Azken hamabi hilabeteak inoizko beroenak izan dira munduan

Aurtengo maiatzak ere orain arteko marka guztiak hautsi ditu. Erregai fosilen publizitatea debekatzeko eskatu du Antonio Guterresek.

Gazte batzuk iturri publikoetan, bero sapari aurre egin nahian, Mexiko Hirian. MARIO GUZMAN / EFE
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 5a
20:30
Entzun

Aurtengo maiatza inoizko beroena izan da munduan tenperaturari buruzko erregistroak gordetzen direnetik, eta, horrekin, hamabi hilabete dira jarraian marka hori hausten dela, 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera. Hala azaldu du Europako Batzordearen Copernicus klima aldaketari buruzko zerbitzuak bere azken txostenean. Zerbitzu horretako zuzendari Carlo Buontempok azaldu duenez, datua «ikusgarria» da, baina ez da «harritzekoa».

Azken hamabi hilabeteetako batez besteko tenperatura 1,63 gradu igo da, 1850-1900 garaiko tenperaturarekin alderatuta. Orain arte egindako ikerketa guztietan gomendioa zen ahalegina egitea tenperaturaren igoerak 1,5 graduen langa gainditu ez zezan, eta, esaterako, Parisko 2015eko goi bileran hitzartutako akordioetan, helburua zen batez besteko tenperaturaren igoera bi gradura ez iristea, baina 1,5 graduen azpitik gelditzen saiatuz. Buontempok adierazi duenez, litekeena da oraingo bolada honek ez irautea eta datozen hilabeteetan markarik ez haustea, baina luzera begira, hurrengo bi hamarkadetan 1,5 gradu baino gehiagoko igoerari eutsiz gero, egoera kezkagarria litzateke. Datozen bost urteetatik batean gutxienez tenperaturaren igotzea 1,5 gradu baino gehiagokoa izateko probabilitateak %80 dira.

Copernicusek emandako datuak eta, oro har, klima larrialdia izan ditu aipagai NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek New Yorken egindako ekitaldi batean (AEB), eta han, egoeraren larriaz ohartarazteaz gain, neurri gogorragoak eskatu ditu berotegi efektuko gasen isurtzea mugatzeko; adibidez, erregai fosilen publizitatea debekatzea.

«Badirudi planetak zerbait esan nahi digula, baina gu ez gara entzuten ari», adierazi du Guterresek, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako ekitaldian. «Tenperatura globalaren marka guztiak hausten ari gara, eta horren ondorioak nozitzen. Orain da mobilizatu, ekin, eta hitzartutakoa betetzeko garaia». New Yorkeko Historia Naturaleko Museoan egin du Guterresek bere hitzaldia.

Akabo erregai fosilen aroa

Guterresen ustez, erregai fosilen aroa amaitu da, eta horien bukaera «saihetsezina» da. Baina mundua «kontrako bidean» doala begitantzen zaio, eta gogorarazi du 2023an berotegi efektuko isuriek %1 egin zutela gora munduan, gobernuek horiek murrizteko konpromisoak hartu dituzten arren: «Planetarekin errusiar erruletan ari gara jokatzen».

Horregatik, neurri gogorragoak eskatu ditu Guterresek. Horietako bat izan da erregai fosilen publizitatea debekatzea, herrialde askotan tabakoarekin gertatzen den antzera. Gobernuei eskatu die erregai fosilen publizitatea galarazteko, eta hedabideei, berriz, ez dezatela mota horretako publizitaterik onartu. Beste aldetik, enpresei eskatu die bertan behera utz ditzatela petrolioaren, gasaren eta ikatzaren arloko inbertsioak. Erregai fosil horiek «kaos klimatikoaren aita pontekotzat» jo ditu Guterresek bere hitzaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.