djibutirekin eta Boli Kostarekin, esaterako.
Justiziaren kasuan, berriz, estatuaren eskumena izanik, Kaledonia Berriak bere sistema sortu beharko luke; aireko eta itsasoko segurtasunaren kasuan —1,4 milioi kilometro karratuko eremu ekonomiko esklusiboa, tartean—, aldiz, uhartediak eskumen osoa bereganatuko luke independentzia lortuz gero.
EZEZKOAREN GARAIPENA
Ezezkoak irabaziko balu, Kaledonia Berria hemezortzi hilabeteko trantsizio epean sartuko litzateke, bere estatus berria definitze aldera; tartean, Noumeako Akordioaren arabera, hiru aldeak elkartu egingo lirateke «sorturiko egoera aztertzeko». Gainera, dokumentuak ohartaratzen duenez, itun horren aplikazioa amaitu egingo litzateke, eta, hortaz, statu quo-ak ez luke balioko; hau da, uhartediak «atal berri bat» abiatuko luke bere egiturei dagokionez.
Hasteko, NBEk erabaki beharko luke amaitutzat jotzen duen Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesua. Horretarako, honako irizpide hauek erabiltzen ditu, 1541. eta 2625. ebazpenetan jasotakoak: «Lurralde ez-autonomo batek erabateko autonomia du estatu independente eta subiranoa bilakatzen denean; estatu independente bati modu askean elkartzen denean; edo estatu independente batean integratzen denean». Baita «estatu independente eta subirano bat sortzean; estatu independente batean integratzean edo harekin elkarte libre harreman bat adostean; edota herriak modu askean bestelako estatus politiko bat eskuratzen duenean» ere.
Frantziako Gobernuak irizpide horien arabera defendatu beharko luke Kaledonia Berria autonomoak ez diren lurraldeen NBEren zerrendatik ateratzea, eta nazioarteko erakundeak horiek aztertu ostean erabaki beharko luke zer erantzun; eskari hori egitekotan, trantsizio epearen ostean egin beharko luke Parisek, txostenak azaltzen duenez. Horri lotuta, dokumentuak dio balizko alde bakarreko independentzia deklarazio batek ez lukeela «baliotasun demokratikorik eta juridikorik» izango.
Erakundeen egiturari dagokionez, estatua, independentistak eta loialistak mahai beraren inguruan elkartu beharko lirateke etorkizuneko estatusa definitze aldera, eta horrek Kaledonia Berriak «errepublikaren arkitektura instituzionalean duen tokia berriz definitzea» ekarriko luke; horretarako, konstituzioa aldatzea eta lege berriak onartzea izango lirateke pausoetako batzuk. Hori bai, txostenaren arabera, estatus hori eta «autodeterminaziorako eskubide berretsia elkarrekin bizi ahalko» lirateke, hiru aldeek hala nahi izanez gero; eta, herritartasunaren kasuan, eragileek «aztertu» egin beharko lukete bateragarriak al diren kaledoniar herritartasuna eta horren eskubideak, eta Frantziako Konstituzioa.
Horiek horrela, Kaledonia Berriak Frantzian jarraituko balu, trantsizio epea egungo erronkez aritzeko ere balia lezakete: hala nola, deskolonizazioari buruzko kontu-ikuskatze bat egiteaz; kanaken eta caldochen arteko desberdintasunak txikitzeaz; identitate komun baten «eraikuntzan jarraitzeaz»; eta uhartediak «Frantziaren indopazifikoko estrategian» lukeen tokiaz.
Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma
Baiezkoaz, berrogei orri; ezezkoaz, hamalau
Azken erreferendumerako, Frantziako Gobernuak 104 orrialdeko txosten bat aurkeztu zien Kaledonia Berriko herritarrei, galdeketaren ondorioez inoiz baino informazio gehiago izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu