Aurrekaririk gabeko bide bat

Venezuelak Amerikako Estatuen Erakundea utziko du. AEEko kide batek historian lehenbiziko aldiz adierazi du erakundea uzteko asmoa. Oposizioa haserre agertu da Maduroren erabakiarekin

Oposizioko jarraitzaileak Poliziari aurre egiten Caracasen, herenegun. 20 urteko gazte bat hil zen istiluen eremuan. CRISTIAN HERNANDEZ / EFE.
mikel rodriguez
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Pauso erraldoi bat eman dut interbentzionismo inperiala bukatzeko». Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak aurrekaririk gabeko erabaki bat hartu du, Venezuelak AEE Amerikako Estatuen Erakundea uzteko eskaera ofiziala egitekoa baitzuen atzo. 1948an sortu zuten AEE, eta, ordutik, inork ez du eskatu halakorik. Gaur egun, Ameriketako estatu guztiak dira kide, Kuba izan ezik —1962an kanporatu zuten—. Venezuelako Gobernua aspaldian etsaituta dago Luis Almagro AEEko idazkari nagusiarekin, leporatzen baitio herrialdeko krisi politikoan esku hartzea oposizioaren alde. AEEko Kontseilu Iraunkorrak herenegun bilera batera deitu zituen Atzerri ministroak Venezuelako krisiari buruz eztabaidatzeko, baina Caracasen oniritzirik gabe egin zuen. Soka hautsi duen gertakaria izan da.

Giro nahasia eta tentsio egoeradute Venezuelan, eta AEEren inguruan hartutako erabakiak ere aurrez aurre paratu ditu oposizioa eta gobernua. «Erreakzio etsitu bat da arruntean, eta Venezuelako Gobernuaren ahalegin bat da, gure herrialdea krisira eraman duten akatsak estaltzeko», adierazi dio BERRIAri Simon Calzadilla MPV Venezuelako Mugimendu Aurrerakoiko idazkari nagusi eta parlamentuko bigarren presidenteordeak. «Atxikita jarraitzen dute mundu guztiak ikusten dituen txarkeriak sortu dituen eredura, eta konponbidetzat dute herrialdea bakartzea. AEEk Venezuelaz duen ikuspuntua Mercosurrek eta Unasurrek duten berbera da, AEEko kide diren herrialde gehienen berbera da, eta Europako Batasuneko herrialdeen berbera da».

Bertzelako iritzi bat du Diego Sequera analistak eta Mision Verdad hedabide digital chavistako erredaktoreak. «Indarrezko maniobra bati indarrarekin emandako erantzun bat izan da». Arabiar Ligak Sirian jokatu duen rolarekin konparatu du AEEren jokabidea: «Zigorrak ezarri ditu, eta gainetik dagoen agenda bati men egin dio. Garai batean AEEn bertze indar korrelazio bat zegoen, eta ezberdin joka zezakeen, baina orain ez da horrela». Gobernuak bezala, Sequerak uste du erakundea AEBen interesen zerbitzura dagoela, eta Washingtoni leporatu dio Karibeko eremuan «politika erasokor bat» egitea. Donald Trump AEBetako presidenteari Caracasen erabakiaren inguruan galdetu zioten atzo Etxe Zurian, Mauricio Macri Argentinako presidentearekin elkartu aitzinetik. «Venezuela tamalgarria da», erran zuen birritan.

'Moonroezaletasuna'

Sequerak Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erakundeen izaera kontrajarri du AEErekin. 2010ean sortu zuten Celac, eta AEBak eta Kanadak izan ezik Amerikako estatu guztiek osatzen dute. Sequeraren ustez, «doktrina bolibariarra» hobeki egokitu liteke Celacen, «ikuspuntu erregionala» baitu; AEEk, ordea, «doktrina panamerikarra» aplikatzen du, «XX. mendeko moonroezaletasuna» —Moonroe doktrina AEBek XIX. mendean Latinoamerikan aplikatu zuten politika interbentzionista izan zen, Europako potentzien kolonialismoari lehia egiteko—.

Calzadillaren ustez, ordea, Celacek ez du «inoiz» ordezkatuko AEE. «Celac hagitz gauza txiki bat da. Eta gobernuak nahi du herrialde txikiek eta eragin eskasa dutenek haren aldeko jarrera bat hartzea. Herrialde horietako anitzek, gainera, Hugo Chavezen eta Maduroren gobernuen dirua jaso dute». Madurok eskatuta, Celacek ezohiko bilera bat eginen du heldu den asteartean.

Dena den, Venezuelak AEE uzteko bi urteko prozesu bat bete behar du. Sequerak aitortu du «jokaldi arriskatua» dela, «egoera ezezagun batean» aurkituko baita Venezuela. Calzadillaren arabera, Amerikarteko Gutun Demokratikoa bertan behera uztea da gobernuaren helburua; agiri horretan zehaztuta dago kide bat zigortu eta kanporatzeko egin beharreko urratsa. «Venezuelako Gobernuak [kanporatzeko] erabakiari aurre hartu nahi dio, baina bi urtean hitzarmenaren eraginpean jarraitu beharko du».

Madurok aste honetan elkarrizketarako dei bat egin zion oposizioari, eta adierazi zuen iaz bertan behera utzi zituzten gobernadoreak hautatzeko hauteskundeak aurten egin nahi dituela. Dena den, jarrerak hurbiltzeko aukera gutxi ikusten dute Calzadillak eta Sequerak, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik izan. «Solas egin, hori bertzerik ez du egiten gizon horrek», mespretxatu du Calzadillak.

Eskaria nazioarteari

Sequerak, ordea, mesfidantzaz ikusten ditu oposizioak iaztik egin dituen eskariak, eta uste du Europa ekialdeko Koloreetako iraultzen estrategiak erabiltzen dituela. «Gobernuak men egin izan balie eskari guztiei, horrek ez luke gatazka politikoa konponduko». Parlamentuak, oposizioaren gehiengoarekin, atzo nazioarteari eskatu zion exijitu diezaiola gobernuari presidentetzarako hauteskundeak aurten egitea. Calzadillak uste du protestak «areagotu» eginen direla, eta gobernuari leporatu dio erantzukizuna. Sequeraren ustez, «biolentziaren gogortzea fokalizatuta dago, agerpen mediatiko handiagoa duten eremuetan». Oposizioaren «estrategia bat» ikusten du: «Egunez legezko protestak egiten dituzte, eta arratsetan operazio arriskutsuagoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.