Independentzia, baina ez soilik Espainiarekiko. Statu quo osoa aldatu nahi du Anna Gabriel CUPeko diputatuak (Sallent, Herrialde Katalanak, 1975), eta iraultza horren epizentroan kokatzen du borroka feminista. Iruñean izan berri da, Emakume Internazionalistak taldeak gonbidatuta.
Independentzia bigarren lerroan jartzea leporatu zizuten Junts Pel Siko kide batzuek. Zu kargutik kentzeko eskatu zuten...
Junts Pel Sirekin ituna sinatu genuenean, CUPeko kide batzuek dimisioa emanen zutela hitzartu genuen, Artur Masen keinuaren aurrean geure konpromisoa adierazteko; baina ez genuen izen-deitura jakinik aipatu. Beraz, nire izena ez zen inoiz mahai gainean egon. Egia da, hala ere, Junts Pel Si eta CDCko kide batzuek nire izena aipatu zutela, baina iritzi pertsonalak izan ziren horiek. Gure jendearen balorazioak eta iritziak hartzen ditugu kontuan erabakiak hartzeko tenorean, eta, beraz, erabat legitimatuta ikusten dugu geure burua CUPeko ordezkariok.
Nolakoa da bi indarren arteko harremana gaur egun?
CUPek eta Junts Pel Sik sinatutako ituna ezin uler daiteke Espainiak ezarritako anomalia politikoa aintzat hartu gabe. Erreferenduma egitea posible izan balitz eta independentziaren aldeko atxikimenduak zenbatu ahal izan bagenitu, naturaren kontrako itun hau ez zen beharrezkoa izanen. Hortaz, berezitasun edo anomalia horretatik abiatuta, legealdia egituratzeko eta Espainiarekiko haustura gauzatzeko oinarriak paratzeko konpromisoa hartu genuen. Gustatuko litzaiguke ezkerreko indar politiko gehiagok konpromiso horrekin bat egin izan balute, baina, tamalez, Junts Pel Si da, gaur-gaurkoz, gurekin batera bidea egiteko prest agertu den bakarra.
Erasoak jaso dituzue eskuineko independentisten zein Espainiako ezkertiarren aldetik. Zaila da zuen estrategia azaltzea?
Ez luke hala izan behar, baina zaila da, bai. Kontziente izan beharko genuke Espainiako Estatuan izaera nazionala duten auzi politikoak ezin direla konpondu bide demokratikoak erabilita, baina Espainiako ezkerrak sarritan ahazten du hori. Espainiako Gobernuan aldaketa eraginda arazo horiek desaktibatuko direla uste dute: auziok ez ditu konponduko Espainiako gobernu ezkertiar batek. Hori da, hain zuzen, haien gabeziarik nabarmenena. Bestalde, gobernuko buru izateko Artur Mas ez den norbait lehenetsi genuen, eta hori ez dute asimilatzen independentista batzuek. Ez dute ulertu nahi ez dela fobia pertsonal bat edo beto bat. Ziklo politiko honetan lidergoak transbertsala eta kolegiatua izan beharko lukeela uste dugu; eta Masek gobernu ardura handiak izan zituen CiUren ustelkeria auzia bere okerrenean zegoenean. Oro har, ezin genuen onartu pujolismoarekin, pribatizazioekin eta murrizteekin hain lotura zuzena zuen norbait. Batez ere, independentismoaren oinarriak zabaldu nahi baditugu. Ahalik eta gehien izan behar dugu, independentzia bermatu nahi badugu.
Erabaki zuzena hartu zenutela uste duzue?
Zalantza izpirik gabe. Eta denborak arrazoia eman digu. Ibilbide politiko oparoa eta independentziarekiko konpromiso irmoa duten pertsona asko daude Junts Pel Siren barruan, eta oso egokiak izan daitezke prozesuaren buru izateko. Erabaki horrekin, argi eta garbi adierazi genion Espainiari hau ez dela Artur Masen asmakeria hutsa; herri oso bat dagoela prozesu honen atzean.
Prozesua bizkortzeko berme gisa aurkeztu duzue zeuen burua. Ez al doa mantsoegi deskonexioa?
Prozesuaren benetako bermea jendea izanen da. Tamalez, azkenaldian hotz samar sumatzen dut kaleko giroa. Azken hilabeteotan, negoziazio mahaian eztabaidatzen zenari begira egon da jende asko. Inbestiduraren auzia konponduta, tentsio hori berreskuratu beharko genukeela uste dut. Egia da, halaber, bi hilabete hauetan gobernuak pauso batzuk eman dituela deskonexioa gauzatzeko, baina gustatzen ez zaizkigun beste neurri asko hartu ditu, eta, geure txikian, saiatzen gara presioa egiten, baina, hamar diputaturekin, oso gaitasun mugatua daukagu. Horregatik, kaleko giroa piztera bultzatu nahi ditugu herritarrak. Izan daitezela, orain arte bezala, prozesuaren zaindari.
Eta Puigdemontek atzera eginen balu?
