Autokraziak, orainaldiko erronkak

Mundua autokratizazioaren  hirugarren olatuan dago murgildurik, hainbat ikerlariren ustez. Demokraziaren aurkakoak diren eta zuzenbide estatua mespretxatzen duten autokratak dira hamaika herrialdetako buruzagiak.

Hungariako lehen ministro Viktor Orban eta Turkiako presidente Racep Tayyip Erdogan Antalyan (Turkia), martxoan. TURKIAKO PRESIDENTETZAKO PRENTSA BULEGOA
Hungariako lehen ministro Viktor Orban eta Turkiako presidente Racep Tayip Erdogan Antalyan (Turkia), martxoan. TURKIAKO PRESIDENTETZAKO PRENTSA BULEGOA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 6a
05:05
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulua guztiak

 

Viktor Orban (Hungaria), Racep Tayyip Erdogan (Turkia), Daniel Ortega (Nikaragua) edota Vladimir Putin (Errusia). Lau buruzagi, autokratizazioaren hirugarren olatuko adibidetzat har litezkeenak. «Demokraziaren aurkako» buruzagiak hauteskundeen bidez heldu dira boterera; eta, bertan, demokrazia autokrazia bihurtu dute. Munduan horrelako hamaika adibide daude; Fabio Angiolillo autokrazietan espezializatutako V-dem institutuko ikerlariak adierazi duenez, joera hori 1990eko hamarkadan hasi zen, eta 2000ko hamarkadatik aurrera izan zuen loraldia. «Gizarteak gaur egun duen erronka handienetarikoa da autokratizazioa», nabarmendu du. Hirugarren olatuko horiek, hala ere, ez dira munduan dauden autokrazia bakarrak.

Autokrazien arteko ezberdintasunak direla medio, zehazki zer diren definitzea «zaila» dela uste du ikerlariak; hala ere, saiatu da: «Autokraziak, gaur egun ulertzen ditugun bezala, bidezko hauteskunderik ez duten —edo bozik ez duten— sistema politikoak dira, non talde txiki batek osatzen dituen elitea eta herrialdeko buruzagitza. Talde horren eskuetan dago arauak egiteko eta onartzeko prozesu guztia, eta ez dago haiei kanpotik aurre egiteko aukerarik».

Autokrata nor den aztertzeko, hala ere, guztiek dituzten zenbait ezaugarri identifika daitezke. Adibidez, pertsona bakar bat gurtzea; hau da, autokrata nazioaren pertsonifikazioa izatea. «Buruzagi batek uste badu herrialde oso bat ordezkatzen duela, hori bera susmagarria da», adierazi du Angiolillok. Hori ez da, ordea, ezaugarri bakarra. «Ikerketa gai nahiko berria» den arren, akademian ados daude beste zenbait ezaugarri dituztela halako sistemek: nazionalismoa; kultur kontserbadurismoa; gutxiengoak, desadostasunak eta beste herrialdeen interesak ez toleratzea; estatuko instituzioak eta zuzenbide estatua mespretxatzea; kontrol soziala; gehienezko legealdirik ez izatea; adierazpen askatasunik eza; errepresioa; eta populismoa.

Angiolilloren eta beste hainbat ikerlarien ustez, autokraziaren hirugarren olatuan dago murgildurik mundua. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Maria Trinidad Bretonesen arabera, lehen olatua 1922an hasi zen, eta 1942ra arte iraun zuen. Gobernu militarrak ziren batez ere autokrazia horiek. Italian, Benito Mussolini, eta Alemanian, Adolf Hitler: horra lehen olatu hartako adibide bi. Autokratizazioaren bigarren olatuari dagokionez, 1959tik 1975era bitarte kokatzen du unibertsitateko irakasleak. Olatu horrek Latinoamerikan izan zuen eraginik handiena.

