Goizaldean iritsi dira Errusiako indarrak Kiev Ukrainako hiriburuaren inguruetara, eta, pixkanaka, Kieveko hiri zentrora gerturatzen ari dira. Eguerdian tiroak entzuten hasi dira hiri zentroan, hango kazetari batzuek sare sozialetan jakinarazi dutenez. Diotenez, Errusiako armada hamar bat kilometrora egon da nagusiki gaur, hiriko periferian, iparraldean dagoen Obolon izeneko auzoan; tankeak ere iritsi dira. Arratsaldean, BBC hedabideak jakinarazi du kea ikusten direla Kieveko zentroaren gainaldean. Zenbait eraikin suntsitu dituzte errusiar misilen hauskinek. Hala, Kiev iparraldeko herritar batzuk ebakuatu dituzte, Reuters agentziak erran duenez.
Tiro hotsak #Kiev|en. Errusiako tankeak dagoeneko hirian.
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) February 25, 2022
Errusiak dio Kiev mendebaldetik «blokeatu» duela, eta hiriburuaren kanpoaldean dagoen Hostomel aireportua bere esku dagoela jada, Intervax agentziak jakinarazi duenez. Aireportu hori hiriburutik zazpi kilometrora dago, eta garraio astunerako hegazkinentzako pista luze bat du; hori baliatuz, Errusiak airez zuzenean eraman ahal izango lituzke tropak Kievera.
Vitali Klitschko Ukrainako hiriburuko alkateak esan du hiria «defentsa fasean» dagoela, Errusiako tropek aurrera egin dutelako. Gehitu du sabotatzaile batzuk dagoeneko sartu direla hiri barnera. Ukrainak armak banatu dizkie Kieveko herritarrei, «herria defendatzeko».
In pictures: Ukrainians take shelter inside a Kiev metro station as Russian attacks continue pic.twitter.com/ZlY479OQMg
— TRT World Now (@TRTWorldNow) February 25, 2022
Ukrainako presidente Volodimir Zelenski Kieven da oraino, eta aitortu du bere bizia «arriskuan» dagoela. Gudua laster gertatuko delakoan daude, eta Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek herritarrei dei egin die molotov koktelak egiteko. Eskatu die adi egoteko, eta etxetik ez ateratzeko. Twitter sare sozialaren bitartez egin du adierazpen hori: «Egin molotov koktelak, neutralizatu okupatzailea! Kontuz ibili! Ez irten etxetik!», erran du, zehazki. Herritar gehienak lurrazpiko babeslekuetan daude, baita metroan ere.
Errusiarrak Jersonen sartu dira
Ukrainako Jerson hiriak 280.000 herritar ditu, eta Errusiako armada hara sartu da arratsaldean. Jersongo herriko etxeak eman du erasoaren berri, Facebook sare sozialaren bidez; segurtatu du Errusiako soldaduak indarrez sartu direla hara, «bortxa handiz».
«Jerson kanpoaldean borroka gogorren ostean, eta Ukrainako armadaren ahaleginen gainetik, herrirako igarobidearen kontrola galdu dute. Etsaiak hiriaren defentsak garaitu ditu, nahiz eta galera handiak izan», esan du Gennady Laguta Jersongo eskualdeko administrazio buruak.
Europaren babesaren zain
Zelenskik eguerdian egindako bideo batean adierazi du Europak «indar nahikoa» duela erasoari aurre egiteko. Halere, Europako Batasuneko herrialdeen jarrera gaitzetsi du, esanez oraingoz «bakarrik utzi» dutela. «Borrokatzeko ohitura duten europarrei» Ukrainara etortzeko dei egin die, «Europa defendatzeko».
Hala, Ukrainak ezinbestekotzat jo du herritar guztiak mobilizatzea, eta armadan sartzeko prozedurak erraztu ditu: adingabeek ere parte hartzen ahalko dute. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bestalde, salatu du Errusiak eremu zibilak bonbardatu dituela, eta Kieven leherketa «ikaragarriak» izan direla baieztatu du. «Gure hiriburuak horrelako zerbait bizi izan zuen azken aldia 1941ean izan zen, Alemania naziak eraso zionean», adierazi du, kasurako, Dimitro Kuleba Atzerri ministroak.