Austrian bozak aurreratuko dituzte, kantzilerordearen ustelkeriagatik

Strache FPO alderdi xenofoboko buruzagiak dimititu egin du, babes truke kontratu publikoak eskaintzen azaldu delako bideo batean. Kurz kantzilerrak gobernu koalizioa hautsi du: «Nahikoa da»

Heinz-Christian Strache, atzo, Vienan, dimisioa emateko deitutako prentsaurrekoan, azalpenak ematen. FLORIAN WIESER / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Lurrikara politikoa gertatu da Austrian, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako astebete falta dela. Horrenbestez, OVP alderdi kontserbadoreak eta FPO eskuin muturrekoak 2017ko abenduan osatutako gobernu koalizioa hautsi egin zen atzo. Alemaniako bi komunikabidek herenegun argitaratutako duela bi urteko bideo batean, diruaren eta babesaren truke kontratu publikoak eskaintzen azaltzen da Heinz-Christian Strache buruzagi xenofoboa, herrialdeko kantzilerordea. Dimititu egin zuen atzo goizean, adieraziz hori zela onena FPOk gobernuan jarrai zezan. Baina, ordu batzuk geroago, iluntzean, oposizioko alderdiek eta milaka herritarrek kalean eskatu ziotena egin zuen Sebastian Kurz kantzilerrak (OVP): legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea. Bozetara «ahalik eta azkarren deitzea» proposatu dio Alexander Van der Bellen presidenteari.

Kurzekin bildu ondoren, prentsaren aurrean eguerdian egindako agerraldi batean eman zuen Strachek dimisioaren berri —alderdiko presidentetza ere utzi du—, eta esan zuen «hautatutako eraso politiko baten biktima» izan dela. Der Spiegel astekariak eta Süddeutsche Zeitung egunkariak herenegun argitaratutako bideoa Eivissako etxe batean (Herrialde Katalanak) grabatu zuten, 2017ko uztailean, legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago —boz horien ondoren iritsi zen FPO, berriro, gobernura—. Ezkutuko kamera batekin grabatutako bideoan, kantzilerordea zena ageri da sofa batean eserita, eta alboan jarrita dago emakumezko bat, oligarka errusiar baten iloba dela esaten duena. Pareko mahaian hainbat botila dituzte.

Oligarkaren ustezko ilobak esaten du Austrian inbertitu nahi duela, eta hori nola egin dezakeen galdetzen dio Stracheri. Hauteskunde kanpainan laguntza jasotzearen truke, gobernura iritsiz gero kontratu publikoak eskainiko dizkiola erantzuten dio. Emakumezkoak proposatzen dio Kronen Zeitung egunkariaren akzioen erdiak erostea, hedabidearen ildo editoriala alderdi xenofoboaren alde lerratze aldera. Eskuin muturreko liderrak iradokitzen dio, gainera, alderdia finantzatzea elkarte bati egindako donazioen bidez. Johan Gudenus FPOren talde parlamentarioaren burua ere azaltzen da bideoan, eta berak ere dimisioa eman zuen.

«Irensteko» egoera zailak

Egin zituen adierazpenak kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke Kurz ez zela guztiz eroso sentitzen FPOkoak bazkide edukita: «Nahiz eta jendaurrean beti ez dudan esan, irensteko oso zailak gertatu zaizkidan egoerak egon dira. Baina hasitako lanarekin aurrera jarraitzeagatik ez dut koalizioa aurrenekoan eten». Ostiralean argitaratutako bideoa inflexio puntu bat izan da kantzilerrarentzat. «Bideoaren ondoren, gauza bat esan behar dut: nahikoa da».

Bideoa kaleratu duten bi hedabideek nabarmendu dute ez dakitela nork prestatu zuen politikaria grabatzeko dispositiboa. Strachek atzo azpimarratu zuenez, «nerabe batek bezala» jokatu zuen, eta portaera «inozoa» izan zuen. FPOko presidenteorde Christian Hafeneckerrek adierazi zuen bideoa «ilegalki» grabatua izan zela, eta auzia, hortaz, beren abokatuen esku utzi dutela.

Strachek beti aldarrikatu izan du FPO dela Austriako alderdi «garbi» bakarra. Hamalau urtez izan da presidentea. 1956an sortu zuten alderdia, eta nazi batzuk zeuden bultzatzaileen artean. 2000tik 2005era, gobernuan egon zen kontserbadoreekin batera, baina, alderdi barruko ustelkeria kasu batzuk zirela medio, hondoratu egin zen. 2015eko errefuxiatuen krisia zela eta, ordea, immigrazioaren kontrako diskurtso ultranazionalista berrindartu zuen, eta hirugarren indarra izan zen 2017ko bozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.