Australia

Australian urriaren 14an egingo dute indigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma

Indigenei parlamentuan ordezkaritza emateko konstituzioaren zuzenketa bozkatuko dute. Inkesten arabera, babesa galdu du erreferendumean bozkatuko den legeak azken hilabeteetan.  

Zuzenketaren aldeko pertsonak aldarrikapenak egiten, Sydenyen. BIANCA DE MARCHI / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 30a
14:41
Entzun

Urriaren 14an egingo dute Australian aborigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma. 2019ko uztailean aurkeztu zuen Anthony Albanese Australiako lehen ministroak erreferenduma egiteko asmoa, eta data jarri diote gaur. Lege proposamenak aurrera egiteko, australiarren gehiengoak baiezkoa bozkatu beharko luke, eta herrialdeko sei estatuetatik lautan gailendu.

«Konstituzioa aldatzeko eta Lehenengo Nazioak aitortzeko lege proposamena. Onartzen duzu?». 17,5 milioi australiarrek baiezkoa edo ezezkoa eman beharko diote galdera horri. Helburua da Aborigenen eta Torres Itsasarteko Uharteetakoen Ahotsa izeneko aholkularitza organo bat sortzea, hau da, indigenek parlamentuan ordezkaritza izateko proposamena. Ordezkaritza horrekin, eragiten dieten gaietan ahotsa edukiko lukete indigenek.

Erreferendumaren data iragartzerakoan, indigenen ordezkaritzaren alde agertu da Albanese: «Gure herrialdea batzeko aukera paregabea izango dugu urriaren 14an. Aborigenentzat eta Torres Itsasarteko Herritarrentzat maratoi bat izan da horrelako zerbait lortzea. Orain, guretzat, esprint bat bakarrik ez da». Horrez gain, Albanesek ezezkoaren aurka egin du: «Ezezkoa bozkatzea aurrerapenaren aurka bozkatzea da. Horrela ez dugu ezer aldatuko». Lehen ministroaren 2022ko hauteskundeetako kanpainako proposamena izan zen erreferendum hori egitea.

Inkesten arabera, indigenak konstituzioan aitortzeko zuzenketak babesa galdu du azken hilabeteetan. %46k baiezkoa bozkatuko lukete orain, eta soilik Australiako bi estatutan irabaziko luke baiezkoak: Tasmanian eta Victorian. Askok uste dute erreferendumean baiezkoa aterako balitz apaldu egingo liratekeela indigenen eta beste herritarren arteko desberdintasun sozioekonomikoak. Australian bizi diren 26 milioi lagunetatik soilik %3,6 dira indigenak, eta %52ko langabezia tasa daukate. Horrez gain, haien bizi itxaropena beste herritarrena baino hamar urte gutxiagokoa da.

Kontrako ikuspuntuak

Erreferendumaren aurkako ikuspuntuak ere agertu dira. Alderdi liberaleko politikariek lehen ministroaren zuzenketaren kontra egin dute. Baina baita senatari aborigen batzuek ere. Jacinta Nampijinpa Price senatari liberal aborigenak esan du erreferenduma eta horrek ekar ditzakeen eraginak «legalki arriskutsuak» direla. «Lege horrek nire herriaren eta Australiako beste biztanleen arteko desberdintasuna handitu dezake», esan du Pricek. Erreferendumaren aurka egin du Linda Thorpe senatari aborigenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.