Australiak eta Frantziak berriz ekin diote beren erlazioari

Macronek esan du Albanese ez dela itsaspekoekin gertatutakoaren «erantzulea». Australiako lehen ministroarentzat, berriro hasi da bi herrialdeen arteko harremana

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Anthony Albanese Australiako lehen ministroa, atzo, Parisen. L. COCH / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan gaiztotuta, ia-ia etenda, egon dira Frantziaren eta Australiaren arteko harreman diplomatikoak. Asia hego-ekialderako eta Ozeaniarako AUKUS aliantza politiko militarra sinatu zuen Canberrak AEBekin eta Erresuma Batuarekin iazko irailean, Parisi akordioaren berri eman gabe. Eta, horrekin lotuta, Frantziako enpresa bati itsaspekoak erosteko 2016ko kontratu bat—30.000 milioi eurokoa— bertan behera utzi zuen Australiak. Baina, maiatzetik, Anthony Albanese da Australiako lehen ministroa. «Etorkizunaz hitz egiten ari gara, ez lehenaldiaz. Bera ez da gertatu zenaren erantzulea», adierazi zuen Emmanuel Macronek atzo, Parisen, alboan Albanese zuela. «Hasiera berri bat da hau», esan zuen Albanesek. Bi buruzagiek bilera bat egin zuten Eliseoan, eta, hala, berriz ekin zioten bi herrialdeen arteko harremanari.

«Australiaren eta Frantziaren arteko harremana inportantea da; konfiantza, errespetua eta zintzotasuna garrantzitsuak dira», nabarmendu zuen Albanesek. Gainera, zenbait aldagai hartu behar dira kontuan. Batetik, Frantziak interesak dituela Indopazifikoan, han daudelako Kaledonia Berria eta Polinesia Frantsesa, bere kontrolpekoak biak ere. Bestetik, geopolitikoki eremu hura funtsezkoa dela gaur-gaurkoz.

Macron umiliatuta sentitu zen iazko irailean, eta Scott Morrison Australiako lehen ministro zenari «gezurretan» aritzea egotzi zion. Itsaspekoentzako akordioa bertan behera utzi zuen Canberrak, eta Macron minduta zegoen, gainera, iruditzen zitzaiolako Txinaren gorakada militarrari eta ekonomikoari aurre egitea helburu duen aliantza sekretupean eta EB Europako Batasunari eta Frantziari bizkarra emanez negoziatu zutela.

Urri amaieran, Joe Bidenekin bildu zen Frantziako presidentea, eta AEBetakoak barkamena eskatu zion, iritzita «baldar» jokatu zuela itsaspekoen auzian. AUKUS itunak jasotzen du AustraliakAEBetako teknologia baliatu dezakeela propultsio nuklearreko itsaspekoak eraikitzeko.

555 milioiko kalte ordaina

Duela hiru aste heldu zen Frantziaren eta Australiaren arteko harremanak onbideratzeko balio izan duen ituna. Izan ere, Albanesek kargua hartu eta gutxira Australiako gobernu berriak jakinarazi zuen 555 milioi euroko kalte ordaina emango diola Australiarentzako itsaspekoak eraiki behar zituen Frantziako enpresari.

Parisen islatu zuten, atzo, bi herrialdeen arteko harremanaren onbideratzea, eta batzarren ondorengo ohar bateratuan nabarmendu zuten lankidetzarako agenda berri bat ezarri dutela, eta hiru ardatz edukiko dituela: defentsa eta segurtasuna; erresilientzia eta ekintza klimatikoa; eta hezkuntza eta kultura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.