Aung San Suu Kyiri 33 urteko espetxealdia ezarri diote

Myanmarko Junta Militarrak hemeretzi delitu leporatu dizkio azken urtean. Beste zazpi urteko zigorra eman diote azken epaian

Aung Saan Suu Kyiren aldeko protesta, Bangkoken, uztailean. DIEGO AZUBEL / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Beste zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten atzo Aung San Suu Kyiri, Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel saridunari (1991). Bost ustelkeria kasu egotzi zizkioten; zehazki, lur eremuak legez kanpo alokatzea eta estatuaren funtsekin helikopteroak erostea. Denera, 33 urteko espetxealdiari egin behar dio aurre 77 urteko ekintzaileak. Hiriburuko kartzela batean dago Aung San Suu Kyi, 2021eko otsailaren 1ean Myanmarko militarrek estatu kolpea eman zutenetik. Harekin batera, garai hartan Myanmarko presidentea zena eraman zuten atxilo, Win Myinti (2018-2021), eta hari ere zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten atzo, delitu berak egotzita.

Hain justu, atzokoa izan zen juntak Aung San Suu Kyiren aurka ebatzitako azken prozesua. 2021eko abenduan hasi ziren haren kontrako epaiak. Azken urtean hemeretzi delitugatik zigortu dute. Horietatik hamabi, ustezko ustelkeria kasuak dira. Leporatu dizkioten beste zazpi delituetako batzuk dira «COVID-19aren pandemiaren aurkako legeen kontra» jokatzea, walkie-talkieak «legez kanpo» inportatzea, Sekretu Ofizialen Legea «haustea» eta 2015eko eta 2021eko hauteskundeetan «iruzurra» egitea.

Beste behin, nazioartean haserrea eragin du Aung San Suu Kyiren zigorrak. HRW Human Rights Watchek eta AI Amnesty Internationalek junta militarraren erabakia gaitzetsi zuten atzo. Haien arabera, «hutsetik asmatu» dituzte Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetuaren aurkako akusazioak.

Borrokaren sinbolo

Myanmarko diktadura militarraren aurkako sinboloa da Aung San Suu Kyi. Hain justu, horren aurka borrokatzeagatik jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n. NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko kide zen, eta 1990eko hauteskundeetan botoen %59 lortu zituen. Baina armadak bozak baliogabetu zituen, eta etxeko espetxealdia ezarri zioten, 1989 eta 2011 artean. Espetxealditik irten eta lau urtera, 2015eko bozen ostean, Myanmarko Estatu kontseilari izendatu zuten. 2021eko azaroan egin zituzten hauteskundeetan ere, NLDk alde handiz irabazi zuen. Militarrek, ordea, boz horiek baliogabetu zituzten, NLDri «iruzurra» egitea leporatuta.

AAPP Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen arabera, militarrek estatu kolpea eman zutenetik, gutxienez 2.682 lagun hil eta 16.600 atxilotu dituzte protestetan. Horietatik 13.100 preso daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.