Pedro Sanchez gogoeta egiten ari da, Espainiako Gobernuko presidente karguan jarraitu ala ez. Edo agian dagoeneko hartu du erabakia, nork daki. Kasua edozein dela ere, Sanchezek bere buruari eskaini dion bost eguneko epea amaitzear da, eta dimisioa emanez gero sortuko lukeen hutsunearen tamaina zer handia litzatekeen, hori utzi dute agerian gaur PSOEren zuzendaritzak eta alderdiaren jarraitzaileek. Drama kolektibo moduko batean baitaude sozialistak, gehiegizkoa litzatekeelako orain, ziurrenik inork espero ez zuenean, azken hamarkadako norabidearen egilea galtzea. Aurpegi serioak, emoziorako tarteak eta itxaropenerako oihuak, denetik izan du Espainiako hiriburuko Ferraz kaleak. Sentimenduen koktel bat, ondorioak aurreikustea ezinezkoa litzatekeen krisi bat eragozteko.
Espainiako Gobernuko presidenteak babes olde bat jaso du, bai alderdiaren egoitzaren barnean, baita kanpoan ere. PSOEren zuzendaritzako kideak eta jarraitzaileak saiatu dira Sanchez konbentzitzen gobernuburu karguan jarrai dezan, eta horretarako mezuak eta erreferentziak denetarikoak izan dira: eskuina eta eskuin muturra aipatu dituzte, horien aurka borrokatzeko beharra; 36ko gerra ere bai, faxisten errepresioarekin batera; sufrimenduaren adibide pertsonalak ere plazaratu dituzte; eta Felix Bolaños Presidentetza eta Justizia ministroa eta Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriarena malkoak begietan zituztela agertu dira, adibide batzuk aipatzearren.
Erlazionatuta
Egunotako egoeraren ezohikotasunaren erakusle izan da PSOEren Batzorde Federalaren bilkura bera. Alderdiaren idazkari nagusirik gabeko bilera izateaz gain, soilik Europako Parlamenturako hauteskundeetako zerrendak berresteko hitzordua behar zuena Sanchezi arrakalarik gabeko babesa helarazteko momentua bilakatu da. «Batzorde federal hau desberdina da. Mezu biribil batekin hastea beharrezkoa da, herrialde honetako milioika progresistaren ustea jasotzen duena: Pedro, gera zaitez. Zurekin gaude», esan du Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak.
PSOE barnean Sanchez gehien kritikatzen duen Emiliano Garcia-Pagek ere —Gaztela-Mantxako gobernuburua da— helarazi dio sostengua Espainiako Gobernuko presidenteari, adierazita «denen babesa» duela, eta berea «bereziki». Eta mezu sorta horren guztiaren ondoren, alderdiko buruzagitzako kideak kanpora atera dira, jarraitzaileak agurtu eta aho batezko eskaria islatzera.
Ferraz kaletik kanpo ere Sanchezen aldeko mezuak entzun dira gaur. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak —Sumar koaliziokideko buruzagia ere bada—, kasurako, ez du zuzenean aipatu presidentea, baina adierazi du «inork ez» duela gobernua «makurraraziko», eta «demokrazia babestera» deitu du. Hori bai, zeharka izan bada ere, gobernuburuaren bost eguneko gogoeta prozesuarekin kritiko agertu da: «Ez da gauza bera eskuin muturraren erasoak jasatea herrialdea eraldatzen ari zarenean, eta norbere baitan bilduta eta defentsiban egotean».
Feijoorentzat, «demokraziatik dimisioa ematen» ari da
Alberto Nuñez Feijoo PP Alderdi Popularraren buruzagiak, aldiz, Sanchezi gaur leporatu dio «haren ingurukoen, haren gobernuaren eta haren alderdiaren arazoak» herritarrei «lekualdatzen saiatzea». Eta egunotan hartuko duen erabakiaz, uste du Espainiako Gobernuko presidentea, egiazki, «demokraziatik dimisioa ematen» ari dela.
Are, Sanchez eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia (2016-2017) konparatu ditu, biek ala biek Espainiako epaileei eta hedabideei «eraso egiten» dietelakoan: «Puigdemonten eta Sanchezen arazoa justizia da, ez da politika».
Espainiako Gobernuko presidenteak etzi emango du bere erabakiaren berri, eta lau agertoki posible daude: batetik, karguan segitzen duela jakinaraztea; bigarrenik, Espainiako Kongresuan konfiantza mozio batera deitzea; hirugarrenik, dimisioa eman, eta, gerora, inbestidura saio bat izatea behe ganberan, beste agintari bat gobernuburu izendatzeko; eta, laugarrenik, dimisioa eman eta Espainiako errege Felipe VI.ak hauteskundeetara deitzea —betiere datorren maiatzaren 31tik aurrera, hori egiteko urtebete pasatu behar baita Gorteak desegin zirenetik—.