Azken hilabeteetan gaiztotuta, ia-ia etenda, egon dira Frantziaren eta Australiaren arteko harreman diplomatikoak. Asia hego-ekialderako eta Ozeaniarako AUKUS aliantza politiko militarra sinatu zuen Canberrak AEBekin eta Erresuma Batuarekin, iazko irailean, Parisi akordioaren berri eman gabe. Eta horrekin lotuta, Frantziako enpresa bati itsaspekoak erosteko 2016ko kontratu bat —30.000 milioi euro— bertan behera utzi zuen Australiak. Baina maiatzetik Anthony Albanese da Australiako lehen ministroa. «Etorkizunaz hitz egiten ari gara, ez lehenaldiaz. Bera ez da gertatu zenaren erantzulea», adierazi du Emmanuel Macronek, gaur, Parisen, alboan Albanese zuela. «Hasiera berri bat da hau», esan du Albanesek. Bi buruzagiek bilera bat egin dute Eliseoan, eta, modu horretan, bi herrialdeen arteko harremana berrezarri dute.
«Australiaren eta Frantziaren arteko harremana inportantea da; konfiantza, errespetua eta zintzotasuna garrantzitsuak dira», nabarmendu du Albanesek. Gainera, zenbait aldagai hartu behar dira kontuan. Batetik, Frantziak interesak dituela Indopazifikoan, han daudelako bere kontrolpeko Kaledonia Berria eta Polinesia Frantsesa. Bestetik, geopolitikoki hura eremua giltzarria dela gaur-gaurkoz.
Macron umiliatuta sentitu zen iazko irailean, eta Scott Morrison Australiako lehen ministro zenari «gezurretan» aritzea egotzi zion. Itsaspekoentzako akordioa bertan behera utzi zuen Canberrak, eta Macron minduta zegoen, gainera, iruditzen zitzaiolako Txinaren gorakada militarrari eta ekonomikoari aurre egitea helburu duen aliantza sekretupean eta EB Europako Batasunari eta Frantziari bizkarra emanez negoziatu zutela.
Urri amaieran Joe Bidenekin bildu zen Frantziako presidentea, eta AEBetakoak barkamena eskatu zion, iritzita «baldar» jokatu zuela itsaspekoen auzian. AUKUS itunak jasotzen du Australiak. AEBetako teknologia baliatu dezakeela propultsio nuklearreko itsaspekoak eraikitzeko.
555 milioi euroko kalte ordaina
Duela hiru aste heldu zen Frantziaren eta Australiaren arteko harremanak onbideratzeko balio izan duen ituna. Izan ere, Albanesek kargua hartu eta gutxira Australiako gobernu berriak jakinarazi zuen 555 milioi euroko kalte ordaina emango diola Australiarentzako itsaspekoak eraiki behar zituen Frantziako enpresari.
Parisen gorpuztu dute, gaur, bi herrialdeen arteko harremanaren onbideratzea, eta batzarren ondorengo ohar bateratuan nabarmendu dute lankidetzarako agenda berri bat ezarri dutela, eta hiru ardatz edukiko dituela: defentsa eta segurtasuna; erresilientzia eta ekintza klimatikoa; eta hezkuntza eta kultura.