Gerra Ukrainan

Azovstal altzairutegiko erasoaldia bertan behera uzteko agindu du Putinek

Lantegiaren ingurua itxiko dutela esan du, «eulirik ere» sartu edo atera ez dadin; Errusiako eta herri errepubliketako soldaduak han sartzea «ezin burutuzko ekintza» dela erantsi du. 2.000 soldadu ukrainar daude han lur azpiko tuneletan. Gerra hasi zenetik, hiru ukrainarretik batek utzi du bere etxea.  

Azovstal altzairutegiko bonbardaketaren irudiak. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA, EFE
Mikel P. Ansa - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko apirilaren 21a
11:44
Entzun

Mariupolen geratzen diren erresistentzia gune bakarrenetako bat da Azovstal altzairutegia, hiriaren hego-ekialdean kokatua. Errusiako armadak eta Donbassko herri errepubliketako soldaduek duela zenbait aste inguratu zuten, eta aste honetan bukatu da altzairutegia husteko ukrainar soldaduei egin zieten ultimatuma. Erasoaren zain zeuden guztiak, baina gaur goizean Putinek erasoaldia bertan behera uzteko agindu du: «Industrialadean sartzeko agindua ez da egokia, eta bertan behera uzteko eskatzen dut», esan du Errusiako presidenteak, Sergei Xoigu Defentsa ministroarekin egin duen bileran. Interfax albiste agentziaren arabera, soldadu eta ofizialen bizitzak babestu behar direla argudiatu du Putinek.

Putinek dio Mariupol «askatzeko» operazioa arrakastatsua izan dela, eta Xoigu zoriondu du. Otsail bukaeratik setiatu dute hiri hori Errusiako tropek, eta kalez kale aritu dira borrokan ukrainarrekin. Gerra aurretik 500.000 biztanle zituen Mariupolek, eta uste da 150.000 inguruk hiria utzi dutela. Azovstal altzairutegia da errusiarrek kontrolpean hartu ez duten eremu bakarra. Iturri batzuen arabera, 2.000 soldadu ukrainar daude altzairutegian gotortuta, eta, Ukrainako Gobernuak gaur azaldu duenez, mila bat zibil eta 500 bat soldadu zauritu ere badaude han.

Europako altzairutegirik handiena

Hamar bat kilometro koadroko eremu industrial handi bat da Azovstal, Europako altzairutegi handienetako bat, eta lur azpiko tunelez, lantegiz eta era guztietako azpiegituraz josita dago. Aurreko asteetan ere borrokan ibili dira eremu horretan, eta txikituta dago. Eremu horretan borroka bat hastea gaitza izan zitekeen, eremuaren beraren zailtasunagatik eta ukrainarrek erresistentzia gogorra egin dezaketelako.

Azov batailoiko soldaduak dira Azovstalen gotortuta daudenetako batzuk. 2014 eta 2022 artean ezagun egin dira, Donbasseko gerran izan duten parte hartzearengatik. Eskualde horietan gerra krimenak egitea egotzi izan zaie, eta baita joera ultraeskuindarrak aterpetzea ere. Ukrainako armadako 36. batailoiko soldaduak ere badaude han. Horiek dira Mariupolen borrokan jarraitzen duten indar ukrainar bakarrak orain.

Hortaz, Putinek gaur adierazi du ez dagoela beharrik altzairutegira sartzeko, inguru hori itxi egingo dutelako «eulirik ere» sartu edo irten ez dadin: «Ez dago beharrik katakonba horietan sartu eta eraikin industrial horien artetik lurrean arrastaka ibiltzeko». Erasoaren asmoa utzi eta altzairutegia setiatzeko asmoa du, beraz, barruan daudenak errendi daitezen. Ukrainarrei armak emateko eskatu die, eta, horren truke, nazioarteko legeek dioten moduan hartuko dituztela esan du.

Altzairutegia husteko negoziazio eske

Putinen adierazpenen berri izan aurretik mintzatu dira Azov batailoiko kideak, goizean goiz. Sviatoslav Palamar batailoiko komandanteetako batek adierazi du ez daudela errenditzeko prest, baina prest leudekeela altzairutegitik ateratzeko, beste batek gibelatze hori behatuko balu eta armatuta irten ahalko balute. Errusiak armak entregatzeko egindako eskariari ezezkoa erantzun diote, eta segurtasun bermeak eskatu dituzte. «Egoera zaila da, kritikoa», esan du.

Mikhailo Podoliak Ukrainako Gobernuaren ordezkariak, berriz, Moskuri eskatu dio Mariupoli buruz negoziatzera esertzeko, altzairutegia husteko baldintzei buruz hitz egiteko. Irina Verextxuk Ukrainako lehen presidenteordeak nazioarteko komunitateari adierazi dio korridore humanitario bat «premiazkoa» dela Azovstalen. Altzairutegian dauden mila zibilak eta 500 soldadu zaurituak gaur bertan atera behar direla ziurtatu du. Nazioarteko komunitateari eskatu dio horretan jartzeko indarra orain.

