Primorski dnevnik egunkariko zuzendari Bojan Brezigarrek Kataluniako Lledoners espetxeanelkarrizketatu du Raul Romeva Generalitateko Atzerri kontseilari kargugabetua (Madril, 1971). Italiako Trieste hirian du egoitza Primorski dnevnik-ek, eta esloveniera hiztunen egunkari bakarra da Italian. Hizkuntza gutxituetan idatziriko Europako hedabideen Midas elkarteko kidea da, eta horren bidez helarazi dio elkarrizketa BERRIAri, euskaraz argitaratzeko.
Hirurehun egun baino gehiago egin dituzu espetxean. Nolakoa da zure egunerokoa?
06:15ean jaikitzen naiz. Garbitu egiten naiz, ziega garbitzen dut, eta yoga eta meditazioa egiten ditut 07:30eko zenbaketara arte. Ondoren, gosaltzera jaisten gara. Goiza espetxean ohikoak diren lanak egiten pasatzen dut (irakaskuntza, kirola, irakurketa, idazkuntza...). 12:30ean bazkaltzen dugu, eta gero eguneko aretoa garbitzen dut, garbiketa lanak egitea dagokidalako. 14:30ean, zeldara igotzen gara bigarren zenbaketarako, eta, 15:00etan, arratsaldeko ekintzak hasten dira. Gure kasuan, abokatuen bisitak izaten ditugu maiz, epaiketa prestatzeko. 19:30ean afaltzen dugu, eta aretoa garbitu ondoren, ziegara igotzen gara 20:30ean. Gauak irakurtzeko, idazteko, pentsatzeko, marrazteko eta telebista ikusteko baliatzen ditut.
Zer diozu zure aurkako akusazioez?
Europako auzitegiek ukatzen dituzten delitu batzuk leporatzen dizkigute, egin ez ditugun delitu batzuk, existitu ez den indarkeria oinarritzat hartuta. Horregatik, sententzia posible bakarra absoluzioa da. Zigor sententzia bat betirako zama bat izango da Espainiaren historian eta etorkizunean.
Baina Katalunian jendeak uste du guztiak zigortuko zaituztetela.
Justifikaziorik ez duen gure behin-behineko espetxealdia froga argi bat da, erakusten duena ez dela bidezko epaiketarik izango. Prozesutik kanpoko ikerketak daude, banatutako tramitazioak, kausa paraleloak jurisdikzioen artean... guztia, akusatzaileen eta defentsaren artean ahal den desabantaila handiena eragiteko, eta gure defentsa gabezia segurtatzeko. Asmatutako errelato bat da; auzitegiekin berridatzi nahi dute historia. Argumentu arrazionalekin eta froga objektiboekin defendatuko dugu geure burua, frogatzeko eraikitako fikzio baten aurrean sententzia posible bakarra askatzea dela. Baina defentsa, guretzat, ez da keinu legala, morala baizik. Epaiketa, berriz, gure eskaera baketsu eta demokratikoaren jarraipena da guretzat.
Duela gutxi, lau preso politikok gose greba luze batekin egin zuten protesta. Zuk ez zenuen bat egin. Ez zinen ados haiekin?
Ez, kontrakoa: haien aldarrikapenarekin bat nator. Gose greba egin zuten lau kideek hogei egun horietan nire babes, errespetu eta animo guztia izan zuten. Askatasuna eragotzita daukagun bederatzi lagunon erabaki pertsonal bat izan zen, eta egin ez genuen bostok haien ondoan egon ginen beti, gure familiak haienekin egon ziren bezala.
Junts Pel Si bi arima zituen koalizio bat zen: ERC eta PDeCAT. Urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, desadostasunak nagusitu ziren. Ez duzu uste ikuspegi ezberdinek kalte egiten diotela mugimendu independentistari? Ez al du arriskua sortzen eskuineko alderdiek datorren udaberrian Bartzelonan hauteskundeak irabazteko?
Ez nago ados. Aurrera jarraitzeko kontsentsu handi bat dago: modu baketsuan eta demokratikoan joateko, bide errepresiboak ez gaitzala geldiarazi; sentitzeko mugitzen gaituena ez dela inoren gainetik irabazteko nahia, eraikitzeko borondatea baizik, modu kolektiboan etorkizun etiko, bidezko, inklusibo eta solidario bat lortzeko, guztientzako errepublika baten forman; eta sinestea edozein gobernuk egin behar duena gobernatzea dela, guztien onerako gobernatzea. Eta hori espektro politiko guztiko eta maila sozial guztietako jendeak babesten du. Ados gauden puntu ugari horiei begiratu beharko genieke, balioa eman, eta gero eta zabalagoak izango diren eremuak sortzeko baliatu.
Pedro Sanchez presidente aukeratu zutenean bi alderdi independentisten babesarekin, Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremana aldatzeko itxaropena sortu zen. Zer gertatu da?
Uste dut Sanchezen gobernuaren arazoa dela hura ere Katalunia ordena publikoko arazo gisa definitzen ari dela, Rajoyk egiten zuen bezala, eta ez arazo politiko gisa. Hain zuzen, eskuin muturrari gehien interesatzen zaion eztabaida eta markoa. Baina alternatibarik, politikarik eta ausardiarik gabe, eta askatasunaren inguruko proiektu definiturik gabe, argi dago proiektu autoritarioa gailenduko dela Espainian. Eta Sanchezek argi eduki beharko luke proiektu autoritario hori sozialisten gainetik ere gailenduko dela, Andaluzian gertatu den bezala.
Nola ikusten duzu Raul Romevaren etorkizuna?
Epaia dena delakoa izanda ere, arazo politikoa ez da bukatuko. Katalunian milaka pertsonak sufritzen dituzten espetxealdiak, epaiketak eta errepresioa ondorioak baitira bakarrik, ez arazoa. Arazoak hortxe jarraituko du, baina baita gure borondate eraikitzaileak ere, eta gure konpromiso politikoak. Badakigu epaiketarekin ez dela ezer bukatuko: hasi besterik ez da egingo.
Raul Romeva. Atzerri kontseilari ohia
«Auzitegiekin berridatzi nahi dute historia»
«Justifikaziorik ez duen behin-behineko espetxealdian» dute Romeva, epaiketaren zain. Absoluzioa bakarrik onartzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu