«Axolagabekerian eta ahanzturan» eroritako gatazka baten kronika

Kristina Berasain Tristan kazetariak 'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua idatzi du. «Historia handia istorio txikiekin harilkatzen» duen obra bat da.

2023-11-17, Donostia. Kristina Berasainen Sahara
Kristina Berasain Tristan, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Mendebaldeko Saharako gatazka «axolagabekerian eta ahanzturan» erori da, Kristina Berasain Tristan BERRIAko kazetariak salatu duenez. Hori izan da gatazka horri buruzko liburu bat idazteko arrazoietako bat: Sahara, herri bat erresistentzian. Obra horretan, kazetariak sahararrei ahotsa eman die, «kontakizunen bilduma bat» osatuta. Berasainen ustez, «lekukotasunak altxorra dira, eta saharar batekin hitz egitea liburu bat irekitzea bezala da»; horren bidez, «historia handia istorio txikiekin harilkatzen» duen kronika bat egin du.

Kazetariak atzo aurkeztu zuen liburua, eta agerraldi horretan azaldu zuen irakurleak «Saharako herrira gerturatu» nahi dituela kazetaritza kronika horren bitartez. Liburua BERRIAk, Elkarrek eta Jakin fundazioak sortutako Aleka bildumaren alerik berriena da.

Egileak sahararren kulturari eta hizkuntzari erreparatu die obra horretan. Eta harago ere joan da, kolonialismotik gaur egunera arteko argazki panoramiko bat egin baitu; hori bai, ez da «geopolitika edo historia liburu huts bat». Horren guztiaren bitartez, zera azaldu du: «Saharar herria erresistentzian egon den herri bat izan dela eta orain ere hala dela».

Testuaz gain, liburuan hiru eranskin jaso ditu: infografiak eta mapak, zuri-beltzeko argazkiak eta koleretakoak. Mapak eta infografiak irakurleari gatazkaren gakoak emateko baliatu ditu, panoramika horretan hobeto kokatzeko. Zuri-beltzeko irudiak ere Mendebaldeko Sahararen historian kokatzeko erabili ditu, argazki historikoak baitira; koloretakoak, berriz, tartekatu dituen lekukorik «nabarmenenak» dira.

Horietako bat azaleko argazkikoa da: Embarka Brahim Bumajruta. Fronte Polisarioa sortu zuten bi emakumeetako bat da; are, haren etxean sortu zuten, klandestinitatean. Hori ez zen izan, ordea, irudi hori aukeratzeko arrazoi bakarra, idazleak emakume sahararren «kemena eta ohorea» irudikatu nahi baitzuen, baita borrokaren «ezinbesteko» parte direla ere. Argazkian, gainera, sahararren identitatearen ikur nagusi den haima ere agertzen da. Irudiez gain, herrialde okupatuen kronologia bat eta obran erabili dituen hassanizko hitz eta kontzeptuen hiztegi bat gehitu ditu.

Hori guztia kontuan harturik, Martin Anso editoreak atzo aurkezpenean esan zuen Berasainen liburua gatazkaren inguruko «mugarri bat» dela, eta gaiaz hitz egiteko «erreferente» bilakatuko dela.

Gerraren ondorioak

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gerra berpiztu egin zen duela hiru urte. Kazetariak azaldu zuenez, nahiz eta «intentsitate apaleko» gerra bat izan, ondorioak dituen gatazka bat da. Horietako bat da lurralde liberatuetan bizi ziren nomadak —gehienak zibilak— bigarren desplazamendu edo «bigarren Nakba» bat jasan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.