Gero eta pitzadura gehiago sortzen ari zaizkio Alderdi Popularrari. PPren lema hartzeko lehian, Pablo Casado alderdiko presidentearen eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen arteko gerra, lurperatua zegoena, argitara atera da azken gertakariarekin, alderdian bertan lurrikara eragiteraino. Eta nola, gainera. Madrilgo presidentearen anaia Tomas Diaz Ayusok kontratu publikoen truke komisioak kobratu ote zituen ikertzen ari da PPko zuzendaritza. Zehazki, Ayusoren anaiarekin lotutako 1,5 milioi euroko kontratu bat dago ikerketapean, ustez Priviet Sportive SM enpresatik maskarak erosteko erabili zena. Ayusoren eta haren anaiaren aurkako ustezko espioitzak «sumindu» egin du Madrilgo presidentea, eta zuzendaritzari leporatu dio mataza handi bat sortu duela, politikan egiten ari den «bide anbiziotsua zapuzteko».
Anabasaren erdian, Ayusokohar bat argitaratu zuen atzo eguerdian, eta aitortu zuen anaiak 55.850 euro —eta BEZa gehituta— kobratu zituela Txinan materiala lortzeko gestioengatik. Oharrean adierazi zuenez, «kontraprestazio gisa» kobratu zuen, «bere lanagatik», eta ez bitartekaritza batzorde batengatik. Era berean, berretsi zuen ez zuela eraginik izan kontratua anaiari lotutako enpresari esleitzeko garaian, eta ukatu egin zuen Priviet Sportivetik kobratutakoa «administrazioaren kontratua lortzearen trukeko komisio bat» izan zela. «Ez da legez kanpoko ezer egon».
Ayusok aitortu zuenez, beti uko egin dio anaiaren lan jarduerari buruzko azalpenak emateari, eta nabarmendu zuen haren jarduna ez duela «inoiz oztopatu». Aldiz, onartu zuen agian «oker» aritu dela, baina «iraingarria» iruditu zaio anaiaren eta enpresaren arteko harreman komertzialak argitu behar izatea, «inork azalpenik eman ez duen informazioetan oinarritutako susmoengatik». Adierazi zuenez, haren «ohorea» eta Madrilgo Gobernua «zalantzan» jarri ondoren eman zituen azalpen horiek PPren zuzendaritzak.
Bada, Ayusok oharra zabaldu aurretik, Pablo Casado PPko buruak hitz egin zuen, eta aitortu «oso harrituta» eta «atsekabetuta» dagoela. «Horrelakorik ez dut merezi». Gainera, adierazi zuen Ayusoren anaiari buruzko txostena ez zela Moncloatik etorri. Ez zuen argitu nahi izan nork bidali zion, erakunde publiko batetik jaso zuela iradoki zuen arren. Nolanahi ere, zehaztu zuen Ayusoren anaiak 286.000 euroko komisioa kobratu zuela.
Casadok Ayusori argi esan zion zein den bere eginbeharra: «Nire lana da bermatzea PPk gobernatutako erkidego batek ere ez duela praktika ustel bat egin». Ayusori eskatu zion azal zezala anaiak kontratu horrengatik jaso zuen komisioa: «[Ayusok] Ez zidan informazioa eman nahi izan».
Horrez gain, Casadok azaldu zuen PPk «bere barne eremuan» informazioa eskatu baino ez duela egin, eta baztertu egin zuen «modu inkisitorialean» jokatu duenik. Haren ustez, elur bola gero eta handiagoa egiten ari da, eta horrek guztiak amaitu egin behar zuen. «Era pribatuan argitu behar zen, ikuskizun tamalgarri hau saihesteko», deitoratu zuen. Halaber, Casadok ukatu egin zuen PPko zuzendaritzak ikertzaile bat kontratatu zuela Ayusoren gertukoak zelatatzeko: «Gezur hutsa da. Halere, amu bat izan daiteke kontratuaren xehetasunak nolabait estaltzeko». Era berean, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak ere ukatu egin zuen Madrilgo Udalak dirua erabili zuela detektibe bat kontratatzeko eta Ayuso zelatatzeko.
Bi dimisio bi egunetan
Madrilgo presidentea eta PPko zuzendaritza elkarri mokoka aritu dira azken bi egunetan hedabideen aurrean. Ayuso zorrotz mintzatu zitzaien alderdiko buruzagiei, eta batez ere Casado alderdiko presidenteari, Espainiako zenbait komunikabidek ustezko ikerketaren inguruko albistea eman zutela eta: «Zure alderdiko buruzagiek zuri babesa eman beharrean zu suntsitu nahi izatea oso mingarria da». Aldiz, Teodoro Garcia Egea alderdiko idazkari nagusiak gogor kritikatu zuen Ayuso, «guztia eman dion zuzendaritzaren aurka modu ankerrean eta bidegabean jokatzeagatik».
Hala, PPko zuzendaritzak espedientea zabaldu dio Madrilgo presidenteari, eta zerbitzu juridikoak «zuzenbidean» egin beharreko urratsak aztertzen ari direla adierazi zuen Egeak. PPk ez du sekula kargu publiko batean dagoen buruzagi bat kanporatu; beraz, lehen aldia litzateke. Ayusori espedientea zabalduta eta, PPren estatutuen arabera, «desleialkeria» egotziz gero, alderditik kanporatua izango litzateke.
Ayusoren eta Casadoren arteko krisia piztu zenetik, PPko bi kidek eman dute dimisioa azken egunetan: Angel Carromero Madrilgo PPren goi kargudun eta alkatetzako koordinazioko idazkariak, eta PPko sare sozialetako arduradun nagusi Ismael Sirio Lopezek.
Egoera katramilatsu hori ikusita, Madrilgo Asanbleako Mas Madrid alderdiak, Unidas Podemosek eta PSOEk Ayusoren eta haren anaiaren ustezko ustelkeria argitzeko eskatu zioten atzo Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltzari.
Ayusok esan du bere anaiaren kontratuan ez dela «legez kanpoko ezer egon»
Madrilgo Erkidegoko buruak aitortu du anaiak 55.850 euro jaso zituela, kontraprestazio gisa. Casadok «tamalgarritzat» jo du egoera, eta azalpenak eskatu dizkio Ayusori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu