Aurkako ahotsak ugarituta, Casadok deliberatu du denbora irabaztea

PPren buruzagitzak erabaki du astelehenerako zuzendaritza nazionala biltzea. Organo horrek dei dezake ezohiko kongresura. Nuñez Feijook «urgentziazko irtenbide bat» eskatu du

Pablo Casado PPren liderra Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentea —bizkarrez—, besarkatzen, abenduan. SEBASTIAN MARISCAL MARTINEZ AGEN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hesituta sentitzeko arrazoiak baditu Pablo Casado PPren liderrak. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearekin azken astean sortutako gatazkaren harira, krisi betean dago alderdia, eta horren barruan geroz eta gehiago eta geroz eta pisu handiagokoak dira egoera konponbidean jartzeko ezohiko kongresu batera deitu beharko lukeela eskatzen dioten ahotsak. Alderdiaren zuzendaritza batzordeak bilera bat egin zuen, atzo, eta, zazpi orduz batzartuta egon ondoren, alderdiaren goi kargudunek dokumentu baten bidez jakinarazi zuten erabaki dutela, aho batez, datorren astelehenerako zuzendaritza nazionala biltzea. PPren organo horrek du, hain zuzen, ezohiko kongresu batera deitzeko eskumena. Hortaz, Casadok karguari heltzea eta denbora irabaztea deliberatu du.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak argi dauka: alderdia «kolapso egoeran» dago, eta «urgentziazko irtenbide bat» behar du, «nahiz eta jakin erabakiak ez direla errazak izango». Hori adierazi zuen atzo, ekitaldi publiko batean, prentsaren aurrean. PPren lurraldeetako buruzagi nabarmenenetako bat da, eta El País egunkariak alderdiaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Nuñez Feijoorentzat ez da nahikoa Teodoro Garcia Egea alderdiaren idazkari nagusia kargugabetzea —gertatutakoaren erantzuletzat jotzen dute buruzagi batzuek—: herenegun, telefonoz, lidergoari uko egiteko eta ezohiko kongresura deitzeko eskatu zion Casadori. Xuntako presidenteak, berriz, ez du argitu Casado ordezkatzeko prest egongo ote zatekeen.

Alderdiaren kongresua, berez, uztailean egitekoa dute —lau urtez behin egiten dute— eta ordura arte karguan jarraitzea zen Casadoren hasierako asmoa. Hainbat hedabidek alderdiaren iturriak aipatuz argitaratu dutenez, zuzendaritza batzordeko hainbat kide ere bat datoz Garcia Feijook proposatutakoarekin. Hori ikusita, zuzendaritzatik kanpo babes bila hasi da liderra. Izan ere, presidenteak ezohiko kongresura ez deituta ere, zuzendaritza nazionala hori behartzeko moduan da, hura osatzen duten 550 bat kideen bi herenek hala eskatzen badute; horretarako aukera dute, horrenbestez, Casadoren kritikoek. Alderdiaren estatutuek diotenez, badago kongresu batera deitu eta hori hilabete bateko epean egiteko modua.

PPren barruan mugimendu asko gertatzen ari dira, eta, esaterako, lurraldeetako ordezkari zein militante batzuek manifestu bat sinatu dute eta sarean jarri, eskatuz batzorde kudeatzaile batek har dezala alderdiaren gidaritza kongresu bat egin bitartean. Herenegun, gainera, 3.000 bat pertsona alderdiaren egoitzaren kanpoan bildu ziren, Madrilen; babesa agertu zioten Ayusori, eta dimititzeko eskatu Casadori. Presidenteak baditu, beraz, presionatuta sentitzeko motiboak.

Piztutako krisia apaltzen ahalegindu zen ostiralean. Ayusorekin batzartu zen, eta adierazi zion egun bat lehenago haren kontra irekitako espedientea itxiko zuela alderdiak, ontzat jo zituelako Ayusoren anaiak kontratu publikoen truke kobratutako komisioen inguruan Madrilgo Erkidegoko presidenteak emandako azalpenak. Baina PPren buruak eta Madrilgo presidenteak ez zituzten bakeak egin, eta bigarrenak nabarmendu zuen, ordea, bilera «alferrikakoa» izan zela. Eta atzo ere gogor mintzatu zen: «Eraso politiko anker bat izan da. Saiatu dira ni ustelkeriarekin eta praktika desegokiekin lotzen».

«Interes gerra» ukatuz

Ayusok ekitaldi instituzional batean nabarmendu zuenez, alderdia «odolusten» ari da, ezin zaio eutsi sortu den egoerari, eta, horregatik, «erabateko biratze bat» eskatu du. Nolanahi ere, ukatu egin zuen «interes gerra bat» duela Casadorekin hura alderdiaren lidergoan ordezkatzeko; areago, azpimarratu zuen Madrilen dagoela bere tokia.

Madrilgo Erkidegoko presidenteak gaineratu zuen bere anaiarekin lotutako kontratu publikoei buruzko dokumentazio guztia Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltzaren esku uztekoa zela atzo. Ayusoren arabera, kontratuetan ez zen «legez kanpoko ezer egon». Horrekin lotuta, Unidas Podemosek iragarri zuen fiskaltzara eramango dituela Madrilgo Erkidegoa eta Ayusoren anaiarekin zerikusia duten enpresak lotzen dituzten dokumentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.