Bacheletek zabalik du bidea

Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Txilen; inkesta guztien arabera, alde handiarekin irabaziko du zentro-ezkerrakLehenbiziko aldiz, borondatezkoa da botoa ematea; horrek urduri dauzka hautagaiak

Samara Velte.
2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Badoa Sebastian Piñera. Inkestek emaitza txarra iragartzen diote Txileko eskuinari gaurko hauteskunde orokorretan: guztien arabera, Michelle Bachelet presidente ohiak hartuko dio lekukoa, NM Gehiengo Berria zentro-ezkerreko koalizioarekin. 2006an gobernura heltzen lagundu zion bloke berberaren babesa dauka, baina oraingoan Alderdi Komunista ere gehitu zaio. Zalantza gutxi dituzte Txilen: galdera nagusia da ea Bacheleti aski izango ote zaion bozketa bakarra gehiengo osoa lortzeko, edo abenduaren 15ean bigarren itzulia egin beharko ote duten gehien bozkatutako bi alderdiek.

Denera, bederatzi hautagai aurkeztu dira presidente izateko. Ofizialismoa ordezkatzen duen Evelyn Matthei kontserbadorea da Bacheleten aurkari nagusia. Beste bi hautagai ere dezente nabarmendu dira: Franco Parisi eskuineko populista eta Alderdi Progresistako Marco Enriquez-Ominami; gainontzekoak hautagai independenteak edo alderdi txikietakoak dira.

Presidentea ez ezik, parlamentuko diputatuak ere bozkatuko dituzte: kongresuko guztiak eta senatuko heren bat. Bi ganberetan gehiengo osoa lortu nahi du NMk, parlamentuak ez diezaien trabarik ipini gobernuaren asmoei. «Asko dago egiteko», esan zuen Bacheletek ostiralean, kanpaina amaierako ekitaldian: «Gehiago itxaron ezin duten arazoak ditugu: Txileren zauri nagusia parekotasunik ez egotea da».

Itxurazko oparotasuna

Augusto Pinocheten Junta Militarrak (1973-1990) agintea galdu zuenetik, Txileko eskuin tradizionalak behin bakarrik gobernatu du: Piñerarekin, azken lau urteotan. Zentro-ezkerrak aurretik abiatutako ildo neoliberalari eutsi dio, eta harro erakutsi dizkio lorpenak munduari: Latinoamerikako BPG handiena du Txilek, eta langabezia %6ra jaitsi da. Itxurazko oparotasuna da, Parekidetasunaren Alderdiko Roxana Miranda presidentegaiak ohartarazi duenez: kapitala esku gutxitan dago kontzentratuta, eta desberdintasunak handiak dira. Aberatsek Europaren pareko bizi-kalitatea dute; behartsuenek, sarri, ez daukate osasunerako eta hezkuntzarako sarbiderik ere. Azken hiru urteotan, ikasleen protestek behin eta berriz geldiarazi dute unibertsitate sistema.

Neurri batean hark bultzatutako politikaren ondorio da gaur egungo paisaia, baina Bacheletek bere alde erabili ditu herritarren kritikak. Hezkuntzan, erreforma zabala agindu du: doakoa izango da herritarren %70entzat. Inbertsio horiek finantzatzeko —eta Txileren zorra leuntzeko—, zergak igoko dizkie enpresei: lau urtean, %20tik %25era. Eta Pinochetek 1980an inposatutako konstituzioa erreformatzeko promesere egin du.

Abstentzioaren zalantza

Denera, 12,5 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea. Hautagaiek behin eta berriro eskatu diete bozetan parte hartzeko. Izan ere, lehenbiziko aldia da herritarrek presidentetzarako bozetan botoa borondatez eman dezaketena; orain arte, derrigortuta zeuden. Iazko udal hauteskundeetan sartu zen indarrean lege berria, eta abstentzioa %60 izan zen. Aste honetan telefonoz egin duten inkesta baten arabera, oraingoan ere %59k «interes gutxi» dute botoa emateko. Bacheleten beldurra da bere jarraitzaileek beharrezkotzat ez jotzea botoa ematea, inkestek diotena bestela ere beteko delakoan. Mattheik bigarren itzulira heltzeko esperantza du, sakabanatutako boto eskuindarrak abenduan biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.