Katalunia

Auzitegi Nazionalak berriz kartzelatu ditu CDRetako lau kide

Bartzelonako Unibertsitateko plazako kanpaldian egondako ikasleek batzar bat egin zuten atzo gauean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo goizaldean aske utzi zituen CDR errepublikaren defentsarako batzordeen lau kide —Guillem Xavier Duch, Eduardo Garzon, Xavier Buigas eta Alexis Codina— behin-behineko espetxealdian jarraitzera behartu zituen berriz ere Manuel Garcia Castellon epaileak, atzo bertan deklarazioa berriz hartu ondoren. Fiskaltzak goizean eskatu zuen lau ekintzaileak berriz espetxeratzeko. Lauren abokatuak salatu zuen «eskubide urraketa» dela berriz kartzelatzea.

Lau kide horiekin batera irailaren 23an atxilotu zituzten beste bi laguni, Ferran Jolisi eta Jordi Rosi, «terrorismoa» egotzi zien. Kartzelan segitzeko erabakiaren oinarrian hauxe ere badagoela dio: «Izan ditzaketen zigor handiengatik ihes egiteko arriskua, delitua berriz egitea, eta frogak suntsitzea».

Jolisen kasuan, honela dio autoak: «Onartu egin du parlamentua okupatzeko asmoa zutela». Rosi egozten dio «intensitate txikiko sabotajeak egitea, haren hitzetan 'Katalunia independentea lortzeko', Poliziak ekintza horiekin arreta galdu zezan, ekintza nagusia litzatekeena egin ahal izateko».

Kanpaldia desegin dute

Duela hogei egun Bartzelonako Unibertsitate protesta kanpaldi bat hasi zuten, prozesu subiranistaren epaia jakin zenetik, baina atzo goizaldean desegin zuen udaltzaingoak. Bi lagun ere atxilotu zituzten, eta tentsio uneak izan ziren udaltzainen eta manifestarien artean.

Poliziak kanpaldia desegiten hasi zirenean, manifestari batzuk kexatu egin zitzaizkien, beren gauzak biltzen ez uzteagatik. Hainbat ikaslek uko egin ziotenplaza uzteari, eta Polizia oldartu egin zitzaien erresistentziarik handieneko guneetan.

Bost egun lehenago, mossoek 117 manifestari identifikatu zituzten, eta beste bat atxilotu zuen. Ikasleek batzarra egin zuten atzo iluntzean, kanpaldia egon zen leku berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.