Independentziari buruzko herri galdeketarako bi hilabeteren faltan, «partidaren atarian» dago Katalunia. Uda amaieran, errenkadan helduko dira etorkizun politikoa baldintzatuko duten gertakariak: Diada eguneko manifestazioa, urte politiko berria, Kataluniako Parlamentuak galdeketa legea onartzea eta galdeketara deitzeko dekretua. «Hortik aurrera, estatuaren makineria sartuko da», dio David Fernandez CUPeko diputatuak (Bartzelona, 1974): «Eta, orduan, galdera ez da izango zer egiten duen estatuak, baizik eta guk nola erantzungo diogun. Zuria edo beltza izango da: edo Auzitegi Konstituzionalari men egiten diogu, eta herritarren gehiengoaren nahia desobeditu, edo alderantziz».
Erabakitzeko eskubidearen alde agertu zareten alderdiok erabakita al daukazue nola jokatu Madrilek galdeketa debekatzen badu?
Badaude eztabaidak, baina oraingoz ez da egon abenduaren 12ko [galdeketaren eguna eta formulazioa onartu zituzten eguneko] sinatzaileen bilerarik. Guk eskatu izan dugu ez gaitzatela deitu kontsulta debekatzen duten egunean. Zeren hori gertatuko baita, eta irain izugarria izango da: independentziaren alde dauden %80 horietako bakoitzari esango diote bere iritzi politikoak ez duela inolako baliorik. Eta horri duintasunez erantzun behar diogu.
Gizartea desobedientziarako prest ikusten duzu?
Prozesu honen berezitasunetako bat bere izaera soziala da. Gizartea beti ibili da politikaren aurretik: hainbat herritan independentziaren aldeko galdeketak egin dituzte, diktadura frankistaz geroztiko mobilizazio handienak... Generalitateko presidentea geroago igo zen tren honetara, 2012an, [Mariano] Rajoyri itun fiskala proposatu eta hark atea danbateko batez itxi zionean. Beraz, uste dut gizartea badagoela prest. Egia da orain hasiko dela benetan partida: aurkariaren zelaian, muturreko hooligan taldearekin —Auzitegi Konstituzionala—, eta ez preseski neutrala den epaile batekin. Partida hori jokatuko dugu, baina ez da ezinezkoa. Eta, bestela, zer egingo dugu? Burua jaitsi eta hurrengora arte? Kontzientzia kolektibo zabala dago: jendeak badaki gure herriaren historian giltzarria dela garai hau. Datorren urtean egiten dugunak hurrengo bi hamarkadak baldintzatuko dizkigu.
Kataluniako Gobernuak nola jokatzen du: borondatez ala erdi behartuta? Prozesua zenbateraino dago haren esku?
Bereizi behar dira: gobernua, CDC eta eliteak. Elkarri lotuta dauden arren, gauza desberdinak dira. Oker egon naiteke, baina [Artur] Mas presidenteak galdeketarekin daukan konpromisoak aldagaitza dirudi: edozein erabaki bozkatu egingo dugula esan du, eta promesa horretan bere etorkizuna du jokoan. Gero, CDC dago, bere iraganaren eta etorkizunaren artean preso; tentsio horiek Uniorekin dituen harremanetatik datoz nagusiki. Eta, mundu ekonomikoan, enpresa txiki eta ertainen zati bat prozesuarekin konprometituta dago, baina oligarkia katalana —La Caixa, La Vanguardia...— aspalditik ari da lanean, alferrik ari bada ere, hirugarren bidearen alde, dugun prozesuaren natura politikoa deuseztatzeko asmoz.
Baina horiek guztiak CiUrengertukoak izan ohi dira.
Zoritxarreko antidotoa da memoria. Indarrean dauden aurrekontuak Masen lehenbiziko gobernuak PPren babesarekin onartutakoak dira. 2010ean adostu zituzten, Kataluniak inoiz izandako krisi sozial eta ekonomiko okerrenean. Gastuak murriztu, ura eta ondare publikoa pribatizatu eta herrialdea zatika saltzen duen gobernu bat daukagu. Hor dago kontraesana: etengabe hitz egiten du burujabetza ekonomikoaz, baina etengabe saltzen du herrialdea. Horregatik, prozesuak hori ere badakar: Espainiako Estatutik, finantza merkatuetatik eta oligarkia katalanetik independente izan nahi dugu, hiru boteregune horiek prekarizatu eta ahuldu dutelako Kataluniako gizartea.
Gerta liteke Masek Espainiaren eskaintza bat onartzea?
Masek esan izan du proposamenak Madrildik etorri behar duela, eta... Espainiako Estatua da. Oraingoz, erakutsi duen kultura demokratikoa hutsaren hurrengoa da. Ez da Londres, ez dago Mick Jaggerrik edota«geratu hemen, hobeto gaude elkarrekin» dioen manifesturik. Hirugarren bidea aspaldi idatzi zuen [Josep Antoni] Duran i Lleidak, baina Madrilen inork ez du proposatzen, eta Katalunian inork ez du erosten —Duranek izan ezik—.
Ziurrenik helduko da eskaintzaren bat, Diadaren aurretik edo justu haren ondoren. Azenarioaren eta makilaren jokoa da: galdeketa debekatzeko mehatxua egin, eta zerbait eskaini. Baina begira: aurki bost urte beteko dira Arenys de Munteko lehenbiziko galdeketa hartatik. Fiskaltzak debekatu egin zuen, Estatuaren abokatua ere sartu zen, Falangea etorri zen... Eta guk desobeditu egin genuen, eta ez zen ezer gertatu. Edo bai, gertatu zen: beste 545 herri galdeketa etorri ziren ondoren.
Nola eragingo dio prozesuari Jordi Pujolen zerga iruzurraren inguruko eskandaluak?
Perspektiban, ongi, esango nuke. Kataluniako presidentetza utzi zuenetik, pater familias funtzio pontifikatzailea bete du Pujolek: hark esaten zuen zer egin behar zen eta zer ez. Baina gutako askok gogoan ditugu pujolismoko urteak, [Baltasar] Garzonek independentistak torturatzen zituenean eta Pujolek beste aldera begiratzen zuenean. Pujolismoa erregimen bat ere izan da, zeinetan askok gobernua enpresarekin nahastu duten, eta herrialdea, negozio batekin. Hori ere bada prozesuaren helburua: ustelkeriazko ziklo hori itxi eta herrialdea demokratizatzea. Pujolismoa ez da kaleko diskurtso bat: boterearen diskurtsoa da. Eta gu ez gara haren oinordekoak, haren biktimak baizik. Beraz, prozesuari dagokionez, bide bat zabaldu du kontzientzia kolektiboan. Prozesu honen alde ona da gure esku dagoela: gure setari esker egingo dugu aurrera. Eta horretarako daukagun berme onena herritarrak dira: gizartean jada gertatu da kontzientzia aldaketa, eta horrek ez du atzera bueltarik.
David Fernandez. CUPeko diputatua
«Aurkariaren zelaian jokatuko dugu, baina ez da ezinezkoa»
Kataluniako eragile politiko nagusiek ziurtzat jotzen dute Madrilek azaroaren 9ko galdeketa debekatuko duela. Fernandezen arabera, bi aukera baino ez daude: Espainiari desobeditu, edo herritarren nahiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu