Aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua, inoizko hiruhilekorik beroena

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, abuztuko batez besteko tenperatura industriaurreko garaikoa baino 1,5 gradu altuagoa izan da

Zenbait turista, iturriaren ondoan, uztailean, Vatikano Hirian. CLAUDIO PERI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Berotze globalak eragindako muturreko ondorioek ez dute etenik. Munduko Meteorologia Erakundeak atzo argitaratu zuen txostena, Copernicus zerbitzuak kaleratutako datuekin, eta, horren arabera, inoiz erregistraturiko hiruhilekorik beroena izan da azken hau. Hain zuzen, aurtengo abuztua 1,5 gradu beroagoa izan da, batez beste, neurtutako industriaurreko —1850-1900 bitartean— garaia baino, eta historiako hilabeterik beroenetan bigarrena izan da, aurtengo uztailaren ondotik. Are, aurtengo lehen seihilekoa inoizko beroenetan bigarrena izan da, 2016koaren ondoren.

El Niño Ozeano Barean itsaslaster beroa sortzen duen klima fenomenoaren ondorioz, itsas azaleko tenperatura globalak maximoetara iritsi dira hirugarren hilabetez jarraian; abuztuan, batez besteko tenperaturarik altuena erregistratu zen: 20,98 gradu. Azken datu horrek, zehazki, ordura arte inoiz jasotako tenperaturarik beroena gainditu zuen: 2016ko martxokoa, hain zuzen.

Munduko Meteorologia Erakundeak Copernicusen eta nazioarteko beste zenbait agentziaren datuak xehatu ditu klima aldaketaren egoerari buruzko txostenerako. Hain zuzen, erakunde horrek eta Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak elkarren artean maiatzean kaleratutako txosten batean aurreikusi zuten %98ko probabilitatea dagoela hurrengo bost urteetako batean inoizko tenperaturarik beroena erregistratzeko, eta %66koa 1850-1900 bitarteko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu altuagoa izateko. Horrek ez du esan nahi, ordea, Lurrak etengabe gaindituko duenik Parisko Hitzarmenean zehaztutako maila, 1,5 gradukoa.

Tenperatura igoeraren ondorioz, muturreko hainbat berobolada izaten ari dira Ipar hemisferioan; horiek sute handiak eragin dituzte, eta «osasunari kalte egin, eguneroko bizitza nahasi eta ingurumenean sarraskiak eragin», Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek ohartarazi zuenez. Gogorarazi zuen, gainera,El Niño fenomenoaren berotze eragina «nozitu baino lehen» gertatzen ari dela.

Bi hildako Grezian

Egunotan, Daniel ekaitzak gogor astindu du Grezia: gutxienez bi lagun hil ziren herenegun uholdeen ondorioz, eta hiru pertsona desagertu. 2007tik izan den bero boladarik latzena igaro eta gero,erdialdeko eskualdeetan euri jasa handiak pairatu dituzte. Atzo, Magnesia eskualdeko Zagora herrian, metro koadroko 75,4 litro bota zituen 24 orduan, 2009an izandako maximoa ia halako bi.

Halaber, suhiltzaileek Volos hirian harrapatuta zeuden dozenaka herritar erreskatatu behar izan zituzten herenegun. 150.000 biztanle ditu hiri horrek, eta Magnesia eskualdeko hiriburua da. Herritar gehienak argirik eta ur hornidurarik gabe daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.