Bahraingo presoek behin-behinean gelditu dute gose greba

Ekinaldian zortziehun lagun inguru ari ziren parte hartzen; batzuen osasun egoerek okerrera egin dutelako hartu dute erabakia. Baldintzak hobetzeko beste proposamen bat bidali du gobernuak

Bahraingo preso grebalarien aldeko manifestazioetako bat. BIRD BAHRAINGO ESKUBIDEEN ETA DEMOKRAZIAREN INSTITUTUA.
Urko Iridoy Alzelai - Ander Perez Zala
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gose greba bat hasi zuten zortziehun presok baino gehiagok joan den abuztuaren 7an, Bahrain hego-ekialdeko Jau presondegian. Beren eskubideak eta espetxeko egoera hobetzea nahi dute, eta 2011. urtean herrialdeko agintarien politiken eta monarkiaren aurka altxatutako aktibistak dira pauso hori eman zutenak. Herrialde arabiar horren historiako gose grebarik jendetsuena bilakatu da, baina behin-behinean eten dute —hilaren 30era arte—, protestari batzuen osasun egoerak okerrera egin duelako.

BIRD Bahraingo Eskubideen eta Demokraziaren Institutuak herenegun jakinarazi zuenez, 36 egun egin dituzte greban. Preso batzuk soilik ura edaten ari ziren, eta beste batzuek bitaminak hartzen dituzte edota zain bidezko seruma jasotzen dute aurrera jarraitzeko. Mediku laguntza jasotzeko aukera zuten protestariek, baina horri uko egin zioten. BIRDen arabera, hainbat preso, medikuen laguntza eskatu ondoren, bakartze modulura eraman zituzten; hain justu, bakardade hori saihesteko, espetxeratuek erabaki zuten mediku laguntzarik ez jasotzea.

2016. urtean inhabilitatutako oposizioko Al-Wefaq alderdiaren arabera, gose grebarekin hainbat hobekuntza lortu nahi dituzte presoek. Adibidez, 3. eraikinekoen kasuan, beren burua «preso politikotzat» daukatenen kasuan, maiztasunez bakartzen dituzte, eta hori amaitzea nahi dute; horrez gain, espetxeratuak soilik ordu bat ateratzen dira ziegetatik, eta denbora hori handitzeko eskatzen dute. Grebalarien beste eskaeretako bat da aukera izatea meskitan kongregazioan otoitz egitea; eta, bisiten kasuan, irekiak eta maizagoak nahi dituzte.

Abuztu amaieran, giza eskubideen defentsan lan egiten duten eragileen eta Bahraingo Gobernuaren arteko negoziazioek abiapuntu bat izan zuten. Bilera horretan, presoen eskaerak hizpidera ekarri ziren, eta gobernuak hainbat eskaera onartu zituen; bisiten maiztasunak handiagotuko dituztela esan zuen, eta eguneroko ordu libreak gehiago izango direla. Horrez gain, bisiten zerrendak moldatzeko konpromisoa hartu zuen, eta telefono deien kostuak jaitsi. BIRDek esan zuen lehen onespen horiek «beranduegi» iritsi zirela, eta, azkenean, iragan abuztuaren 30ean, presoek uko egin zioten gobernuaren proposamen sortari. Gose greban jarraitzea erabaki zuten.

Asteotan, ordea, egoera aldatu egin da. BIRDek jakinarazi duenez, presoetako batzuk Barne Ministerioko ordezkari batzuekin eta espetxeko zuzendaritzarekin bildu ziren, eta bilera horretan haien baldintzak bi astean hobetzeko konpromisoa helarazi zieten. Besteak beste, proposamenak zera jasotzen du: presoek «familiaren bisita berezi bat» jasotzea, ehun egunean behin; bakardade egoeran jarri dituzten presoak handik ateratzea, eta denbora gehiago pasatzea ziegatik kanpo. Horiei buruz ohartarazpena egin dute presoek: esperotako epean betetzen ez badira, berriz ekingo diote gose grebari.

Amnistia helburu

Protesta ugari eragin ditu gose grebak herrialde osoan. Abuztuaren 18an hasi ziren manifestaldiak Manaman. Presoen familiek eta Bahraingo giza eskubideen aldeko eragileen defentsan aritzen diren taldeek antolatutako protestaldiak izan ziren. Bertan, presoentzako amnistia eskatu zuten: «preso politikoen» askatasuna eta haien karguak atzean uztea aldarrikatu zuten familiek.

Presoen familia batzuk ere elkartasuneko gose grebara batu ziren abuztuan. Zainab al-Kawhaja, Al-Kawhaja presoaren alaba, gose greba egiten hasi zen, bere aitari elkartasuna erakusteko. Al-Kawhaja alaba Bahraingo giza eskubideen aldeko defentsan ikur esanguratsua bilakatu da azken urteetan. X sare sozialean bere aitaren egoera argitaratzen du, baita bere gose grebaren eguneraketak ere. Haren esanetan, aitaren egoera «oso larria» da, eta mediku laguntza egokia jasotzeko beharra dauka.

Eta negoziazioen beste aldean, pixkanaka jarrera malguagoa izaten ari den arren, gobernuak zera defendatu du gose greba egiten ari diren presoez: «Bahraingo Gobernuak presoekiko giza eskubideak errespetatu eta nazioarteko arau guztiak betetzera hitzematen da. Horrez gain, Bahraingo Gobernuak aldarrikatzen du ez dagoela preso politikorik gure herrialdeko kartzelatan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.