Suaren Lurraldea

Azken jagan hiztuna hil ostean, hizkuntza hori berreskuratzera deitu du haren alabak

Cristina Calderon zen Suaren Lurraldeko hizkuntza horren azken hiztuna. Lidia Gonzalez Calderon alabak jakinarazi duenez, atzo hil zen. Txileko Biltzar Konstituziogileko kide da, eta hizkuntza hori berreskuratzeko deia egin du.

Calderon 93 urterekin hil da.
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 18a
12:43
Entzun

Cristina Calderon hil zen atzo, 93 urterekin, Txilen: jagan hizkuntzako azken hiztuna. Jaganak Suaren Lurraldean bizi dira, Txile eta Argentina hegoaldean, eta, oraindik ere ehunka batzuk geratzen diren arren, haien hizkuntzan egiten duenik ez da. «Harekin joan da gure herriaren kultur memoriaren zati bat», esan du Lidia Gonzalez Calderonek, haren alaba eta Txilen konstituzio berri bat idazten ari den biltzarrean jagan herriaren ordezkaria.

Gaur egingo diote azken agurra Calderoni bere komunitatean. Jaganaren azken hiztuna izateaz gain, haren defendatzaile sutsua zen. Txileko Kultura eta Arteen Kultura Kontseiluak bizi den ondare izendatu zuen Calderon 2009an. 1928an jaio zen, Villa Ukikan, Puerto Williamsetik gertu, eta han bizi izan da beti; saskigile izan zen. Berak 9 urte izan zituen arte ez zuen ikasi gaztelera, baina Txileko agintariek ia desagertzeraino eraman zuten hizkuntza XX. mendean, eta transmisioa eten egin zen.

Zazpi seme-alaba izan zituen Calderonek, eta, alabak azaldu duenez, herri indigenek Txilen jasaten duten arrazakeriaren eta bazterkeriaren eraginez, ez zien horiei jagana irakatsi. «Orduan denek hitz egiten zuten jaganera, baina hiltzen hasi ziren, eta ni bakarrik geratu nintzen. Haurrek ez zuten ikasi nahi izan. Lotsa zuten. Zuriek barre egiten zieten», aitortu zuen Calderonek El País egunkarian.

2003an Ursula ahizpa hil zenetik jaganera norekin hitz egin ez zuela zioen Calderonek. 2012an Emelinda Acuña hil zenetik, bera izan da azken hiztuna. Hori ere hil da orain. Baina hizkuntza ez da erabat galdu, hil aurretik Calderonek eta Cristina Zarraga bilobak hiztegi bat eta jaganen kondaira liburu bat egin baitzituzten. Eta orain Lidia Gonzalez alabak hizkuntza berreskuratzeko deia egin du azken hiztunaren heriotzan.

Jaganerak 34.000 hitz ditu, eta itxaropenerako mezu bat utzi du Calderonen alabak sare sozialetan. «Bere heriotzarekin linguistikoki jakintza enpiriko oso baliagarria joan bada ere, hizkuntza erreskatatzeko eta sistematizatzeko aukerak hor daude. Baita gure kulturaren defentsaren aukera ere».

Konstituzio berria, itxaropen izpi

Gonzalez da konstituzio berri bat idazteko lanean ari diren konstituziogileetako bat Txilen, eta jatorrizko herriek hor dute euren kultura, sinesmen eta hizkuntzak gordetzeko aukera emango dien sistema bat izateko itxaropena. Osatu zenetik izan ditu aintzat Biltzar Konstituziogileak jatorrizko herriak, eta atzo, besteak beste, Rapa Nui uharteko herriaren urteko ospakizun nagusia osoko bilkurara eraman zuten, eta biltzarkideek bina anana jaso zuten herri horren ordezkarien eskutik.

«Ama, jaganentzat, zure agurrak hutsune bete ezina ekarriko du. Eta zure memoria eta gure herriaren gordetzeko erronka utzi digu. Horretarako aukeratu ninduten, eta lan hori beteko dut, zuregatik eta gure herriarengatik», gaineratu du Gonzalezek.

Onartu egin dute Txileren nazio aniztasuna eta interkulturalitatea

Egun hauetan hasi dira Txileko Biltzar Konstituziogilearen osoko bilkuran lan batzordeetan adostutako lehen artikulak bozkatzen, eta horietako batean jada Txile erregio estatu izendatzea onartu dute, eta erregioen nazio aniztasuna eta interkulturalitatea jaso. «Lurralde erakundeek euren jardun osoan aitortzen dute, bermatzen dute eta bultzatzen dute estatuaren aurretik lurralde horietan zeuden herri eta nazioen izaera politikoa eta juridikoa», dio artikuluetako batek.

Artikulu horrek berak dio interkulturalitatea bultzatuko duela erregio estatu horrek, «mundua antolatzeko eta ulertzeko modu desberdinak errespetatuz eta lurralde indigenen erabakitzeko eskubidea eta autonomia errespetatuz». Hori zen, hain zuzen, Elisa Loncon maputxeen ordezkari eta Biltzar Konstituziogileko lehen lehendakariak (sei hilabeterako aukeratu zuten eta eman du lekukoa) iaz BERRIAn eman zuen elkarrizketan egin zuen eskaera nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.