Laguntasun gutxi erakutsi zuten atzo Kataluniako presidentegaiek La Sexta katean. Aurrez egin zituzten eztabaidak baino beroagoa izan zen atzokoa, eta azken egunetan polemika sortu duten hainbat gai izan zituzten hizpide, programa politikoak baino gehiago: Voxen ekitaldietan izandako istiluak, Illaren ezezkoa eztabaiden aurretik antigenoen proba egiteari, elkarren arteko akordioak...
Eztabaida hasi bezain pronto hasi ziren hautagaiak elkarri gauzak aurpegiratzen. Laura Borras JxCateko hautagaiak, bere lehen hitzartzean, maskara bat oparitu nahi izan zion Salvador Illa PSCren hautagaiari, eta janzteko eskatu zion. Gauza bera egin zuten Pere Aragonesek (ERC), Carlos Carrizosak (C's) eta Alejandro Fernandezek (PP) ere. Atzo, TV3en egindako eztabaidan bezala, Illak uko egin zion eztabaidaren aurretik antigenoen proba bat egiteari, eta argudio berak erabili zituen: «Protokolo guztiak» betetzen dituela, kasu horretan ez zela gomendagarria proba egitea, eta telebistako platoan neurri guztiak behar bezala betetzen dituztela.
ð;Â;ÂÂ;ŸÂÂÂÂÂÂÂÂŽ¥ @LauraBorras: "El senyor @salvadorilla no s'ha volgut fer un test d'antígens per la seguretat de tots. No complir amb els protocols és una irresponsabilitat. Li demano que es posi una mascareta per protegir-nos a tots, o que abandoni el plató per respecte"#L6ElDebatpic.twitter.com/tB1UoVRGxV
— Junts per Catalunya ð;Â;ÂÂ;ŸÂÂÂÂÂÂÂŽ— (@JuntsXCat) February 11, 2021
Illak erantzun zuen ez dela kritikak sahiesteko «antzezten» hasiko, eta ez zuela proba egin ez zuelako sintomarik eta ez zelako positibo eman duen inoren kontaktu zuzena izan. Txertorik ez duela jaso ere baieztatu zuen. Horretaz gain, gaitzetsi egin zuen «alderdi independentistek nire aurka egindako akordioa»: «Illaren aurka guztiak balio duela dirudi», gehitu zuen. PSCren hautagaia izan zen eztabaida lasaitu nahi izan zuten gutxietako bat, eta esan zuen ez zegoela eroso «hautagaien tonuarekin».
Hika-mika gehien sortu zuten beste hautagaietako bat Voxeko Ignacio Garriga izan zen. Azken egunetan istiluak ari dira izaten eskuin muturreko alderdiaren hainbat ekitalditan, talde antifaxistak gerturatzen ari baitira haiei aurre egitera. Garrigak ERCri eta CUPi egotzi zien «eraso» horien ardura, «terrorista» deitu zien, eta Laia Estrada CUPeko ordezkaria «politikari sartu den gaizkilea» dela san zuen.
Aragones ERCko hautagaiak argi utzi zion beti egin izan diotela aurre eskuin muturrari, demokratikoki, eta hala egiten jarraituko dutela: «90 urte daramatzagu hori egiten, eta Kataluniako alderdi errepresaliatuena izan gara: frankistek fusilatutako presidente bat dugu». Borrasek eta Estradak bat egin dute Aragonesekin, eta Garrigaren baieztapenak onartezintzat jo dituzte.
ð;Â;ÂÂ;ŸÂÂÂÂÂÂÂÂŽ¥[VÍDEO] @perearagones: "Vamos a combatir siempre el fascismo. Lo hemos hecho esos 90 años de historia. Hemos sido el partido más represaliado, el president Companys fue entregado por los nazis y fusilado. Tenemos una larga trayectoria de compromiso antifascista" #L6ElDebatpic.twitter.com/IU0TGcAfYJ
— Esquerra Republicana (@Esquerra_ERC) February 11, 2021
Jessica Albiach En Comu Podemeko hautagaiak ere kritikatu zuen Aragones, JxCatekin gobernu akordioa egin nahi izateagatik. Gogoratu zion Katalunian ezkerreko hainbat neurri onartu dituztela azken urteetan; aipatu zituen alokairuaren prezioari jarritako mugak eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borroka, besteak beste. ERCko hautagaiak, berriz, babesa eskatu zion Albiachi, «ezkerrekoa eta subiranista den presidente bat izan dezan Kataluniak».
Inkesten arabera, hauteskundeak irabazteko faboritoak PSC, ERC eta JxCat dira, eta elkarren arteko akordioei eman zieten protagonismoa hiru alderdi horietako hautagaiek. Aragonesek Borrasi gogoratu zion JxCatek PSCrekin batera agintzen duela Bartzelonako diputazioan, eta Borrasek erantzun zion ERCk, Madrilen, nahiago izan duela beti PSOErekin bat egin JxCatekin baino.
Arran eta Jusapol
Gaurko elkarretaratze bat zuten deituta Jusapol, Jupol eta Jucil polizien sindikatuek Bartzelonako Sant Jaume plazan. Hara bertaratu dira Arran CUPen gazte erakundeko ehun kide inguru ere, Poliziei aurre egitera. Elkarretaratzea babesten ari ziren mossoek, ordea, ez diete plazara sartzen utzi, baina hainbat lelo oihukatu dituzte manifestariek: «Poliziak torturatu eta hil egiten du» eta «faxistak gure auzoetatik kanpora», besteak beste.
Mobilizazioari babesa erakutsi dio CUPek, eta Carles Riera diputatuak gaitzetsi egin du Generalitateak eta Mossoek «faxistak defendatzen» jarraitzea.
Azken eguna
Atzokoa hautagaien arteko azken eztabaida izan zen, eta gaur da kanpainako azken eguna. Alderdi gehienek iluntzean egingo dituzte azken ekitaldiak, zalantzan dauden hautesleak erakartzeko asmoz. Azkenean, gainera, ez dirudi hauteskundeak egiteko arazorik izango dutenik. Bernat Solé Kataluniako Gobernuko kontseilariak gaur esan duenez, badute mahaien %99,9 osatzeko adina jende.