Italiako Parlamentuak aurreko ekainean autonomia bereizi delakoa onartu zuenetik, polemikak bizi-bizi dirau herrialde hartan. Autonomia mota horrek, hain zuzen, eskualde arrunt bakoitzari modua ematen dio estatuari eskatzeko utz diezaiola orain arte ez zeuzkan eskumen batzuk kudeatzen, besteak beste arlo hauetakoak: lan segurtasuna, hezkuntza, osasuna, energia sorkuntza, kultur ondarea eta nazioarteko harremanak. Horretarako, gaur egun estatuari helarazten dizkioten zergen parte handi bat erabili ahal izango dute.
Asko beldur dira erreformak bitan zatituko ote duen herrialdea. «Arau honek ez du balio federalismoa sustatzeko; gainera, berekin dakar baliabideak eskualderik aberatsenetan pilatzea, eta kaltegarria da lurralderik pobreenentzat; hainbeste, non analista batzuk hasiak baitira 'arlekin estatu batez' hizketan», Sassariko Unibertsitateko politologo Carlo Palak azaldu duenez. «Aski diru duten eskualdeek behar bezalako finantzaketa izango dute eskumen gehiago kudeatzeko; pobreenek, aldiz, ez. Legean, gainera, ezarri dute estatuak modua izango duela finantzaketa murrizteko».
Oposizio guztiak kontra agertu dira, eta, hainbat sindikaturekin eta elkarterekin batera, ehunka mila sinadura bildu dituzte neurria bertan behera uzteari buruzko erreferendum bat egiteko.
«Aski diru duten eskualdeek behar bezalako finantzaketa izango dute eskumen gehiago kudeatzeko; pobreenek, aldiz, ez»
CARLO PALASassariko Unibertsitatea
Gobernuko alderdietako kide batzuk ere ez datoz bat autonomia bereiziarekin, Italia hegoaldekoak batez ere. Palak azaldu duenez, lege berriari esker «superabita duten eskualdeek baliabide ekonomikoak pilatu litzakete, hain garatuta ez dauden lurraldeen esku utzi ordez». Baliabideak estatu osoan banatu ezean, hegoaldeko eskualdeek —errenta eta diru sarrera fiskal apalenekoek— baliabide gutxiago izango dituzte; ondorioz, zerbitzu publikoak okertuko zaizkie, edo, hori gerta ez dadin, zergak igo beharko dituzte.
«Ligak dio autonomia bereiziari esker hegoaldeko eskualdeek modu arrazionalagoan gastatu beharko dutela dirua ezinbestean, eta, beraz, hango klase politikoek arduratsuago jokatuko dutela», esplikatu du politologo sardiniarrak.
Zerbitzuen maila
Lurraldeen artean desoreka gehiegizkorik izan ez dadin, legeak dio estatuak «zerbitzu maila oinarrizko» direlakoak ezarri behar dituela, hots, zerbitzuen gutxieneko kalitate bat zehaztu behar duela eta eskualde guztietako zerbitzuetan bermatu behar dela kalitate hori. Parlamentuan, ordea, ez dute lortu horren inguruko akordiorik.
«Erreforma modu desordenatuan egin dute. Autonomia bereizia ezartzeko, bi neurri falta dira: batetik, federalismo fiskala definitzea, haren barnean sartzen baitira estatuak egoera berdintzeko jarri behar dituen baliabideak; eta, bestetik, zerbitzuen oinarrizko maila ezartzea, eskubide zibilekin eta sozialekin lotuta. Ekitatea, elkartasuna eta berdintasun komun bat bermatu behar dira, eta, gero, hala dagokionean, ezarri behar da zer funtzio —zer funtzio administratibo edo, baliagarria bada, zer lege funtzio— eman behar zaizkion eskualde bakoitzari, kontuan hartuta zer premia dituzten beren berezitasunen arabera», azaldu du Gennaro Ferraiuolok. Napoliko Federiko II.a Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da Ferraiuolo, eta uste osoko autonomistatzat dauka bere burua, baina, haren ustez, «desordena horren atzean bulkada egoista batzuk daude, ekonomikoak eta politikoak. Erregionalismo lehiakor bat proposatu dute, ez solidarioa».
«Bulkada egoista batzuk daude, ekonomikoak eta politikoak. Erregionalismo lehiakor bat proposatu dute, ez solidarioa»
GENNARO FERRAIUOLO Napoliko Frederiko II.a Unibertsitatea
Ekimena hartu duten eskualdeek —Lombardia, Veneto eta Emilia-Romagna, iparraldekoak denak— «ez dute eskatzen eskumen jakin batzuk eskualdatzeko premia jakin batzuen arabera: eskumen guztiak eskualdatzeko eskatzen ari dira. Eskumen bakoitzarekin batera, dagozkion finantza baliabideak ere eman behar dira, eta horiek, partez, tokian-tokian bermatu behar dira, baina gobernu zentralak ere nahieran esku hartuko luke alde horretatik», kontatu du Ferraiuolok.
Askoren ustez, batez ere behar ekonomikoak daude eskualde batzuen aldarri identitarioen atzean eta konstituzioaren 116. artikuluaren atzean, zeina Calderoli legea esaten dioten horrek osatu baitu —Roberto Calderoli baita haren sustatzailea, Silvio Berlusconiren gobernuetako ministro bat—. Esaterako, Lombardiako eta Venetoko hainbat enpresak premia dute modu organikoagoan lotzeko Alemaniaren lokomotorrari, nahiz eta hura, oraintxe, krisian dagoen.
Ferraiuoloren ustez, baliteke paradoxa bat sortzea: «Eskualde guztiek eskatuko balute eskumen guztiak eskualdatzeko, ez ginateke iritsiko erregionalismo bereizi batera, baizik erregionalismo berri eta uniforme batera; eta horren efektua, hain zuzen, Espainian frankismoaren ostean ezarritako denentzako kafearen antzekoa izango litzateke. Ordea, Lombardiako eta Venetoko auziak ezin dira konparatu, sakontasun historikoari dagokionez, Euskal Herriko eta Kataluniako auziekin. Ordenamendu juridikoak ez badira oinarritzen prozesu historiko berberetan, proposatzen diren arau konponbideek ere ezinbestean izan beharko dute ezberdinak".
Calderoli legea ezartzea Ligaren aspaldiko amets bat betetzea da. Ligak duela urte batzuk ezabatu zuen Nord hitza bere izenetik, eskuin muturreko alderdi italiar nazionalista bat bihurtu zenean. Fratelli d'Italia ere, «erreforma federalista» onartu zuen gobernuaren gidaria, alderdi zentralista eta nazionalista bat da.
Ferraiuolok honela dio: «Propagandaren eta komenentzia politikoaren jokalekuan gaude orain. Gobernua osatzen duen gehiengo horretan, zirkulu batzuek jendaurrean babestu egiten dute autonomia bereizia, baina, egiaz, hura geldiarazten saiatzen ari dira».
Pala bat dator: «Giorgia Melonik baimena eman zion Ligari autonomia bereizia onartzeko —nahiz eta espero duen ez dela aplikatuko—, hartara trukean Salvinik premierato-a babestu zezan, hots, erreforma presidentzialista bat aurreikusten duena lehen ministroa zuzenean hautatzea, botere handiagoarekin».