Aurrera egiteko bide berriak

Zimbabweko Gosha herrian, familia bakoitzak soldata bakarra du gehienez ere. Ondorioz, bestelako alternatibak bilatu behar izan dituzte eguneroko elikadura eta osasuna bermatzeko.

Ngoni Kishowe, ezkerrean; Rural Farmerseko koordinatzailea da, eta Kawereko agroekologia eskola (Zimbabwe) bultzatzen ari da egun. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Gosha
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Mashonaland East eskualde erdilehorreko Gosha etxaldean, baserritarrak bizitzaren erronkei aurre egiteko bide berriak ikasten ari dira. Familiek gehienez ere soldata bakarra dute, eta hura larri heltzen da haurren eskola ordaintzeko. Argindarra ere, eguzki panel baten bitartez lortzen dute. Maiz dirua ez zaie heltzen beharrezko osasun eta elikadura baliabideak eskuratzeko ere. Hala, agroekologia lantzen hasi dira egoerak behartuta, eta horri esker ikasi dute elikagaiak eta sendagaiak euren baratze eta baserrien inguruetan jasotzen.

Ia galdutzat ematen ziren arbasoen hazi eta landareak berreskuratu dituzte, rapokoa eta munga bereziki, artoak baino hobeto jasaten baitute lehortasuna eta ez baitute kimikorik behar. Shonga kulturaren arabera, lurrarekin batera sortu ziren landareak dira, eta eguneroko sadza irinarekin egiten den oinarrizko elikagaia ale txiki horiekin egiten dute orain, baita haurren gosaria ere, eskolara joan aurreko olo-ahi katilukada. Haziak ez dituzte erosten, ezta ongarriak ere; ez daukate horretarako dirurik. Haziak partekatu eta trukatu egiten dituzte, eta, lurraren emankortasuna zaintzeko, hosto eta belar lehorrak edo baserrian egindako konposta erabiltzen dute.

Zailtasunek begiak ireki dizkiotela dio Patronela Shamuk. Gosha herrian, ezkondu zeneko baserrian, elikagai ugari lortzen ikasi du arbasoek egiten zuten bezala, gari, barazki, belar eta zuhaitz anitzen bitartez. Shamuren esanetan, belar bakoitzak gaitasun bereziak ditu. Uztari balio erantsia eman nahian, okra belarra lantzen du artisauki baserrian —hipertentsioa zaintzeko balio du—, baita kalabaza hostoak lehortu ere, eta sesamo, moringa edo ahuakateen hazi hautsak prestatu ere bai.

Gainontzeko auzokideei bezala, behiak hil egin zitzaizkion, izurrite baten ondorioz. Goldatu eskuz egin behar dute orain, baina baserritik jasotzen dutenetik elikatzen dira, eta, agroekologia praktiken esperientziaren erronkan sartuta, berrikuntzen egarri dira.

Ortuen diseinua

Shamuk sari bat ere irabazi du, erakusteagatik lursail txikia izan arren aukera izan badagoela bertatik uzta oparoa ateratzeko. Euri ura jasotzeko landu du ortua. Ura biltzeko egin dituen zuloetan usteltzen uzten ditu adaxka, hosto eta belarrak, emankortasuna zaintzeko. Hazi oheen inguruan, forma geometrikoak osatzen dituzten kanalak eraiki ditu, urak bideratu, jaso, eta haziak ernatzeko umeltasun egokia bermatzeko.

Klima aldaketaren eraginez, ezinbestekoak zaizkie euri ura biltzeko garatu dituzten teknikak. Eurialdia azaroan hasten da han, baina azken urteetako euriteak eskasak eta berantiarrak izan dira. Lehorteak gero eta luzeagoak dira, eta, ondorioz, urtegiak eta ubideak egiten ere ikasi dute.

Mashona ekialdeko mendialdean, Paradzai Chibandak ura eraman dezake bere lursailen ondoan egin dituen putzuetara, eskuz eraiki duen ubide sarearen bidez. Urteak darama sorkuntza horretan lanean, eta etengabeko lana da, baina urte osorako uzta bermatzea lortu du.

Kanyonga Kahukwak ere auzokoen laguntzaz egin zuen ubidea. Garai batean,ez zuen diru nahikorik alaba guztiak eskolaratzeko, etabehiak saldu behar izan zituen proiektua aurrera ateratzeko. Baina egun ekoizten dituen elikagaien erdiak baino gehiago Kawele herriraino eramaten ditu, eta handik Mutoko eta Harareraino, saltzeko. Irabaziekin, baserri bat eraiki du.

Herritarrek martxan dituzte hurrengo proiektuak ere; nagusia, agroekologia eskola bat zabaltzea. Oraingoz, lortu dute haize errota konpondu eta martxan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.