Atzo lau autobus atera ziren giza korridorea baliatuz, eta gaur beste hiru autobus iritsi dira Zaporizhzhiara Mariupoldik. Polemikarik ez da falta izan, hala ere: agintari ukrainarrak salatzen ari dira giza korridoreak ez direla funtzionatzen ari, indar armatu errusiarrek oztopatzen dituztelako.

Hiri estrategikoa inbasiorako

Mariupol hiri estrategikoa bihurtu da Errusiaren inbasioarentzat, eta ekonomikoki eremu garrantzitsua da gainera —gerraren aurretik, han ekoizten zen Ukrainaren barne produktu gordinaren %5—. Azov itsasorako irteera guztiak eta Itsaso Beltzeko portu nagusiak —Odesa ez besteak— kontrolatuko lituzke Errusiak, Mariupol bereganatuta. Gainera, Donbassko eskualdeak eta Krimea lurrez lotzeko aukera emango lioke Errusiari —Krimea bakartuta egon da 2014tik, Errusiak anexionatu zuenetik—.

Mariupol eskuratuta, Ukrainaren hego-ekialdea kontrolatzeko lanaren parte bat egina luke Moskuk, herrialdea bitan zatitzeko estrategiari jarraituz. Aste honen hasieran, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi zuen gerra «beste fase batean» sartu zela: Ukrainaren ekialdea kontrolatzeko fasean, alegia. Kiev utziz geroztik, han bildu ditu tropak Moskuk, eta azkeneko egunetan bonbardaketak eta erasoak handitu ditu Ukrainaren ekialdean. Gaur goizaldean bertan, Kharkiven eraso handiak egin dituztela jakinarazi dute. Gauean, guztira, 1.000 bat misil eta lehergailu jaurti ditu Errusiak Ukrainara. Luhansk eskualdeko lurren %80 kontrolpean dituztela ere esan dute errusiarrek —gerraren aurretik probintziaren %60 kontrolatzen zuen herri errepublikak—.

Errusiak Ukrainari bakea adosteko beste proposamen bat helarazi ondoren iritsi da erasoaldia eteteko erabakia. Besteak beste, proposatu du Ukrainak estatus neutrala izatea, Krimea Errusiaren parte dela aitortzea, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzea, eta errusiera berriz ere hizkuntza ofizial bilakatzea. Mikhailo Podoliak Ukrainako negoziazio buruak esan du Moskuren eskariak jaso dituztela, eta aztertu egingo dituztela.

Laguntza militar gehiago mendebaldetik

Joe Biden AEBetako presidenteak iragarri du arma gehiago gehiago emango dizkiola Ukrainari: 735 milioi euroko gastua egingo du. Arma astunak, lehergailuak, munizioa eta droneak emango dizkie ukrainarrei, besteak beste. Espainiak eta Danimarkak ere Ukrainako Gobernuari arma gehiago emango dizkiotela iragarri dute gaur. Kieven izan dira Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa gaur, eta Volodimir Zelenskirekin elkartu dira. Espainiak 200 tona arma igorriko ditu; Danimarkak, 80 milioi euroren balioa dutenak.

Alemaniak, berriz, Ukrainari arma astun eta ibilgailu militar gehiago azkar emateko zailtasunak dituela adierazi du gaur. Christine Lambrecht Defentsa ministroak, hortaz, proposatu die Europa ekialdeko estatuei emateko baliabide militar horiek Ukrainari, gero Alemaniak emango dizkielako trukean estatu horiei. Ukrainari baliabide militarrak ahalik eta azkarren emateko modu egokiena iruditzen zaio hori Berlini.

Bidenek, bestalde, zalantzan jarri du Errusiak Mariupol kontrolpean ote duen. «Mariupol guztiz erori den ebidentziarik ez dago». Iragarri du Errusiako itsasontziei debekatu egingo dietela AEBetan porturatzea.

Letoniako eta Estoniako parlamentuek, berriz, gaitzetsi egin dute Ukrainaren inbasioa, eta «genozidio ekintzatzat» jo dituzte Errusiaren ekintzak. Moskuk, hain justu, bi herrialde horietako eta Lituaniako kontsulatuak itxiarazi ditu; San Petesburgon dituzte egoitzak. Hiru herrialde baltikoak NATOko kide dira.

Bost milioi iheslari

Ukrainako herritarren %12 inguruk utzi dute herrialdea, otsailaren 24an gerra hasi zenetik. 5,1 milioi pertsonak ihes egin dute. Herrialdean bertan ere etxea utzi dute beste askok, kanpora ihes egin ez arren: 7,7 milioi pertsona inguru direla uste dute. Hortaz, hiru ukrainarretik batek beren etxea utzi dute bi hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.