«Posible zen guztia eta beharrezkoa zen guztia egin nuen gauzak aurkitu nituen baino hobeki uzteko». Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidente gisa egin zuen azken hitzaldian ere ez zion tarterik txikiena utzi autokritikari. Hala ere, ez zen xextratan sartu, eta minutu eta erdi eskasean zentsura mozioa kirol-legez hartu duela irudikatu zuen. Haren etorkizunarekin zer gertatuko den argitu beharko da orain. Hagitz ibilbide luzea izan du, eta, zerbait erakutsi badu, bizirik irauteko gaitasuna izan da. Bideojokalari onenek bezala, bata bertzearen gibeletik lortu du jokoak paratu dizkion pantaila gero eta zailagoak gainditzea. Jasotako azken kolpearen ondoren, eta PP ustelkeria auzi larri zenbaitetan murgilduta dagoela jakinik, ordea, badirudi xahutu duela azken pantaila pasatzeko gelditzen zitzaion bizitza.
Galiziako presidenteorde zela xahutu zuen lehenbiziko bizitza. Zentsura mozio batekin kendu zuten presidentea (1987), Xerardo Fernandez Albor, eta harekin batera utzi behar izan zuen gobernua. Pare bat urteren buruan, ordea, hurrengo pantailan sartzea lortu zuen, PPren Exekutiba Nazionaleko kide izendatu baitzuten. Ordutik, bata bertzearen gibeletik pasatu ditu, bidean bizitza gehiago xahutu bazaizkio ere. Galiziako kostan Prestige petrolio-ontziaren hondamendia gertatu zenean (2002), kudeaketa baldar haren arduradunetako bat izan zen —Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramailea zen—, eta petrolio emariari «haritxo txikiak» erran izanak kritiken erdigunean paratu zuen. Baina gainditu zuen hura ere, eta hurrengo mailara pasatu zen: Jose Maria Aznar presidentearen ondorengotza PP alderdian.
Ustez hobeki kokatuta zeuden hautagaiak egon arren, Aznarrek Rajoy aukeratu zuen. Lehiakiderik gogorrena, Rodrigo Rato, lau urteko espetxe zigorraren ebazpen irmoaren esperoan dago ustelkeria delituengatik; Rajoy, oraingoz, lekuko gisa baino ez dute deitu —Gurtel auzian—.
Gaizki ekin zion hurrengo pantailari. 2004an, hauteskundeak irabazteko faborito zela, PPren gobernuak gezurra erran zuen Martxoaren 11ko atentatuen egiletzari buruz, eta hautetsontzietan ordaindu zuen. Basamortuko zeharkaldia hasi zen: bertze hauteskunde batzuk galdu, eta zazpi urte oposizioan. Baina gainditu zuen pantaila zail hori ere, eta sari gozoa irabazi zuen 2011n: presidente, gehiengo osoarekin. Politika nahieran desegin eta egiteko baliatu zuen agintaldia.
Erosotasun parlamentario horretan hasi zen agertzen, ordea, PPren higadura, oposizioan zegoenetik arrastaka ekarri zituen ustelkeria auziak puzten hasi zirenean; gehienbat 2013tik, B kontabilitatearen berri izan zenetik. Ondorioa, 2015eko bozetan: gehiengo osoaren galtzea, eta babesik ez gobernua osatzeko. Baina Rajoyk aitzinera egin zuen: Pedro Sanchezen inbestidura saioak nola huts egin zuen ikusi, jardunean agindu, eta, 2016an, bozetara berriro. Bertze pantaila bat.
Bi urteko azken agintaldia
Emaitzak hobetu zituen, eta berriz ere presidente izateko legitimitatea zuela ondorioztatu zuen. Arazoen aitzinean gordetzea eta existituko ez balira bezala egitea leporatu zaio beti Rajoyri —Kataluniako gatazkan nabarmenen—, eta ezaugarri hori taktika politiko-edo bihurtu du azken bi urteotan. Inbestidura saiora aurkeztu zenekoa da horren adibide: eseri eta ikusi bertzerik ez zuen egin behar izan PSOEren barne borroka, Rajoy ez/Rajoy abstentzioa (hortaz, presidente) aldeen artean. Rajoy abstentzioak irabazi zuen, eta bertze agintaldi bat hasi zuen. PSOEren noraezarekin eta Ciudadanosen makuluarekin, ez iraganean bezain sendo, baina ezta uste bezain ahul ere.
Kataluniarekin, iazko urriaren 1ean bukatu zitzaion deus ez egiteko taktika. Errepresioaren bidea aukeratu zuen. Haren ibilbideko erronka politikorik handiena izan da. Oposizioko alderdi nagusien eta estatu aparailuen babesa estu lotu zuen, ordea, eta horrela eutsi zion erauntsiari. Gehiengo osoa higatu zion «kontu hark», ordea, azken bizitza xahutu dio, eta azken pantaila bukarazi. Game over. Bertze bizitzaren bat gordeta ez badu.
Espainia. Rajoy kargugabetuta
Azken bizitza xahutu du
Rajoyk bide politiko luzea egin du, baina zentsura mozioaren ondoren inoiz baino zailago du jarraitzea. Zailtasunak eta eskandaluak nabarmenak izan arren, onik atera izan da beti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu