Jakinik ez zuela nahikoa babes edukiko onartua izan zedin, Espainiako Gobernuak erabaki du, gaur, aurrekontu proiekturako aurkeztutako gastu mugaren eta egonkortasun bidearen tramitazioa etetea. Espainiako Kongresuan etzi ziren horri buruz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak; hala zegoen programatuta. Tramitazio hori, hain zuzen, ezinbestekoa da aurrekontuei bide emateko. Horrenbestez, 2025erako aurrekontuak kolokan jartzen dituen erabakia hartu du Moncloak. Aintzat hartu behar da 2023ko aurrekontuak luzatuta ari dela jardunean aurten, eta bai gobernuko ministro batzuek eta bai PSOEko hainbat buruzagik azken asteotan jendaurrean adierazi dutela ez diotela oraingoz muzin egin berriro luzatzeari.
Espainiako zenbait hedabidek gobernuaren iturriak aipatuz kaleratu dutenez, gastu mugaren eta egonkortasun bidearen tramitazioa etetea erabaki dute, negoziatzeko denbora gehiago edukitzeko eta «elkarrizketari beste aukera bat emateko». PPk esana dauka aurkeztutako proposamenaren aurka bozkatuko duela, eta Juntsek ere asmo hori dauka, egin dituen azken hautuak aintzat harturik. Gobernuak joan den uztailean eraman zuen gastu mugari buruzko lehen proposamena Kongresura, eta Carles Puigdemont buru duen alderdiak kontra bozkatu zuen; beraz, ez zuten onartu.
Juntsen zazpi diputatuek rol erabakigarria daukate Kongresuaren aritmetikan, erabaki batzuk edo besteak hartzerakoan. Joan den astean, esaterako, Pedro Sanchez berriro Espainiako presidente bihurtzea ahalbidetu zuen blokeak sasoikako alokairuen prezioa arautzeko lege bat onartu asmo zuen, baina Juntsek kontra bozkatu zuen, nahiz eta iazko azaroan presidentearen izendapena babestu. Eta ez da hala jokatzen duen lehen aldia: uztailean, PPrekin eta Voxekin batera, Atzerritarren Legea erreformatzearen kontra bozkatu zuen.
PSOEko eta Juntseko ordezkariak Suitzan elkartu dira aurreko asteburuan, zenbait hedabidek bi alderdietako iturriak aipatuz kaleratu dutenez. Eta informazio horien arabera, bilerak ez zuen fruiturik eman; izan ere, elkarri aurpegiratu zioten ez direla ari betetzen Sanchezen inbestidura ahalbidetzearen truke sinatutako dokumentuan jasotakoak —gisa horretako bilerak zeuden jasota, esaterako—.
Denboraz, larri
Aurreko maiatzean Katalunian hauteskundeak egin eta duela hilabete pasa Salvador Illa PSCkoa Kataluniako Sozialisten Alderdikoa Generalitateko presidente izendatu zutenetik —ERC Esquerra Republicanaren botoei esker—, bi alderdien arteko harremanak gaiztotu egin dira. PSCk irabazi zituen hauteskundeak (42 parlamentari); eta Junts geratu zen bigarren (35 parlamentari). Puigdemontek eskatu zion Illari abstenitu zedila eta bide eman ziezaiola Generalitate subiranista bati —ERCren babes posiblearekin—, iradokiz hori egiten ez bazuen kolokan egon zitekeela Madrilen Juntsek gobernuari eman dion babesa.
Eta, horiek horrela, aurrekontu berri batzuk edukitzeko denbora amaitzen ari zaio Espainiako Gobernuari. Konstituzioak dionez, aurreko urteko aurrekontuak iraungi baino lehen aurkeztu behar da aurrekontuen proiektua; hau da, proiektuak mahai gainean egon beharko lukeela urri hasierarako, beranduenez.