Palestinako gatazka

Gazako menia bihar sartuko da indarrean, Qatarren arabera

Israelek eta AEBek esandakoa baieztatu du Dohak; militarrek eta Hamasek Euskal Herriko 06:00etan ezarriko dute su etena. Bahituei buruzko negoziazioek egun bete atzeratu dute hasierako plana.

GAZA LEKUALDATUAK
Lekualdaturiko familia palestinar bat, Khan Yunisen (Gaza), atzo. HAITHAM IMAD / EFE
ander perez zala
2023ko azaroaren 23a
15:45
Entzun

Israelek eta Hamasek Gazarako adosturiko lau eguneko su etena ez da indarrean sartu gaur goizean, ezta bahituen eta presoen trukea ere. Berez, hori zen plana, baina atzo gauean Israelek eta AEB Ameriketako Estatu Batuek azaldu zuten aurreikusitako egutegia moldatu behar izan dutela eta, printzipioz, gerrako bi aldeek bihar ezarriko dutela menia. AEBekin batera bitartekari lanetan aritu den herrialdeak, Qatarrek, azkenean informazio hori baieztatu du gaur eguerdian: bihar ezarriko dute menia, Euskal Herrian 06:00ak direnean.

«Funtzionario palestinar bat» iturri hartuta, AFP France-Presse albiste agentziak gaur goizean argitaratu du bahituei buruzko «azken orduko negoziazioek» atzeratu dutela Israelgo Gobernuak eta Hamasek asteotako negoziazioetan adosturikoa. Gerora iritsi da Qatarko Atzerri Ministerioaren jakinarazpena; Majed al-Ansari bozeramaileak zehaztu du egun bateko atzerapenaren arrazoi nagusia segurtasuna bermatzea izan dela. Hori bai, arrazoi beragatik, ez du datozen egunetako operazioei buruzko xehetasunik eman; Gurutze Gorriak horietan parte hartuko duela, hori baino ez du esan.

Bahituen eta presoen trukeari dagokionez, Hamasek bihar askatuko ditu bahituetako hamahiru, Euskal Herrian 15:00ak direnean; Israel zenbait preso palestinar askatzekoa da, baina Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaileak ez du ezer argitu horretaz ere. Edonola ere, badirudi aurrera doala bi aldeek negoziaturikoa eta, beraz, laguntza humanitarioa ere sartuko dela Gazan.

Lau egun iraungo du su etenak, eta tarte horretan Israelgo armadak eten egingo ditu operazio guztiak, baita ibilgailu militarren mugimenduak ere; Gaza hegoaldeko aire eremua etengabe zeharkatzen duten droneak ere geldituko dituzte bitarte horretan, eta, su etenak irauten duen artean, giza laguntzarako hirurehun kamioi sartu ahal izango dira zerrendara. Aldi berean, denera, gobernuak aske utziko ditu preso dauden 150 emakume eta adingabe palestinar, eta, trukean, milizia palestinarrek joan den urriaren 7an bahitutako 50 israeldar askatuko dituzte.

Gazako Osasun Ministerioak esan du Israelgo armadak 13.000 lagun baino gehiago hil dituela gerra hasi zenetik.

Azken horrek eragin du gatazkarik handiena, bai bi aldeen arteko negoziazioetan, baita Israelgo Gobernuko koaliziokideen arteko eztabaidetan ere, eta, azkenean, afera horrek atzeratu du menia indarrean sartzea. AFPko iturriaren arabera, «bahitu israeldarren izen-abizenen eta horiek askatzeko moduaren» inguruko xehetasunengatik moldatu dute berezko plana; edonola ere, asmoa da bahituak Qatarren askatzea, eta, horretarako, herrialde horretan da Mossadeko —Israelgo zerbitzu sekretuetako— buru David Barnea.

Atzo gauean egindako agerraldi batean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi zuen Gazan egindako «presio militar masiboari» eta asteotako «presio diplomatiko handiari» esker lortu dutela ituna. Hori bai, berriz esan zuen itunak ez duela esan nahi gerra amaituko denik; are, ohartarazi zuen su etena amaituta gerrak jarraitu egingo duela.

Gazako Osasun Ministerioak hildakoen datu eguneratuak jakinarazi dizkio gaur goizean AP Associated Press albiste agentziari: joan den urriaren 7an gerra hasi zenetik, Israelgo armadak 13.000 lagun baino gehiago hil ditu zerrendan, eta 6.000 inguru desagertuta daude.

Beste ospitale bat ebakuatu dute

Militarren mehatxua dela eta, Gaza iparraldean dagoen Indonesia ospitalea ebakuatu dute, eta hango boluntario guztiak Rafahra joan dira, ospitale hori sortu zuen Indonesiako MER-C Larrialdietarako Salbamendu Batzordeko buru Sarbini Abdul Muradek azaldu duenez.

«Medikuak eta zaurituak Europa ospitalera lekualdatu dituzte [zerrendaren hegoaldean dago]. Gure boluntarioek eskola batean hartu dute aterpe, beste ehunka lagunekin batera», jakinarazi dio Muradek Al-Jazeera telebista kateari.

Eta, Gaza hiriko Al-Xifa ospitaleko —zerrendako handiena da— departamentuburu Khalid Abu Samrak AFPri adierazi dionez, Israelgo armadak ospitale horretako buruzagi Muhammad Abu Salmiya eta beste mediku batzuk atxilotu ditu. Militarrak, asteotan, eraikin horren inguruan aritu dira borrokan, eta gerora han sartu ziren, argudiatuta Hamasek tunelak dituela ospitalearen azpian, eta horiek erabiltzen dituela erasoak prestatzeko. Organizazio islamistak behin eta berriz erantzun du hori gezurra dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.