Kasu horretan, arazo larriagoa izanen luke boto-emaileekin gurekin baino. Guk aurrerapausorik antzematen ez badugu, babesa erretiratzen ahal diogu gobernuari, baina zer esanen dute Junts Pel Siri botoa eman zioten 1.600.000 herritarrek konpromisoa hausten bada?
Gobernuak desobedientziaren bidetik jo beharko lukeela uste duzu?
CUPen iritzia ezaguna da: Auzitegi Konstituzionalak ez du zilegitasunik. Horregatik, gure udalek ez diete mossoei edota Espainiako justiziari laguntzarik ematen. CDCren eta ERCren esku dauden instituzioek, berriz, ez dute hala egiten... Auzitegi Konstituzionalaren salaketak errealitate bihurtzen diren heinean, zirt edo zart egin beharko dute. Orduan ikusiko dugu, herritarrek ez baitute erdibideko adabakirik onartuko.
«Independentzia, dena aldatzeko». Hori zen CUPen leloetako bat hauteskunde kanpainan...
Hala da, bai. Independentzia, eraldaketaren motor gisa ulertuta, sarean konektatuta dagoen mundu honetan independentzia ez baita muga berriak eraikitzea. Lehen, diru propioa izateak ematen zizun estatu independentearen izaera; orain, hori ere ez da aplikatzen. Badirudi Europako Batasunetik eta eurotik kanpo ezin duzula bestelako aspiraziorik izan. Guk eredu osoa jartzen dugu zalantzan. Lurraldearen subiranotasuna aldarrikatzen dugu, bai, baina baita gainontzeko subiranotasun guztiak ere: elikadurarena, kulturala, ekonomikoa, gorputzarena, emakumeena... Borroka feministak, adibidez, zuzenean eragiten die kapitalismoaren oinarriei, emakumeen esplotazioaren itzalpeko agenda existituko ez balitz kapitalismoak ez bailuke pilatuko gaur egun dituen irabaziak. Beraz, argi baldin badugu askapen nazionala eta askapen soziala batera doazela, eta beharrezkoa dela kapitalismoari alternatibak bilatzea, onartu beharko genuke ezinbestekoak direla patriarkatuaren alternatibak ere.
CUPeko emakumeen kontrako irain matxistak salatu zenituzten urtarrilean. Zertan da auzia?
Kanpaina bortitza pairatu genuen, bai, eta, horren aurrean, oso isilune nabarmenak sumatu genituen. Orain, egoera baliatu dugu auzia mahai gainean jartzeko eta feminismoari buruzko eztabaida politikaren erdigunean jartzeko. Izan ere, diputatuak izateak bozgorailu bikaina ematen digu halako egoerak salatzeko, eta aukera hori baliatu behar dugu. Argi izan behar dugu diputatu baten kontrako irain matxistak emakume guztion kontrako erasoak direla; eta alderantziz, hedabideetan agertzen ez diren andreen kontrako erasoak gure egin behar ditugula emakumezko politikariok, gure kontrakoak ere badirelako. Gaitz horri buelta eman behar zaio, eta hori lortzeko modu bakarra dago: agenda feminista ezartzea.
Isiltasun mingarriak aipatu dituzu. Norenak?
Zerrenda luzeegia da orain aipatzeko. Halako fenomenoak edonon gertatzen dira, eta guk ez dugu batzuen zein besteen artean bereizten. Irainak Espainiako leize mediatikotik datozen, ala Kataluniatik... egia esan, berdin zaigu, matxismoa transbertsala baita. Hala ere, Kataluniako errepublikaren oinarriak ezarri nahi ditugun honetan, bidelagun ditugunen artean ere halako jarrerak antzematea oso kezkagarria da. Kataluniako prozesuan agenda feminista txertatu behar dugu. Feminismoaren betaurrekoak jantzita berrikusi behar ditugu prozesu konstituziogilearen oinarriak.
Babesak ere jaso zenituzten, ezta?
Eskertzekoa izan zen, adibidez, Bartzelonako alkate Ada Colauren mezu bat Twitterren. Horrez gain, jakina, mezu asko jaso genituen, baina gehientsuenak auzoko jendearenak izan ziren, emakume anonimoenak. Instituzioenak, oso gutxi. Halakoak gertatzea eztabaida politikoaren parte balitz bezala jokatu zuten gehienek. Bada, nik ez dakit hori ohikoena den ala ez, baina argi dudana zera da: deskonexioa ez dela Espainiarekikoa soilik, zapaltzen gaituzten sistema guztiekikoa baizik. Eta patriarkatua da horietako bat. Guretzat, lehentasun bera dute independentziak eta patriarkatua eraisteak.
Katalunia. Anna Gabriel. CUPeko diputatua
«Auzi nazionalak ez ditu konponduko Espainiako gobernu ezkertiar batek»
Zurrunbilo mediatikoaren erdigunean izan da CUP, Junts Pel Sirekin ituna sinatu zuenetik. Espainiako instituzioekiko deskonexioaren epemuga hurreratzen den heinean Kataluniako Gobernuak «zirt edo zart» egin beharko duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu