Kataluniako bloke independentistak gehiengoa galdu du, azken hamarkadan lehen aldiz

PSC izan da garaile Kataluniako Parlamenturako bozetan, 42 eserleku lortuta. Bigarren posturako lehian, Junts ERCri nagusitu zaio; eta, lehenbizikoz, Aliantza Katalana islamofoboak ordezkaritza izango du parlamentuan.

Carles Puigdemont Juntseko hautagaia, gaur, Argelesen, Ipar Katalunian. DAVID BORRAT / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 12a
20:20
Entzun

Rodalieseko matxurak aldrebestu egin du Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen eguna, baina, azkenean, aurreikusi bezala 20:00etan itxi dituzte hauteslekuak; eta, ezusteko handirik gabe, inkestek aurreikusitakoa bete da: PSC Kataluniako Alderdi Sozialista izan da lehen indarra, 42 eserleku bilduta, orain dituenak baino bederatzi gehiago. Botoen zenbaketa amaitu ondorengo agerraldian, alderdikideek txalo zaparradarekin jaso dute PSCko buru eta presidentetzarako hautagai Salvador Illa, eta hark harro esan du: «Katalunian etapa berri bat hasiko da». X sare sozialean, berehala zoriondu du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. 

Nolanahi ere, alderdi sozialistaren gorakadak baino, zeresan handiagoa eman du bloke independentistaren beherakadak, ganbera horretan zuen gehiengoa galdu baitu azken hamarkadan lehen aldiz. Galera horren erakusle dira ERC Esquerra Republicanak izan dituen emaitzak: azken bi urteetan gutxiengoan agindu duen alderdiak hamahiru eserleku galdu ditu, hogei aulkirekin gelditu eta hirugarren indarra bihurtzeraino. Emaitza kaskarren jakitun, hitzok esan ditu ERCko buru Pere Aragonesek: «Herriari ez zaio negoziazioaren bidea gustatu, eta iritzi dio orain beste norbaiti dagokiola etapa berri honen lidergoa hartzea». Alderdiak «lanean» jarraituko duela esan du; hori bai, «oposiziotik».

Sozialisten garaipenaren antzera, inkestek aurreikusten zuten nork eskuratuko zuen bigarren postua, eta bete-betean asmatu dute. Junts (Junts + Carles Puigdemont Per Catalunya) izango da parlamentuko bigarren indarra, Puigdemont lidergoan duen alderdiak 35 aulki izango baititu parlamentuan, 2021eko bozetan eskuratutakoak baino hiru gehiago. Gehiengo osotik urruti, eta PSCren emaitza parekatzetik zazpi aulkira gelditu den arren, bloke independentistan lortutako nagusitasuna azpimarratu du Juntseko buruak: «Botoetan eta aulkietan gora egin duen alderdi independentista bakarra gara». 

Esquerra Republicanaren kontrara, Kataluniako Alderdi Popularrak aspaldiko emaitzarik onenak lortu ditu. Bildutako hamabost eserlekuei esker (+12), laugarren indarraren lekua kendu dio Voxi. «Kataluniako Alderdi Popularra bueltan da, eta inoiz baino indartsuago itzuli da», esan du alderdiko hautagai Alejandro Fernandezek. Alderdi ultraeskuindarrak, berriz, orain dituen 11 aulkiei eutsi die; eta, kontrara, eguna bereziki goibela izan da zentro-eskuineko Ciutadansentzat. Egun parlamentuan dituen sei eserlekuak galdu ditu, eta, hortaz, ez du ordezkaritzarik izango. 

Kataluniako Parlamentuan ordezkaritzari eutsi dioten beste alderdiak Comuns Sumar (sei eserleku) eta CUP (lau eserleku) dira. Halere, bai ezkerreko alderdiak, bai alderdi independentistak, 2021eko bozetan baino emaitza kaskarragoak izan dituzte; bi eserleku galdu dituzte ezkerrekoek, eta bost independentistek. Comuns Sumarreko hautagai Jessica Albiachek aitortu du ez dituztela lortu «espero zituzten» emaitzak.

Antzera mintzatu da CUPeko hautagai Laia Estrada, eta hauxe ohartarazi du: «Inoizko parlamenturik eskuinekoena gelditu zaigu». Hain justu, hitz horiekin keinu egin dio Silvia Orriols buru duen Aliantza Katalana alderdi islamofoboari, lehen aldiz lortu baitu parlamentuan ordezkaritza izatea, bi aulkirekin. 

Aritmetikaren txanda

Inkestek asmatu dute, eta alderdi sozialistak gorakada handia izan du. Edonola ere, alderdi bat berak ere ez du gehiengo osorik —68 eserleku— lortu; eta, itun posibleen aritmetikari erreparatuta, ez du irudi gobernua osatzea lan erraza izango denik. Balizko ezkerreko blokea —PSCk, ERCk eta Comuns Sumarrek akordioa egingo balute— gehiengoa osatzera helduko litzateke, baina, azken adierazpenei erreparatuta, ez dago argi ERCk zer egingo duen. 

Nahiz eta koalizioan sartu ez, eta «oposiziotik» lan egingo dutela esan duen, Aragonesek ez du baztertu Illari inbestidurarako babesa ematea. Albiachek eskua luzatu dio PSCk, ERCk eta Comuns Sumarrek osatutako aliantza bati: «Posible da Katalunian ezkerrek osatutako etapa bat hastea». 

Bozen emaitzen ondoren egindako agerraldian, balizko akordio hori izan du hizpide Puigdemontek. Haren arabera, «hiruko gobernu bat aukera txar bat da Kataluniarentzat»; eta zuzenean mintzatu zaio ERCri. Bigarren indar independentistari esan dio «ezinbestekoa» dela alderdi independentistek elkarrekin hitz egitea, «bateratutako estrategia bat ez izatearen ondorioen» inguruan hausnartzeko. Edonola ere, beste behin, «ondo» gobernatzen «ez asmatzea» leporatu dio ERCri, Rodaliesen izandako matxura adibide gisa jarrita. 

Parte hartze baxua

Denera, 5,7 milioi herritar baino gehiago zeuden hauteslekuetara deituta, eta %57,8koa izan da parte hartzea; duela hiru urte egindako bozetan izandakoa baino sei puntu handiagoa; baina aintzat hartzekoa da COVID-19aren pandemia bete-betean egin zituztela 2021eko bozak, eta horrek nabarmen oztopatu zuela parte hartzea. Azken aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuz gero, aldea nabarmen handiagoa da, hots; 2017an herritarren %80k baino gehiagok eman zuten botoa.

Posta bidezko botoari dagokionez, 106.031 biztanlek eman dute botoa, Katalunian erroldatutakoen %1,95ek. Bestalde, atzerrian bizi diren 300.000 biztanleen %8k bozkatu dute. Are, aipatzekoa da boto emaileen kopuruak gora egin duela independentismoak babes gutxien duen herrietan. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.