Txina

Bachelet Xinjiango giza eskubideen urraketa salaketak ikertzen saiatuko da

Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da, eztabaida handia eragin duen sei eguneko bidaia bat egiteko. Berrehun bat GKEk salatu dute Pekinek egonaldia «manipulatuko» duela.

Michelle Bachelet, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 23a
16:42
Entzun

Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak helburu argi bat du Txinan abiatu berri duen bisitan: Xinjiang eskualde musulmanean salatu dituzten giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzea, ahalik eta modurik independenteenean.

Hamazazpi urtean lehen aldiz, Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatari bat Asiako potentzian da, eta horrek garrantzi handia eman dio Bacheleten sei eguneko bidaiari. Baina agintariak dena ez du alde, berrehun bat GKE gobernuz kanpoko erakundek ohartarazi baitzioten, iragan ostiralean, Pekinek bisita «manipulatuko» duela, eta hori «harreman publikoen operazio bat» bilaka daitekeela herrialdeko gobernuaren mesederako.

Berez, Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria arrisku horren jakitun dago. Bi aldeek lau urte behar izan dituzte egunotako bidaia negoziatzeko eta adosteko, baina nazioarteko erakundeak ez du xehetasun handirik eman Bacheleten ikerketaz, nahiz eta jakina den nahiko mugatua izango dela; agintariak, esaterako, ezingo ditu bere kasako elkarrizketak izan, Txinako Gobernuak argudiatu baitu «zirkulu itxi batean» izan behar direla, koronabirusa ez hedatzeko.

Besteak beste, Bachelet Xinjiango Kashgar eta Urumqi hirietan izango da, eta tokian tokiko eta herrialde mailako gobernuetako ordezkariekin batzartuko da, baita enpresariekin, akademikoekin eta gizarte zibileko taldeekin ere. Printzipioz, horiek dira izango dituen elkarrizketa bakarrak; guztiak, aurrez antolatuak.

GKE-en arabera, 2016az geroztik etnia uigurreko milioi bat lagun pasatu dira doktrinatzeko zentroetatik —hamabi milioi pertsona bizi dira Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan—, eta 2018an bertan NBEk ere salaketa hori egin zuen, «txosten sinesgarriak eta ugariak» oinarri hartuta; zehazki, «epaiketarik gabe, torturatuta eta betirako itxita» zituztela esan zuen.

Hasieran, Pekinek ukatu egin zuen zentro horiek existitzen direnik, baina gerora adierazi zuen «bokaziozko formakuntzarako zentroak» direla, eta lanbide bat ikasteko edota mandarin txinera hobetzeko balio dutela.

Txostenaren zain

Nazioarteko erakundea uigurren egoeraz txosten bat argitaratzekoa zen, baina atzeratu egin du, eta horretaz iazko irailean aritu zen azkenekoz, Bacheletek adierazi zuenean dokumentua «amaitzen» ari zirela. Hortaz, baliteke goi mandatariak larunbatera arte iraungo duen bisita baliatzea testu hori osatzeko.

Egunotako bidaiaz, Wang Wenbin Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak hau esan du gaur: «Txinak espero du Bacheleten bisitak bi aldeen arteko lankidetza eta trukatzeak sustatuko dituela, eta rol aktiboa izango duela giza eskubideen nazioarteko kausan aurre egiteko».

HRW Human Rights Watchen Txinarako zuzendari Sophie Richardsonen ustetan, baina, «sinesgarritasunaren kontrako desafio bat da Txinako Gobernuak goi mandatariari uztea ikusi nahi ez dituen gauzak ikusten uztea».

Zenbait herrialdek —AEBek, Erresuma Batuak eta Japoniak, besteak beste— boikot diplomatikoa egin zieten Txinan iragan otsailean egin zituzten Neguko Olinpiar Jokoei, besteak beste, uigurrek eta GKEk salatzen dutena oinarri hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.