Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari ez diola aplikatuko amnistia legea; diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua leporatzen diote. Joan den irailean, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak baztertu egin zuen presidente ohiari amnistia aplikatzea, eta hala Espainiako Fiskaltzak nola Puigdemontek epai horri helegiteak aurkeztu ondotik, auzitegi horretako Apelazio Salak ezezkoa eman die gaur.
Puigdemonten arabera, amnistia legea ez aplikatzeko erabakiak ez du «ezustean harrapatu», eta Gorenaren erabakiak erakusten du epaileek «jarrera errebeldea» hartu eta «kasketa» harrapatu dutela lege hori ez dutelako «gustuko». Hortaz, presidente ohiak sare sozialetan adierazi duenez, «ustezko delitu baten interpretazioa bihurritu dute» epaian.
Gorenak hartutako erabakiak Puigdemonti bide ematen dio babes errekurtso bidez Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, argudiatuta Gorenak ez duela amnistia legea behar bezala aplikatu. Auzitegi horrek jada tramiterako onartuak ditu 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira auzipetu, eta gero amnistia aplikatu ez zietenen helegite batzuk. Horien artean dira, erraterako, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiaren helegitea, eta Raul Romeva eta Dolors Bassa kontseilari ohienak.
Llarenak, helegitea gibelera bota zuenean, adierazi zuen amnistia ez dela aplikatu behar «norbanakoek» diru publikoa «beren buruarentzat irabaziak lortzeko» erabiltzen dutenetan, eta, hain zuzen ere, horixe egin zuela Puigdemontek. Zehaztu zuenez, Generalitateko funts publikoak erabili zituzten urriaren 1eko erreferenduma egiteko.
Espainiako Fiskaltza Nagusiak eta Estatuaren Abokatutzak Puigdemonti amnistia aplikatzearen alde egin zuten, eta «maltzurkeriatzat» jo haren kontra egitea; halaber, salatu zuten Gorenaren erabakiak ez zuela PSOEk eta alderdi katalanek bultzatutako amnistia legea errespetatzen.
Auzitegi Gorenak, gaurko erabakia plazaratuta, egoera berean jarri ditu hiru politikari katalan. Puigdemont ez ezik, hauek dira bertze biak: Kataluniako kontseilari ohi Lluis Puig, 2017an Kultura kontseilaria izan zena, eta Antoni Comin, 2016tik 2017ra Osasun kontseilaria izan zena. Apelazio Salak atzera bota ditu Cominek eta Puigek aurkeztutako helegiteak ere.
Erreakzioak, ezker-eskuin
Gorenaren erabakiaren berri izan ondoren, antzeko kritikak sortu dira Kataluniako politikarien artean; nahiz eta batzuek besteek baino oldarkorrago egin duten auzitegiaren epaiaren kontra. Generalitateko presidente Salvador Illak esan du, Milanen egindako prentsaurreko batean, «erabaki judizial guztiak» errespetatzen dituela, baina ñabardura bat gehitu du, eta ohartarazi botere legegilearen erabakiak ere errespetatu egin behar direla.
Hain zuzen, horrekin gogora ekarri du botere horrek onartu egin zuela amnistia legea indarrean jartzea, eta, hortaz, «dagoeneko» lege hori aplikatuta izan beharko luketela 2017ko urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zutenek. Puigdemonten kasuari buruz galdetuta, aitortu du berari gustatuko litzaiokeela hari ere amnistia legea aplikatzea, eta «ahalik eta lasterren» Kataluniara itzultzeko aukera izan zezala.
Auzitegiaren aurka egin du, halaber, Jordi Turull JxC Junts per Catalunyako —alderdi horretakoa da Puigdemont— zuzendari nagusiak, sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez. Gorenari leporatu dio Puigdemonten eta Kataluniako mugimendu independentistaren «aurkako persekuzioa elikatzea». Halere, ohartarazi du «gogor» jarraituko dutela borrokan «Kataluniaren independentziaren alde».