COP26

Azken neurriekin, mende amaierarako 2,1 gradu igoko lirateke tenperaturak

Datozen bi hamarkadetan isuriak murriztu ezean, gainditu egingo da 1,5 graduren langa, ondoren karbono neutraltasuna lortu arren

arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ez dago baikor egoteko arrazoirik. Hori izan liteke CAT Climate Action Tracker erakundeak atzo kaleratutako txostenaren laburpena. Izan ere, dokumentuaren arabera, gaur arte COP26 goi bileran hartutako konpromisoak beteta ere, mende amaierarako 2,1 gradu egingo lukete gora tenperaturek. Alegia, Parisko Hitzarmenean jasotako 1,5 graduko gehienezko igoera baino bederatzi gradu gehiago. «Kezkatuta gaude herrialde batzuk iradokitzen ari direlako 1,5 graduko helburua eskura dugula dagoeneko. Baina ez da hala, eta, hala ere, garrantzia kentzen ari zaie epe motzerako helburuen beharrari», kritikatu du Bill Harek, erakundeko idazkari nagusiak.

Glasgowko goi bileran orain arte hitzemandakoak beteko balira ere, Parisko Hitzarmeneko helburuak betetzeko beharrezko isuriak baino bi aldiz karbono dioxido gehiago igorriko litzateke atmosferara 2030erako. Hala, testuingururik baikorrenean ere, tenperaturak 1,8 igoko lirateke industria aurrekoekin alderatuta.

Parisko Hitzarmena sinatu zuten 197 herrialdeei bi eskari nagusi egin dizkiete Glasgowko goi bilerako antolatzaileek: mende erdirako karbono neutraltasunari bide emango dioten luzerako konpromisoak hartzea; eta 2030erako isuriak murriztea helburu duten herrialde mailako urratsak egitea. CATen txostenak jasotzen dituen aurreikuspenen arabera, ordea, 2030erako nazio mailako konpromisoak soilik betetzen badira, tenperaturak 2,4 gradu igoko lirateke mende amaierarako.

Adituek argi esana dute: klima atmosferan pilatzen den karbono dioxidoaren arabera aldatzen da; beraz, datozen bi hamarkadetan isuriak murriztu ezean, Lurrak gainditu egingo du 1,5 graduren langa, nahiz eta mende erdian karbono neutraltasuna lortu.

CATen aurreikuspenak ez datoz bat joan den astean Nazioarteko Energia Agentziak zabaldutako datuekin. Azken horien arabera, hitzartutako helburuak betetzen badira, mende amaierarako «gehienez» 1,8 gradu igoko dira tenperaturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.