«Printzipio demokratikoen aurka argiki mintzo diren buruzagiek gero eta indar handiagoa dute Mendebaldean»

 FABIO ANGIOLILLOV-dem institutuko ikerlaria

Angiolillok bitan sailkatzen ditu autokraziak: elektoralak eta itxiak. Elektoralak dira hirugarren olatuko gehienak. Haietan, herritarrek botoa ematen dute; baina «hauteskundeak izateak ez du esan nahi demokrazia bat denik». Izan ere, ikerlariak dio autokrazia elektoraletan hauteskundeak ez direla «ez askeak, ez bidezkoak»: «Edozein alderdik edo buruzagik aukera izan behar du hauteskundeetan lehiatu eta, herritarrek erabakiz gero, irabazi ahal izateko». Gehienetan, autokratak heldu aurretik demokrazia liberalak ziren. Autokrazia itxiei dagokienez, ez dago inolako oposizio itxurarik. Dena buruzagiaren eta haren alderdiaren esku dago —edo familiaren esku, monarkia absolutuetan—. Halako erregimenen adibideak Xi Jinping presidentearen Txina eta Mohammed Bin Salman printzearen Saudi Arabia dira, Financial Times-eko kazetari Gideon Rachmanek egindako ikerketa baten arabera.

Autokrazia oro diktadura bat da, baina diktadura oro ez da autokrazia. Angiolillok azaldu duenez, diktaduren artean autokrazia eta erregimen totalitarioa bereiz daitezke. Erregimen totalitarioan, «gizartearen alderdi guztiak» pertsona edo talde txiki baten menpe daude: «Erregimen totalitarioetan, indarkeria, errepresioa eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen alderdi ororen monopolizazioa dago». Autokraziek, bestalde, nolabaiteko oposizioa ahalbidetzen dute: «Betiere, ahalbidetutako oposizio horrek erregimena kolokan jartzen ez duen bitartean». Are, Angiolillok iritzi dio autokrazia erregimen totalitario baten «aurreko urratsa» izan daitekeela.

Autokratizaziorako urratsak

Hauteskundeak irabazi ostean, buruzagi autokratiko bakoitzak bere bidea egin du, baina V-dem institutuko ikerlariak iritzi dio hiru pauso nagusi ematen dituztela. Lehen pausoa erretorika bere alde jartzea da: «Boterea bereganatuta, gizartea gobernuaren aldekoen eta etsaien artean banatzeko erabiltzen dute erretorika». Hau da, polarizazioa hauspotzen dute. Autokraten gidalerroetan eman beharreko bigarren pausoa «ingeniaritza legala» da. Legeak beren mesedetara moldatzen dituzte, aurretik zeudenak aldatuz, kenduz eta berriak eginez. Angiolillok zenbait adibide aipatu ditu, hala nola zenbait alderdiri finantzaketa kentzea eta epaile jakin batzuk kargutik kentzea. «Sormen handia dute erakunde demokratikoen aurka egiteko».

Azkenik, zuzeneko hertsadura dator. Erretorika eta legeak beren alde dituztelarik, buruzagiek «oposizioari fisikoki eta psikologikoki erasotzen diote». Horretarako aurkariak espetxeratu, torturatu edota hiltzen dituztela adierazi du Angiolillok. Bigarren eta hirugarren pausoak erabilita, autokratek «boterea monopolizatzeko erasoak» egiten hasten dira, eta, «pixkanaka», oposizioa desagerrarazi edota isilarazten dute, «ziurtatzeko boterea ez dela txandakatuko». Angiolilloren ustez, «hiru urrats horiekin demokrazia bat eraits dezakezu».

Mendebaldean gaur egun ezarrita ez dauden arren, Angiolillok autokrazien hazkundeaz ohartarazi du: «Printzipio demokratikoen aurka argiki mintzo diren buruzagiek gero eta indar handiagoa dute Mendebaldean. Donald Trump presidente izan zenean [2017-2021], AEBen demokraziak behea jo zuen, eta badirudi berriz irabaz dezakeela. Europan ere, besteak beste Batasun Nazionalak, AfDk eta [Giorgia] Melonik geroz eta indar handiagoa dute».

Demokraziara itzuli

Demokraziatik autokraziara bidea egin daitekeen moduan, autokraziatik —edo autokrazia bihurtzetik gertu zeuden sistemetatik— demokraziara ere itzul daiteke. Horiei «U aldaketak» deitzen zaie. Joera hori izan duten azken herrialdeetako bat Brasil da. «[Jair] Bolsonarorekin, demokraziak behea jo zuen. [Luiz Inacio Lula da Silva] Lulak oposizioa elkartu, haren aurka egin eta garaitu izanak ez zuen soilik Bolsonaro buruzagitzatik kendu: Brasilgo demokraziak berriz egin zuen gora». Angiolillok nabarmendu du autokrata batekin apurtzeko oso garrantzitsua dela herritarrak heztea «botoak duen garrantziaren inguruan; batez ere, erakunde demokratikoak mantendu nahi izanez gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.