Korsikako Nazione alderdiaren bozeramaile nazionala

Petru Antone Tomasi: «'Autonomia' hitza jasota dagoen arren, fikziozko autonomia bat da»

Nazione da Korsikako alderdi nazionalisten artean etorkizun instituzionalari buruzko ituna sinatu ez duen bakarra. Tomasirentzat, akordioa «hutsegite politiko eta estrategiko bat» da.

(ID_17116351090965) Petru Antone Tomasi
OLIVIER SANCHEZ
ander perez zala
2024ko martxoaren 29a
05:05
Entzun

Petru Antone Tomasi (Bastia, Korsika, 1987) Korsikako Nazione alderdi independentistaren bozeramailearen iritziz, «atzerapauso bat» da Frantziako Gobernuak eta uharteko hautetsi taldeak etorkizun instituzionalaz hilaren 11n sinatu zuten akordioa. Besteak beste, ez dituelako jasotzen mugimendu nazionalista 1960ko hamarkadatik egiten ari den aldarrikapenak. «Itxurazko autonomia bat» adostu dutela uste du.

Ez duzue sinatu Korsikaren autonomiari buruzko akordioa.

2022ko martxoan abiatu genituen elkarrizketak Frantziako Estatuarekin, eta gu parte hartzen hasi ginen, ikuspuntu kritiko batekin.

Uste genuen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak eta Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak 2022ko martxoaren 17an sinatu zuten protokolo akordioak atea ixten ziola gatazkaren egiazko konponbide politiko bati.

Frantziako Gobernuaren ordezkariak eta Korsikakoarenak marra gorrien logika finkatu zuten orduan. Hau da, eztabaidaren perimetrotik kanpo jarri zituzten afera batzuk; hain justu, guretzat oinarrizkoenak direnak: Korsikako herriaren eta haren eskubideen aitortza, korsikeraren koofizialtasuna... Hori guztia hasieratik baztertu dute.

Azken bi bilkuretan ez duzue parte hartu.

Ia bi urtez eztabaiden parte izan gara, baina ez gara joan azken bi bilkuretara, Darmaninek egun batzuk lehenago jakinarazi baitzuen Frantziako Gobernuak testu konstituzionalari buruzko proposamen bat aurkeztuko zuela, alde bakarrez idatzia. Hortaz, jada ez ginen elkarrizketa baten esparruan.

Mugimendu nazionaleko alderdi bakarra gara akordioa sinatu ez duena. Itun hau hutsegite politiko eta estrategiko bat da.

Autonomiari buruzko prozesuaren helburuetako bat izan da gatazka politikoari irtenbide bat ematea?

Ez. Korsikaren estatusaren azken eboluzioa da. Korsikaren estatutua ez da autonomia estatutu bat: deszentralizazio mugimendu baten parte da; jasotako eskumenak administratiboak dira, eta ez politikoak eta legegileak.

Gauzak gertutik ikustean, ohartzen gara Frantziako Estatuaren proposamena beste etapa bat dela frantziar erako deszentralizazio administratiboan. Alde batetik, autonomia hitza jasota dagoen arren, fikziozko autonomia bat da, itxurazkoa; Europako estandarretatik biziki urrun gaude.

«Ohartzen gara Frantziako Estatuaren proposamena beste etapa bat dela frantziar erako deszentralizazio administratiboan».

Eta, bestalde, ez dugu aurkitzen irtenbide politiko baterako elementurik, ezta mugimendu nazionalista 1960ko hamarkadatik egiten ari den aldarrikapenik ere.

Hau da: ez dago Korsikako herriaren eskubideen aitortzarik; ez dago herri honek bere kabuz eta modu askean bere estatus politikoa eta etorkizuna aukeratzeko aitortzarik; ez dago korsikeraren aitortza ofizialik; ez dago Korsikako herritartasunaren aitortzarik... Guretzat, atzerapauso bat da. Horregatik bozkatuko dugu kontra Korsikako Asanblean [herenegungo bozketaren aurretik egina da elkarrizketa].

