Espainia. Mariano Rajoyren agurra

Badoa, 'berea' aldarrikatuz

Rajoyk PPren lidergoa utzi du, hamalau urtez alderdiko presidente izan ondoren. Ezohiko kongresu batean aukeratuko dute ordezkoa. Feijoo, Cospedal eta Saenz de Santamaria dira faboritoak

Mariano Rajoy 2004tik PPko presidentea izan denak atzo jakinarazi zuen uko egin diola Alderdi Popularraren lider izateari. Argazkian, atzo, Batzorde Exekutiboaren bileran. BALLESTEROS / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bere alderdi barruko ustelkeria kasu batek, kasuetako batek, Espainiako Gobernuko presidentetzatik eta, neurri batean, PPren lidergotik ere kendu du hamabi egunen buruan, baina Mariano Rajoyk berea, bere lorpenak bulartsu aldarrikatuz esan dio agur lehen lerro politikoari.

PPren Batzorde Exekutiboa bildu zuen atzo, eta organo horretako kideei jakinarazi zien uko egin diola alderdiko presidentetzari, karguan hamalau urte igaro ondoren. Prentsaren aurrean agerraldia egin zuen ondoren, eta nabarmendu zuen PP Espainiako «lehen alderdia» dela. «Inork ezin du esan Espainia okerrago dagoenik iritsi ginenean baino». Eta lorpenak, bere ondarea, izan zituen ahotan: finantza krisiaren unerik gogorrenean EB Europako Batasunari ez ziola ohiko erreskate bat eskatu behar izan, Kataluniaren independentzia «eragotzi» dutela 155. artikulua aplikatuz, ETAk bukatu duela eta ez direla negoziatzera eseri... Bien bitartean, nahiz eta Auzitegi Nazionalak joan den maiatzaren 24an kaleratutako epaian esan PPk finantza egitura paralelo bat eduki zuela gutxienez 1989tik 2008ra—Rajoy 1989tik izan da Espainiako Kongresuko diputatua—, ustelkeriaz esan zuena izan zen «haren kontra» egin dutela, erantzukizunak eskatu dituela, eta horren ondorioz jendea «alboratu» behar izan duela.

Presidentetza utzi du, iritzita hautu hori egitea dela onena PPrentzat, beretzat eta Espainiarentzat. «Gainontzekoak bost axola dit». Hori bai, azkeneko 37 urteotan egin bezala, alderdiaren karneta mantenduko du.

2004an iritsi zen presidentetzara, Jose Maria Aznar haren aurrekoak izendatuta. Oraingoan, baina, Rajoyk ez du bere ordezkoa zuzenean aukeratu. PPk ezohiko kongresu batera deituko du, eta orduan presidente berria hautatuko dute alderdiaren afiliatuek eta konpromisarioek, bozketa bikoitz batean. Hauteskunde primario batzuk egitea saihestu nahiizan du alderdiak, zatiketa irudia ez emate aldera. Zuzendaritza Nazionala astelehenean da elkartzekoa, eta ondoren zehaztuko dute kongresua noiz diren egitekoak. Zenbait komunikabidek PPren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, ziurrenik uztailean egingo dute. Bitartean, alderdiko jarduneko presidente izango da oraindik ere Rajoy.

Eta hiru dira Rajoy ordezkatzeko kiniela guztietan agertzen diren izenak: Maria Dolores de Cospedal, Soraya Saenz de Santamaria eta Alberto Nuñez Feijoo. Aurreneko biei haien karguak aipatuz eman zizkien eskerrak atzo Rajoyk, gaizki ulertuak saihesteko asmoz izenak aipatzea baztertuz. Izan ere, ofizialki ez, baina hautagaiak dira, eta bien arteko harremana ez da oso ona. Feijoori, bitartean, etorkizunaz galdetu zioten exekutibaren bileraren ondoren, eta adierazi zuen ez dela «Judas bat», eta Rajoyz hitz egiteko unea zela.

PPko iturriak aipatuz hainbat hedabidek diotenez, Feijoo (1961) da alderdiaren hautagaia. Galiziako PPren presidentea da 2006tik, eta Galiziako Xuntakoa 2009tik. PPk gehiengo oso nabarmena du han, eta, iturri horien arabera, PPren balioak goitik behera ordezkatzen ditu Feijook. Ez du, ordea, eskarmenturik Espainia mailan.

Cospedali dagokionez (1965), alderdian pisu handiena dutenetako bat da, eta ez da alferrik idazkari nagusia 2008tik; hain zuzen, Rajoyk berak proposatu zuen postu horretarako. Presidente ohiaren abaroan egin du bere ibilbide politikoa, Aznarrek Espainiako presidente gisa egindako bigarren agintaldian (2000-2004) gobernuaren bueltako zenbait postutan jardun zuenetik. Azkeneko bi urteotan Defentsa ministroa izan da, eta, joan den ostegunean, Rajoyren dimisioarekin espekulatu zenean, hark gezurtatu zuen informazio hori.

Ibilbide politikoa Rajoyren eskutik egin du, era berean, Saenz de Santamariak (1971). Beste bi hautagaien kontrara, ordea, ez du alderdiaren egituraren babesik. Horren erakusle, Jose Manuel Garcia Margallok herenegun egin zituen adierazpenak. 2011 eta 2016 artean Atzerri ministroa izan zenak esan zuen «ahal duen guztia» egingo duela Saenz de Santamaria PPren bozeramailea izan ez dadin; hau da, bereak eta bi egingo dituela alderdiko presidentea izan ez dadin. Baina azkeneko zazpi urteotan Espainiako presidenteorde izan denaren aldekoek diote administrazioa inork baino hobeto ezagutzen duela, oinarriko militanteen artean ondo baloratua dagoela, eta, are, zentroko bozkatzaileen botoak erakarri ahal izango lituzkeela.

Kritikak gainontzekoei

Bestelako gaiei ere heldu zien Rajoyk atzo, eta ostiralean kongresuan egindako zentsura mozioan Rafael Hernando PPren ganberako bozeramaileak esandakoen arrastoan mintzatu zen. Pedro Sanchez Espainiako presidente berriari leporatu zion ez duela programarik, bere gobernuaren ahultasuna «muturrekoa» dela,eta inoiz ez duela «hautetsontzietan irabazi». Gogorarazi zion, gainera, «estigma bat» jazarriko zaiola betiko: gobernura «populistek eta independentismo sektarioak» lagunduta ailegatu izana. Ciudadanosi egotzi zion ez diola «oposiziorik» egin independentismoari, eta PPri eskatu zion, bide batez, aurrerantzean oposizio «gogorra» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.