Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak helburu argi bat du Txinan atzo abiatu zuen bisitan: Xinjiang eskualde musulmanean salatu dituzten giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzea, ahalik eta modu independenteenean.
Hamazazpi urtean lehen aldiz, Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatari bat Asiako potentzian da, eta horrek garrantzi handia eman dio Bacheleten sei eguneko bidaiari. Baina agintariak dena ez du alde, 200 bat GKE gobernuz kanpoko erakundek ohartarazi baitzioten, iragan ostiralean Pekinek bisita «manipulatuko» duela, eta litekeena dela hori «harreman publikoen operazio bat» bilakatzea herrialdeko gobernuaren mesederako.
Berez, Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria arrisku horren jakitun dago. Bi aldeek lau urte behar izan dituzte egunotako bidaia negoziatzeko eta adosteko, baina nazioarteko erakundeak ez du xehetasun handirik eman Bacheleten ikerketaz, nahiz eta jakina den nahiko mugatua izango dela; agintariak, esaterako, ezingo ditu bere kasa elkarrizketak izan, Txinako Gobernuak argudiatu baitu «zirkulu itxi batean» izan behar direla, koronabirusa ez hedatzeko.
Besteak beste, Bachelet Xinjiango Kashgar eta Urumqi hirietan izango da, eta tokian tokiko eta herrialde osoko gobernuetako ordezkariekin batzartuko da, baita enpresariekin, akademikoekin eta gizarte zibileko taldeekin ere. Printzipioz, horiek dira izango dituen elkarrizketa bakarrak; guztiak, aurrez antolatuak.
GKE-en arabera, 2016az geroztik etnia uigurreko milioi bat lagun pasatu dira doktrinatzeko zentroetatik —hamabi milioi pertsona bizi dira Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan—, eta 2018an bertan NBEk ere salaketa hori egin zuen, «txosten sinesgarriak eta ugariak» oinarri hartuta; zehazki, «epaiketarik gabe, torturatuta eta betiko itxita» zituztela esan zuen.
Hasieran, Pekinek ukatu egin zuen zentro horiek existitzen direla, baina gerora adierazi zuen «bokaziozko formakuntzarako zentroak» direla, eta lanbide bat ikasteko edota mandarin txinera hobetzeko balio dutela.
«Lankidetza» nahia
Egunotako bidaiaz, Wang Wenbin Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak hau esan zuen atzo: «Txinak espero du Bacheleten bisitak bi aldeen arteko lankidetza eta trukatzeak sustatuko dituela, eta rol aktiboa izango duela giza eskubideen nazioarteko kausan aurre egiteko».
Bacheletek giza eskubideen urraketa salaketak ikertu nahi ditu Xinjiangen
Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da larunbatera arte. 200 bat GKEren ustetan, Pekinek egonaldia «manipulatuko» du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu