Txileko estatu kolpeak 50 urte

Azalpen gehiagoren eske

Salvador Allenderen kontrako estatu kolpeak mende erdi beteko du datorren astelehenean. Horrek bultzatuta, Txilek AEBei galdetu die desklasifika dezatela kolpe horretan eta diktaduran jokatu zuten rolari buruzko informazio gehigarria.

Salvador Allenderen 1970eko garaipena oroitzeko elkartu ziren ehunka lagun, La Moneda jauregiaren kanpoan, joan den astelehenean. LUCAS AGUAYO / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Txilen estatu kolpea eman zutenetik 50 urte beteko dira datorren astelehenean, eta, horrek bultzatuta, Gabriel Boric presidenteak AEBetako Gobernuari galdetu dio kendu diezaiela sekretua dokumentu gehiagori, argitzeko zer rol jokatu zuten 1973. urteko irailaren 11ko kolpean, hau da, Salvador Allende sozialista hiltzea eta Augusto Pinocheten diktadura ezartzea ekarri zuen hartan. Bertzeak bertze, dokumentuek erakusten dute Richard Nixon AEBetako orduko presidenteak plan bat osatu zuela Allendek ez zezan kargua hartu, baldintza egokiak sor zitezen estatu kolpea emateko, eta ez Latinoamerikan eta ez mundu zabalean ere ez zedin hedatu Txileko eredua, hots, bozen bitartez boterea eskuratzen zuten gobernu sozialistena.

AEBetan, Bill Clintonen agintaldian (1993-2001) hasi ziren sekretua kentzen Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuei, eta, gerora, Barack Obamarenean ere (2009-2017) desklasifikatu zituzten. Preseski, desklasifikatutako dokumentu horietako batek frogatzen du ezen 1970eko irailaren 15ean, Etxe Zurian egindako hogei minutuko bilera batean, Nixonek CIA Inteligentzia Agentzia Zentralari agindu ziola ezkutuan esku har zezala Txilen, helburu izanik presidente hautatu berriak, Allendek, kargua ez hartzea eta boterean ez irautea. Ordu hartan, honela deskribatu zuten Txileko presidentea CIAren txosten sekretu batean: «Tertulia politikoa denbora-pasa nagusitzat daukan herrialde hartan, parlamentuko politikarietatik azkarrenetakoa da».

Ikusi gehiago:Peter Kornbluh, ikerlaria: «AEBek diktaduraren ezarpena babestu zuten»

Henry Kissinger Estatu idazkariak, John Mitchell Estatuko fiskal nagusiak eta Richard Helms CIAko zuzendariak ere parte hartu zuten Etxe Zuriko bilera hartan, eta Nixonek esplizituki agindu zuen estatu kolpea bultzatzeko. Helmsek hartutako oharren bidez jakin zen bilera horren nondik norakoen berri, eta, hain zuzen, ohar horiek osatzen dute AEBetako presidente batek gobernu demokratiko bat erorarazteko agindu zuela erakusten duen lehenbiziko dokumentua. 1975. urtean kendu zioten sekretua lehenbiziko aldiz agiri horri AEBetako Senatuak ikerketa zabal bat abiarazi baitzuen CIAk Txilen eta bertze zenbait lekutan egindako ezkutuko operazioen inguruan, eta AEBek bertze herrialde batzuetan egindako esku hartzeen ikur bilakatu zen.

Halaber, Allendek boterea ez eskuratzeko planaren parte zen 1970eko urrian Txileko armadako komandanteburu Rene Schneider erailtzea ere, armada botere zibilaren mende egotearen aldekoa baitzen Schneider. Hala erakusten du 1970eko urriaren 23an izandako elkarrizketa baten transkripzioak: Nixonek azalpenak eskatu zizkion Kissingerri, Schneider hil ondoan estatu kolpea jotzeko saiakerak huts egin baitzuen, eta, preseski, hasierako asmoa zen Schneider erail eta gero boterea hartu eta Allenderen inbestidura blokeatzea. Elkarrizketa hartan, Kissingerrek «talde ezgauza samartzat» jo zuen Txileko armada.

Letelierren kasua

2015eko urrian, Obama agintean zela eta Allenderen gobernuko Defentsa eta Atzerri ministro izandako Orlando Letelier hil zuteneko 40. urteurrenarekin bat eginez, AEBek sekretua kendu zieten bertze zenbait dokumenturi, eta Txileri eman. Horien bidez, frogatu zen Pinochetek eta DINA Txileko Inteligentzia Zuzendaritza Nazionalak lotura zuzena izan zutela funtzionario ohi horren hilketarekin.

Letelier AEBetara erbesteratua zen, eta bonba auto batekin hil zuten, 1976ko irailaren 21ean. CIAko agente Michael Townley arduratu zen atentatua egiteaz, berak prestatu baitzuen bonba, baita Letelierren autoan paratu ere. Hala, epaitu eta zigortu egin zuten, Manuel Contreras DINAko zuzendariarekin eta Pedro Espinoza brigada jeneralarekin batera.

Pinochet 2016an hil zen, eta ez zuten epaitu Letelierren hilketagatik. Kissingerrek, berriz, zeinak 100 urte bete baititu maiatzean, Bakearen Nobel saria irabazia du, eta egundaino ez du azalpenik eman hilketa horren inguruan, nahiz eta haren aurkako frogak badiren. Schneiderren senideek auzitara eraman zuten 2001ean, Washingtonen, baina Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen defentsaren argudioa, eta ebatzi akusatuak erantzukizun politikoa bazuela gertaera horri zegokionez, baina erantzukizun legalik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.