Bosgarren gatibu trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Netanyahuk esan du mendekua hartuko duela Hamasek bahitutakoen egoera «txarragatik». Palestinako taldeak hiru bahitu utzi ditu aske, eta horien truke Israelek 183 preso askatu ditu.

Aske geratu diren bahituetako bat, Hamaseko bi kideren artean. HAITHAM IMAD / EFE
Aske geratu diren bahituetako bat, Hamaseko bi kideren artean. HAITHAM IMAD / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel Garcia Martikorena
2025eko otsailaren 8a
17:20
Entzun

Hiru aste beteko dira bihar Hamasen eta Israelen arteko su etena indarrean sartu zenetik. Lehen fasearen gakoetako bat da talde palestinarrak bahituak askatzea eta, trukean, Israelen kontrolpean dauden espetxeetan preso dauden hainbat palestinar libre uztea. Gaur egin dute bosgarren trukea: Hamasek hiru bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 183 preso. Horiek horrela, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 21 askatu ditu jada Hamasek. Israelek, berriz, 730 preso utzi ditu aske, guztira.

Aurreko lau aldietan egin duten prozesuaren antzekoa izan da gaurkoa; bahituak oholtza batera igo dituzte Hamaseko kideez inguratuta, eta, gero, Gurutze Gorriaren ibilgailu batean sartu dira Israelera joateko. Hirugarren preso trukean bahituak askatzean «krudeltasunez» jokatu izana egotzi zion Tel Avivek Hamasi, eta gaurkoan ere talde palestinarraren jarrera gaitzetsi du; izan ere, bahitutakoak «desnutrizioak jota» zeudela salatu du Israelek.

Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroak esan du gatibuen egoera ikusita Hamasen aurka erantzungo dutela. «Hiru bahituen egoerarekin eta Hamasen [meniaren] urraketekin bat datozen neurriak hartuko ditugu», jakinarazi du lehen ministroaren bulegoak, ohar batean. Israelgo hedabideak barne iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Tel Avivek Gazara sartzen uzten duen laguntza humanitarioa murriztu lezake.

Israelgo presidente Isaac Herzogek ere bahituen irudiak izan ditu mintzagai, eta ohar batean adierazi du «gizateriaren aurkako krimen baten adibidea» direla. Hala ere, hori su etenaren beste bi faseak aurrera ez eramateko arrazoi bat ez izatea eskatu du: «Su etenaren fase guztiak betetzea betebehar humanitario, moral eta judua da».

Israel ez da gatibuen egoeraz kexatu den bakarra. Hamasek Tel Avivi leporatu dio preso palestinarrak «pixkanaka hiltzen» aritzea. Izan ere, Israelek gaur askatu dituen 183 presoetatik zazpi ospitalera eraman behar izan dituzte, eta horrek Israelgo espetxeetako agintariek Palestinako herritarrei egiten dizkieten «eraso eta tratu txar sistematikoak» islatzen dituela iritzi dio taldeak. Horrek, baina, ez dituela haien egungo xede nagusitik aldenduko jakinarazi dute: su etenaren fase oro betetzea.

Taldeko buruzagi Basem Naimek Al Jazeera Qatarko telebista kateari adierazi dionez, prest dago «edozein oztopo gainditzeko». Izan ere, Hamasek telebista kate horretan Israeli leporatu dio meniaren lehenengo egunetik «azpijokoetan» aritzea. «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara [meniaren] bitartekariekin kooperatu eta Israelek jarritako oztopo guztiak gainditzeko», nabarmendu du Naimek. Halere, ohartarazi du erantzun egingo dutela Israelek akordioa urratzen jarraituz gero: «Oraindik aukera ugari ditugu esku artean Israelen urraketei erantzuteko. Bahituak askatzea atzeratu dezakegu, esaterako».

Palestinarrak kanporatzea xede

Bi aldeek gaur su etena errespetatzeko eta aurrera eramateko duten konpromisoa adierazi duten arren, azken egunetan kolokan egon da. Izan ere, Netanyahuren eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen hitzek harrabotsa eragin dute. Alde batetik, Etxe Zuriko maizterrak Gaza «kontrolpean» hartzeko asmoa erakutsi zuen asteartean, Netanyahurekin izandako bileran. Izan ere, gazatarrak zerrendatik kanporatu behar direla adierazi zuen. Bada, Hamaseko buruzagiak gaur esan duenez, Trumpen nahiak «garbiketa etniko bat» ekarriko luke, eta, gaineratu duenez, «gizateriaren aurkako krimen bat» izango litzateke.

Netanyahuk, berriz, Channel 14 Israelgo telebista kateari elkarrizketa bat eskaini zion herenegun, eta Saudi Arabian estatu palestinar bat sortzeko aukera plazaratu zuen, broma artean: «Saudiarabiarrek estatu palestinar bat sor dezakete beren herrialdean. Lur asko dute han». Zeresana eman dute lehen ministroaren hitzok, egun berean Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek jakinarazi baitzuen Gazatik «boluntarioki» alde egin nahi dutenentzako plan bat prestatzeko eskatu diola herrialdeko armadari. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusi Hissein al-Xeikhek Netanyahuren hitzak salatu ditu. Gaur kazetariei egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, Palestinako Estatua «soilik» Palestinako lurretan egongo da, eta eskerrak eman dizkio Saudi Arabiako Gobernuari Netanyahuren hitzak gaitzesteagatik.

Gobernua osatu dute Libanon

Gobernu berri bat osatu du Libanok. Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidente ohi Nawaf Salam da lehen ministro berria, eta hark proposatutako 24 ministroen gobernu taldea onartu du Libanoko presidente Joseph Aounek. Libanok ez du gobernu bat osorik izan 2022tik, eta iaz herrialdeko Hezbollah talde xiitaren eta Israelen arteko gatazka areagotu zen. Gaur egun, su etenean daude bi aldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.