Autonomia legegilea lortzeko atea irekita dago, eta lege organikoak zehaztuko du nolakoa izango den. Frantziaren izaera aintzat hartuta, hori ez da aurrerapauso bat?

Lege organikoak ezin du dena bere gain hartu. Elementu batzuk zehaztuko ditu, baina ezin ditu kendu testu konstituzionalak sortu dituen giltzarrapoak.

Lehen giltzarrapoa: lege organikoak ezin dizkio Korsikari eskualdatu testu konstituzionalean bazterturiko eskumenak eta gaiak. Eta testuak esaten du Korsikako Asanbleak ezingo duela, adibidez, egoiliar estatusari buruzko ezer egin. Ezingo dugu korsikera koofizial bilakatu, gainera.

Bigarren giltzarrapoa: autonomia mota bat dago, baina ez da, esaterako, Espainiako Estatuko autonomia erkidegoen parekoa edo Italiako Estatuko eskualdeen antzekoa. Autonomia da norbere legeak bozkatzea, eskumen jakin batzuetan, eta estatu mailako parlamentuaren interferentziarik gabe.

Testu konstituzionalak zera dio: [Frantziako] parlamentuaren eta lege organikoaren araberakoa izango dela zer eskumen eskualdatuko diren. Hau da, parlamentuak erabakitzen du zer baldintzaren eta zer neurriren araberako botere legegilea izango duen Korsikako Asanbleak.

«Eztabaida hauek irekiak izan dira indar harreman politiko eta herrikoi bat izan delako; maluruski, gehiengo autonomistak erabaki du hori indargabetzea».

Hortaz, urrun gaude Beauvauko eztabaidetako [izen hori eman diote prozesuari, Frantziako lehen ministroaren egoitzarena] bi helburu nagusietatik: alegia, gatazka politikoa konpontzetik eta autonomia estatutua lortzetik. Bietako bakar bat ere ez dugu lortu.

Zertan huts egin du prozesuak?

Hasieratik bertatik hutsegite estrategiko bat egin da: Darmanin-Simeoni protokoloa onartzea, estatuak inposatzen dituen lerro gorriak jaso baitzituen. Lerro gorri horiek, hain justu, nazionalisten programako aldarrikapenak dira.

Bigarren hutsegitea metodoari buruzkoa da, neutralizatu egin baita indar harreman politiko oro. Eztabaida hauek irekiak izan dira indar harreman politiko eta herrikoi bat izan delako; maluruski, gehiengo autonomistak erabaki du hori indargabetzea.

Orduan, zer egin behar duzue eskatzen duzuen neurriko irtenbide politiko bat lortzeko?

Zailtasun bat dugu egun: badirudi nekez lortuko dugula elkarrizketa hauetan estatus nagusiago bat. Korsikako herritarrek eta haien ordezkariek segitu behar dute egiazko irtenbide politiko baterako terminoak eskatzen, indar harreman herrikoiaren eta indar harreman politiko eta instituzionalaren bitartez.

Adibide bat emango dizut. Bada aukera Korsikan erreferendum bat egiteko adostuko duten etorkizun instituzionalaz; aukera ona zen Simeonirentzat, galdeketaz gain estatutuari buruzko proposamen bat egiteko, mugimendu nazionalen eskarien araberakoa.

Frantziako Estatua alde bakarrez ari zaio inposatzen estatus bat Korsikari, eta hori nazioarteko zuzenbide publikoaren oinarrizko elementuen kontrakoa da.

Autonomiari buruzko prozesu betean sortu duzue Nazione alderdia. Ziklo politiko baten amaiera izan da?

Bai, hori da ideia. Borroka independentista Corsica Libera izeneko egitura batek egin du azken hamabost urteetan, eta borroka nazionalaren parte bat bere gain hartu du epe horretan.

Gaur egun Korsikak dituen erronka anitzen aurrean, nazio askapenerako borrokako militanteen artean borondate partekatu bat izan zen, tresna berri bat behar zela eta. Hainbat indarren arteko bateratze bat da [Patriotti preso ohien taldearekin batera], Corsica Libera gainditzen duena.

Egitura berri bat da, independentzia nazionalerako borrokaren zerbitzuan dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.