Israelen eta Gazaren arteko menia adosteko negoziazioek etena izango dute asteburu honetan, datorren astelehenean Ameriketako Estatu Batuetako, Egiptoko, Qatarko eta Israelgo ordezkariak atzera bildu arte, Kairon. Baikor ikusten dituzte etzi ekingo dieten elkarrizketei: Israelen eta Hamasen arteko «arrakalak» murrizten dituen akordioa proposatu dute AEBek, eta hiru herrialde bitartekariek «azkar» gauzatzeko modukoa dela deritzote. Joan den abendutik dabiltza bi aldeak ados jartzeko lanetan, eta «azken txanpan» sartuak dira negoziazioak.
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Israelera joango da gaur, aste honetako «ahalegin diplomatikoei» jarraipena emateko; astelehenean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin elkartuko da. Dohan ostiraleko bilerak amaituta, Joe Biden AEBetako presidenteak adierazi zuen, Etxe Zuritik, «aurrerapauso esanguratsua» eman eta zerrendarako menia «inoiz baino gertuago» dutela, eta esperantza du datorren astean. «Ez dut ezer zapuztu nahi, baina baliteke zerbait lortzea».
Milizia palestinarrek ez dute parte hartu Dohako elkarrizketetan. Hamasek gogorarazi zuen berak uztailean onartu zuela AEBek proposatutako akordioa, eta nabarmendu du Israelek hura onartu behar duela. Negoziazioen etenaren biharamunean, menia adosteko zorian egotea «ilusio hutsa» dela adierazi du Hamasek, AFP agentziari bidali dion oharrean: «Horiek ez dira akordioa eta benetako negoziazioak, ezpada estatubatuarren aginduak inposatzea».
Akordio posiblea gertu omen bada ere, xehetasunak falta dira oraindik: ez dute zehaztu zenbat preso palestinar askatuko lituzkeen Israelek, ezta urriaren 7an bahitutako zenbat askatuko lituzkeen ere Hamasek; su etena noiz edo zein epetan sartuko litzatekeen indarrean ere erabakitzeke dago, eta Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzea nola bermatuko den ere adostu behar dute.
Azken erasoak
Urriaren 7az geroztik, 40.000 lagunetik gora hil ditu Israelek Gazan. Gaur, Az-Zawayda auzoa bonbardatu du, eta gutxienez hemezortzi palestinar hil ditu, eta dozenaka zauritu. Israelek zerrenda erdialdeko Maghazi kanpamentukoei ebakuatzeko agindu die; milizia palestinarrek bertatik suziriak jaurti dituztela jakinarazi du, eta horien kontra oldartzeko prest da. Nuseiraten izan den beste erasoaldi batek sei lagun hil ditu, Wafa agentziak jaso duenez. Azken bi egunetan 69 palestinar hil ditu Israelek, eta 136 zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Behintzat beste hamar lagun ere hil ditu Israelek, Libano hegoaldeko Nabatieh hiriko etxebizitza eraikin bat bonbardatuta. Hezbollahk bertan armategi bat zuela argudiatuta egin dute erasoa. Aurretik, Hezbollahk 55 suziri jaurti dituela jakinarazi du, jenderik gabeko guneetara izan bada ere; ez dutela ez inor hil eta ez inor zauritu.
Herenegun, dozenaka kolono israeldar Nablusetik gertuko hiri batean, Jit-en (Zisjordania), oldartu ziren, eta palestinar bat hil zuten gutxienez, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Makilak, su armak eta molotov koktelak zeramatzaten, eta zenbait lagun ere zauritu zituzten. Netanyahuk «zorrotz» gaitzetsi du erasoa.
Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Bulegoko bozeramaileak, Ravina Shamdasanik, ordea, Israel jarri du jomugan: herrialdeak biktimen «erantzukizuna» duela salatu du, argudiatuz halakoetan Israelgo segurtasun indarrek ez dutela esku hartzen, eta kolonoak armez hornitzen dituztela. «Jit hirikoa ez da kasu bakartu bat, Israelek Zisjordania kolonizatzeko politikaren ondorio zuzena baizik». Josep Borrel Europako Batasuneko diplomaziaburuak, berriz, Israeli leporatu dio bera dela palestinarren kontrako jazarpena «baimentzen» duena. Iazko urriaren 7tik, 630 palestinarretik gora hil dituzte Zisjordanian.