Hauteskundeen biharamunean, bi mezu jaso genituen eskolatik. Lehena, emaitzei buruz seme-alabekin nola hitz egin gomendatzen. Lasai egon behar dugula, haserretu edo herrarik adierazi gabe. Eta emaitzak onartuz. Haurrek ezin gaituzte urduri ikusi. Horrek ezinegona sorraraz dezake eta haiengan. Bigarren mezuak galdetzen zigun ea migrariak ginen. Eta hala balitz, eta irregularrak bagina, eskolaren laguntza osoa izango genukeela administrazio berriak gure aurkako neurriak hartuko balitu. Bazioten agertzeko eskolatik eta informatzeko. Gizarte zibila prest zegoen Trumpen garaipenari erantzuna emateko, hurrengo egunean bertan. Horretan praktikoak dira estatubatuarrak, negar egiteko astirik ez dago, antolatu beharra dago hasieratik.
Asteazkenean New York ez zen itzartu 2020ko larunbat ahaztezin hartan bezala. Orduan jendea kalera atera zen, pozarren, ezezagunek elkar besarkatzen zuten, autoak bidearen erdian utzi eta gidariak kanpoan oihuka, zorion betean. Lau eguneko itxaronaldiaren ostean, eztanda. Oraingoan, ordea, ez da ezer nabari izan. Hego haizea, jendea metrorantz lanerako bidean, hitz gutxi. Bat edo bat ikusi nuen MAGA (Make America Great Again) kapelarekin buruan. Mugikorra behatu eta lagunen mezuetan tristezia, eta elkarri animoak ere bai.
Columbia Unibertsitateko liburutegira joan nintzen. Hantxe idazten dut. Lasai aurkitu nuen campusa. Gazaren aldeko udaberriko kanpaldiaren arrastorik ez, liburutegi aurreko zelaietan. Orduko manifestazio jendetsuak ahaztu egin dira. Horrelakoetan, gogoan hartzen dut 68ko maiatza eta gero Frantzian gertatutakoa. Iraultzaren osteko hauteskundeetan Charles de Gaulle jeneralak irabazi zuen. Kalean zalaparta bai baina gero gizarteak nahiago izan zuen betikoa. Hala ere, 68ko iraultzak mundua aldatu zuen, eta De Gaullek, bada, ez hainbeste. Aldaketek denbora behar izaten dute gauzatzeko. Horixe bera adierazi zuen Harrisek derrotaren onarpen hitzaldian. Susan Sontag New Yorkeko pentsalariak idatzitakoa ekarri zidan gogora, borroka galdu bat etorkizunean irabaziko duen beste baten hasiera da.
Ederra izango zen emakume afro-amerikar bat presidente izatea. Baina horrek ere itxaron beharko du. Hauteskunde hauen karietara, behin baino gehiagotan galdetu didate Ameriketako Estatu Batuak prest ote zauden emakume presidente bat izateko. Nik erantzun dut baietz, Estatu Batuak ez dela soilik Trump edo Wall Street, sufragistak, eskubide zibilen aldeko borrokak, ekainak 28a, Me Too eta beste hainbat ideia aurrerazale Estatu Batuetan sortu edo indartsu garatu direla. Bestalde, galdera bera egin diezaiokegu geure buruari. Izan ere, ematen du ez Frantzia, ez Espainia ezta Euskal Autonomia Erkidegoa ere ez daudela prest emakume bat gidari izateko. Kristalezko kupula hor dago, argi da, baina ez da ezinezkoa haustea. Harris saiatu da. Hautagai ona zen. Tamalez, asti gutxi izan du bere burua eta ideiak ezagutarazteko eta, ez dugu ahaztu behar, Bidenen presidenteordea zen. Eta Bidenen gobernuak ez du berotasun handirik sortzen hautesleen artean. Haren politikak ez dira ikusi edo ez dituzte ondo azaldu. Aurrean, Trump zeukan. Oso hautagai egonkorra: 2016an 63 milioi boto, 2020an 74 milioi, eta oraingoan 72. Demokratek, aldiz, 20 milioi boto gutxiago jaso dituzte. Ez nuke esango hautagaiagatik; desastre guztietan bezala, arrazoiak asko dira.
Alderdi Demokratak asko du pentsatzeko. Ezkerreko Bernie Sanders eta eskumako Liz Cheney bidelagun izan ditu Harrisek. Esparru oso zabala. Zabalegia agian? Ezin da jakin biztanlegoaren erdialdera begiratu beharrean ezkerrera begiratu balu boz gehiago izango zituen Harrisek. Oraingo hauetan, gazteek, latinoek, beltzek eta emakumeek Trumpi eman diote boza. Esandako guztiak eta gero. Egindakoak eta gero. Gizon ahoberoa izango da Trump; zabarra eta kaotikoa, baina konektatu egin du jende xehearekin. Langileek badirudi nahiago dutela aberats okitu bat Alderdi Demokratako hautagaia baino. Baiki, asko dute pentsatzeko: zergatik ez du lortzen Alderdi Demokratak baserri aldeko biztanleekin konektatzea?, zergatik ikusten da alderdi demokrata elitearen alderdi bat bezala, eta Trump, aberatsa izanik ere, txiroen salbatzaile?
Gizartea, norantz
«Gizartea eskumara doa», idatzi nion Martxelo Otamendiri mugikorreko mezu batean bozen aurretik. Trumpen garaipena aurreikusten zen. Prezioak igo direlako, jendea estuasunean dabilelako eta hemen ez daude Europako laguntzak, baina ez horregatik bakarrik. Aldaketa sakonagoa da. Indibidualismoaren sasoian bizi gara eta pertsonak banan-banan erakarri behar dituzu zure proiektu politikora, eta ez lehen bezala identitate jakin bati edo talde bati lotuta. Horretan ere asmatu du Trumpek. Beharbada, ideia aurrerakoiak indartsu izan diren garai baten ondoren badatoz beste urte batzuk kontserbadoreagoak. 60 eta 70 militanteen ondoren 80ko hamarkadako Reaganen garaia iritsi zen legez, Fukujamaren Historiaren amaiera eta postmodernitatearen gailurra.
Filadelfiako museoko Chrisek kontatu zidan moduan, errepublikanoentzat mundua bizkorregi ari da aldatzen. Eta horregatik nahiago dute lider sendo bat, ustez garai bateko bizimodua eta balioak gordeko dituena. Adi egon beharko da zer den gertakizun lau urte hauetan. Eskubide zibilak arriskuan jartzen diren. Hala ere, Ross Perlin hizkuntzalariak esan bezala, «aurretik ere bizi zan dugu hau eta jakingo diogu buelta ematen». Ohituta gaude korrontearen aurka bizitzen, izokinen moduan, ibaian gora.
Baina eustea ez da soilik kontua. Pennsylvaniako gazte hark esan zidana gomutan hartu dut: «Erresilientzia baino nahiago dut sormena». Kreatibitatea behar dugu mundu berri bat asmatzeko eta, batez ere, jendartea mundu berri horrekin ilusionatzeko.