LDP Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoak, hau da, 50eko urteez geroztik ia etenik gabe boterean egondakoak barne hauteskundeak eginen ditu bihar, eta erabakigarriak izanen dira, kontuan hartuta abuztuaren 14an Fumio Kishida herrialdeko lehen ministroak jakinarazi zuela ez zela aurkeztuko. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenen gisan —presidentetzarako lehia utzi zuen hark ere—, Kishidak babes arrunt apala du azaroaz geroztik, %30etik beheitikoa, alderdi politikoen finantzaketarekin lotutako eskandalu batengatik batez ere. Herrialdeko parlamentua saio bat egitekoa da urriaren 1ean, eta, okerrik ezean, bozen irabazlea lehen ministro aukeratuko dute.
Preseski, azaroan argitara ateratako eskandalu horrek inarrosi egin zituen LDPko fakzio nagusiak, argitara atera baitzen ez zutela behar bezala jakinarazi zenbat irabazia zuten dirua biltzeko ekitaldietarako sarrerak salduz. Nahiz eta Kishida ez zegoen afera horretan sartua, behar baino sarrera gehiago saldu zituzten LDPko kide anitz erosi egin zituzten, soberakinaren parte bat emanez. Jarduteko modu hori, zeina Abe fakzioan bereziki zabaldua baitzen, berriz indartu zen Shinzo Abe lehen ministroa zena 2022an hil ondotik, hark ez baitzuen halakorik onartu karguan izan zen bitartean. Horiek horrela, itzal handiko politikari zenbait afera horretan nahasi, eta izen ona galdu zuten.
Sokako Unibertsitateko irakasle Fomunobu Okaberen erranetan, LDPko presidentea eta beraz Japoniako lehen ministroa aukeratzeko hauteskundeen ardatza zera izanen da, «modua aurkitzea iritzi publikoaren dezepzioa eta LDPren beraren politikak piztutako mesfidantza gainditzeko». Halere, akademikoak azaldu du japoniarrek politikari mesfidantzaz begiratzea ez dela bakarrik eskandalu ekonomikoen ondorio, baizik eta bertze faktore hauena ere bai: «Kontserbadoreek harreman estua izatea, besteak beste, Batasunaren Elizarekin; dirudunak izatea, eroskeria kontuetan nahasiak egotea, zergak garaiz ez ordaintzea, gai ez izatea prezioak ez garestitzeko neurriak hartzeko, defentsarako zerga igotzea eta konstituzioa moldatzea, eta Gizarte Segurantzan moldaketa bidegabeak egitea, halako moduz non arriskua dagoen herritarrik zaurgarrienak guztiz estutzeko».
Okabe argi mintzatu da: «Alderdiko hauteskundeen emaitzaren arabera, baliteke egoera politikoa orain baino are kaotikoagoa bihurtzea». Akademikoaren aburuz, zentzuzkoa da pentsatzea «boto emaile gehienen babesa eta onarpena lortzeko moduko norbait hautatzea» izanen dela LDPko kideen kezkarik handiena alderdiko hauteskundeetan. «Izan ere, japoniar anitzek arrunt galdu dute alderdiari zioten atxikimendua, eta, nagusiki, LDPk hainbat urtez egindako politikengatik gertatu da hori», gaineratu du Okabek.
«Alderdiko hauteskundeen emaitzaren arabera, baliteke egoera politikoa orain baino are kaotikoagoa bihurtzea»
FOMUNOBU OKABESokako Unibertsitateko irakaslea
Kishidak espero du hauteskundeen ondotik, hau da, bertze lehen ministro bat hautatu eta babes handiagoko gobernu bat osatu ondotik lehen ministro berriak hauteskundeetara deitzea eta orduan alderdiaren gehiengoa handitzea eztei bidaiaren efektu delakoak hauspotuta. Okaberi iruditzen zaio alderdiaren barne hauteskundeek bete-betean eraginen dutela Japoniaren etorkizunean: «Kontserbadoreak indarberritzeko lanari serio heltzeko ekimena eta jarrera dituen norbait hautatu behar du LDPk, eta, hala, japoniarren babesa berreskuratu; bertzela, espero izatekoa da bete-betan porrot egitea hurrengo hauteskunde orokorretan».
Sokako Unibertsitateko irakasleak oroitarazi du alderdi kontserbadoreek gidatu dutela Japoniako politika ia batere etenik gabe Meijiren garaitik orain arte, eta, beraz, uste du ikusmolde jakin bat zabaldua dela, ohartuki edo oharkabean, Japoniako herritarren artean: onerako edo txarrerako, kontserbadoreak direla herrialdeko politikaren gidari. «Japoniako erranairu baten arabera, etsaiari buru egin ezinean bazabiltza, hobe harekin bat egitea, eta, hain zuzen, horixe egin dute herritar eta enpresa anitzek, nahiago baitute LDP babestu eta ahal bezainbat onura lortu, haren kontra egin baino», adierazi du Okabek.
Hautagaiak
Nolanahi ere, alderdiaren barne hauteskundeetan zer gertatzen den, baliteke LDPk porrot historikoa izatea hurrengo boz orokorretan. Horretarako, Okaberen aburuz, «ezinbertzekoa da oposizioko alderdiren batek erakustea lidergo sendoa duela, LDP ordezkatzeko modukoa». Akademikoaren iritziz, gaur-gaurkoz alderdi bat bertzerik ez da gai kontserbadoreei agintea kentzeko, DCP Alderdi Demokratiko Konstituzionala, zeina boterean izan baitzen tarte labur batez, 2009tik 2012ra bitarte. Okabek azaldu duenez, DCPk ez zuen lortu bere hauteskunde programa betetzea, baina izan zuen bertze hutsegiterik ere: eskandalu politiko anitz izan zituen, okertu egin zituen Japoniak AEBekin eta Txinarekin zituen harremanak, ez zen gai izan Fukushimako hondamendiari buru egiteko, eta alferrik ahalegindu zen finantza publikoak onbideratzen.
LDPren presidentetza eskuratzeko bederatzi hautagaien artean, Takayuki Kobayashi nabarmentzen da, Kishidak uko egin eta egun gutxira aurkeztua. Kobayashi Finantza Ministerioko burokrata izandakoa da, kontserbadorea, eta baliteke zerga diziplina hartzea bere agendako lehentasun gisa. 49 urte izanik, aukera berritzailetzat aurkezten du bere burua, noiz-eta LDP eginahalean ari den honetan nola edo hala gibelean uzteko bai diru bilketaren eskandalua eta bai alderdiko lehengo egiturari, hau da, fakzioz osatutakoari zegokion politika ere.
Kono Taro Atzerri ministro ohia da hautagai nagusietako bertze bat: 61 urte ditu, eta egiturazko erreformak bulkatzeagatik da ezaguna. Halere, Nikkei egunkari ekonomikoaren inkesta baten arabera, Shinjiro Koizumi da faboritoa, Abe eta Sugaren gobernuetan Ingurumen ministro izandakoa. 43 urte ditu, Junichiro Koizumi lehen ministro ohia du aita —zeina ezaguna baita bere estilo biziagatik eta Japan Post zerbitzuaren pribatizazioa aitzinera eramateagatik—, eta herritarrek estimu handia diote. Espero da hezkuntza eta familia politikak izatea haren hautagaitzaren ardatz, hautesleen arreta piztu duten gaiak biak ere.