SYDNEY. Australiako Auzitegi Gorenak aste honetan kaleratutako epai batek adierazitakoa aintzat hartuta, Australiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen hasi dela aske uzten atxiloaldi mugagabean zeuden dozenaka papergabe aberrigabe.
Papergabe rohingya bat aske uzteko agindu zuen aurreko asteazkenean Australiako justizia instantzia gorenak, eta horrek eragin du Canberraren erabakia. Papergabe horrek hamar urte igaro ditu Australian espetxean, adingabeen kontrako sexu delituak egitea egotzita. Baina, zigorra bete ondoren inongo herrialdek ez zuenez onartzen hura hartzea, atxiloaldi mugagabean segitzen zuen.
Epaiak atea ireki dio 92 aberrigabe aske uzteari, eta beste 340ren egoera zalantzan jarri du, gainera. Giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, batez beste 708 egun pasatzen dituzte atxilotuta papergabeek, nahiz eta Asilo Eskatzaileentzako Baliabideen Zentroko datuek dioten 124 papergabek bost urte baino gehiago daramatzatela atxilotuta.
Australia hasi da aske uzten atxilotu papergabeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu